Donostiako Genozidio Frankistaren Biktimen Elkarteko kideak

Erorien Monumentuak ez du etorkizunik

Xabier Elizalde, Aingeru Ezkerra, Pilar Pingarron eta Juan Maria Sansinenea
2024ko maiatzaren 10a
05:00
Entzun

Une honetan Iruñean Memoria Historiko eta Demokratikoarekin lotura zuzena duen gai bat mahai gainean planteatua dago: frankistek bere Estatu kolpea goratzeko eraiki zuten Erorien Monumentua. Behin barruan lurperaturik zeuden kolpisten gorpuzkiak desobiratuta, automatikoki eraikin handi horrekin zer egin galdera planteatu zen. Galdera hori UPNren azken udal gobernuaren denboran modu batean edo bestean alboratu zen –eskuin frankistarengandik espero genuen zerbait–, eta, EH Bildurekin berriro udaletxean, erabaki behar zen gaia berriz agertu da. Une honetan bi hipotesi nagusi daude mahai gainean: eraispenarena edo esanahi berrematearena, hau da, lehen ez zuen esanahia, orain ematea.

Erorien Monumentuaren kasuarekin alderatzeko, munduko beste tokietan antzeko esperientziak bilatzen baditugu –eta asko daude–, berehala etortzen zaizkigu gogora, adibidez, nazien Sarraskien Eremuak (Vernichtungslager) edo Argentinan eta Txilen diktadura garaian izan ziren chupaderos edo torturako tokiak. Horien artean, Buenos Airesko Armadaren Mekanika Eskola (ESMA) edo Txilen Santiagoko Villa Grimaldi dira, ziur aski, ezagunenak. Torturak eta krimenak, modu masiboan, kasu batzuetan ia modu industrialean, ikusi zituzten toki horiek eta sortu ziren garaia igaro zenean, beraiekin zer egin planteatu zen. Erabakia mantentzekoa eta ez eraispenekoa izan zenean beti kontzientzia kritikoarekin egin zen. Kontzientzia kritiko horrek zera nahi zuen esan: hemendik aurrera toki horiek balio behar zuten salatzeko hor aritu zirenen ideologia, balioak, metodoak eta bere indarkeria justifikatzeko erabili zituzten arrazoiak.

Iruñeko kasuan horrek nahiko luke esan, monumentuaren mantentzea justifikatzeko, esanahi berriak Nafarroan frankismoaren, kolpismoaren alde jokatu zuten indarren (reketeak, falangismoa, militarismoa…) ideologia, metodoak, kolpea prestatzeko eta armak lortzeko erabili zituzten prozedurak (Italiako faxisten laguntza, adibidez) azaldu eta salatu beharko lituzkeela. Eta ez hori bakarrik, beste gauzen artean, bere krimenak egiteko erabili zituzten lokalak eta inprobisatu zituzten kartzelak ere azaldu beharko lituzketela. Zer esanik ez, bereziki agertu beharko lirateke izenak, kriminalen izenak eta gaur egun, egindako ikerketa historikoekin alor hori nahiko ezaguna da.

Kriminalen izenaren gaia da, ziur aski, sentikorrena. Kriminal horiek ondorengoak izan zituzten, eta hauetako asko, ziur aski, Nafarroako gaur egungo eskuin frankistan aritzen dira, eta une honetan bere lan nagusia beraien arbasoen krimenen negazionismoa edo/eta zuritzearena da.

Eraikin horretan Nafarroako hiltzaileak erabili zituzten kamioiak, fusilatzeak zuzentzeko izan ziren apaizak, pistolak gerrikoan, agertu beharko lirateke, gorpuak lurperatzeko egin zituzten hobi komunak, bortxatu zituzten emakumeak eta abar ere agertu beharko lirateke. Erailak ez ziren baina erregimen berriaren tratu umiliagarria, diskriminatzailea sufritu sufritu zituztenen testigantzak ere jasoak izan behar zuten. Kolpea justifikatu zuen Eliza katolikoaren nafar hierarkia agertu beharko litzateke, noski. Idazkiak eta homiliak idatzi zituzten gotzainak, Nafarroan izan zen masakre odoltsu hori ahalbidetu zuen justifikazio ideologikoa.

Eta orain, aurrekoa esanda, galdera zehatz bat egin behar dugu: prest geundeke hori egitera? Eraikinaren etorkizunaren inguruan erabaki behar dutenak prest al daude lerro hauetan azaldu ditugun panoramarekin koherente den kontakizunarekin bat etortzeko?

Aurreko galderak baietza jasoko balu ere, ez genuke ahaztu behar esanahi berremate horrek izango lukeen arriskua: etorkizunean kolpisten justifikatzaileak Nafarroako instituzioetara itzuliko balira esku libreak izango lituzkete monumentu horri beraien ideologiarekin «egokiagoa» litzatekeen beste esanahi berri bat emateko. Beti izango lirateke horretarako arrazoiak: berradiskidetzeko «beharra», aurrera eta ez atzera begiratzeko «beharra»... Zentzu honetan eskuin eta ultraeskuin frankistak, hau da PP/Voxek, gobernatzen duten Estatuko  lurraldeetan (Aragoi, Murtzia, Valentzia, Andaluzia...) aurreko Memoria Historikoaren legeekin egiten ari dena ikusi besterik ez dago. Beraiek proposatzen duten legeetan frankismoaren krimenak lausotuak daude, indarkeria «bi aldeetan» eman zen, Yagüek 4.000 pertsona erail bazituen Badajozen, Carrillok beste mila batzuk erail zituen Paracuellosen, Gerra Zibila «anai arteko», «bi aldeetako espainolen arteko» enfrentamendua izan zen eta hori «lehenbailehen» ahaztu behar da.

Bide batez azpimarratu behar dugu hori dela, hain juxtu, ETAren indarkeriaren inguruan eskuin/ultraeskuin horrek onartzen ez duen kontakizuna. Kasu honetan denak zuri ala beltza izan behar du, hemen grisak ez dira onartzen. «Biolentoak» eta «bakezaleak» non zeuden eta nortzuk ziren hasieratik ezaguna da. Hori da Espainiako eskuin/ultraeskuin frankistak proposatzen duen kontakizuna eta Nafarroako kasuan parametro hauetatik ez da asko desbideratzen.

Aurreko arrazoiengatik Iruñeko Erorien Monumentuaren eraispenak dirudi aukera bakarra Nafarroako, Euskal Herri osoko, eta ziur aski Estatu osoko, frankismoaren sinbologiaren zantzu garrantzitsu bat behin betirako bukatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.