Faxismoaren gorakada ez da iraganeko mamua soilik, gaur egun ere ageri da: sareetan, kalean, medioetan nahiz instituzioetan. Krisi garaietan, sistema zaharrak bere burua berrasmatzen du, eta gaur egungo oldarraldi faxistak horixe erakusten du: sistema bera indarrez inplantatu nahi du, bere adierazpiderik bortitzena bilakatuz.
Faxismoak aurpegi ugari ditu, eta modu berezituan eragiten digu neska, trans eta bolleroi: misoginia, borroka feminista arazo sozialen kausa gisa identifikatzeko joera, eta gure borroka kriminalizatzen duten adierazpenak tarteko. Paradoxikoki, aldi berean, biolentzia hori eragiten ari diren berberak emakumeen ongizatearen babesle gisa azaltzen ere ikusi ditugu, defendatzaile paper horrek ehiza arrazistak eta transfobia justifikatzeko balio izan dienetan.
Testuinguru honetan hazten ari den olatu erreakzionarioa ez da soilik eskuinetik datorren zerbait. Ezkerreko gizon zuriengan ere errotuta egon dira beti diskurtso arrazista, transfobo eta antifeministak, baina, gaur egun, faxistek gasolina emanda, indar berriz ari dira agertzen. Dena den, ezkerreko erreakzioaren jatorrian ez dago soilik faxismoaren gorakada: gizonak, beren pribilegioak kolokan ikustearen ondorioz, ematen ari diren erantzuna ere bada.
Izan ere, gure garaipenen aurrean ari dira erreakzionatzen. Eragin ditugun erresistentziek jopuntuan jarri gaituzte gu, militante feministak, eta feminismoa bera. Gure boteretzeak haien pribilegioen galera esan nahi du, eta horregatik dator haien haserrea. Baina hori garaipenaren seinale da: gure borroka eraginkorra dela frogatzen du. Azken hilabeteotako garaipenaren adibide dugu Zaldibarren antolatu dugun Baterajotzea. Zer da asteburu batez 800 gazte feminista hartzeko gai den lubakia, antolakuntza eta borroka feministaren garaipena ez bada?
Bertan komunitatea elkartu eta indartzeko aukera izan dugu. Feminismoaren lubakia defendatu dugu eta gu geu ere bertan babestu gara seinalamendu hotz, lege errepresibo, despolitizazio saiakera eta inkisizio berrituen aurrean. Krisiak eta biolentziak nagusi diren garaiotan, babesleku bat eraiki dugu. Asteburu bat, non bizitza bizigarriagoa den, non arautik kanpoko oasi feminista bat posible den.
Ordea, guk ez dugu soilik arautik kanpo hobeto bizi nahi, baizik eta araua bera amaiarazi nahi dugu. Guk sistema osoak eraldatu nahi ditugu. Horregatik, lubakia defendatzeaz gain, lubakiaz haratagokoa nola eraldatu nahi dugun pentsatzeko tartea hartu dugu. Lubakia lantzea ez baita azken helburua, datozen borroketarako lur izango dugunaren oinarriak sendotzea baizik. Helburua baino gehiago, abiapuntu da lubakia. Ikusi ditugu bidexkak lubaki honetatik eta, orain, bagoaz haiei heltzera.
Bide hauetatik, azaroaren 25ean dugu lehenengo parada. Eskuin muturraren eta erreakzionarismoaren hauspotzeari kaleak hartuz erantzungo diogu, beste urte batez. Gure bizitza eta gorputzetan sentitzen dugun biolentziari kolektibotasunetik eta irmo erantzungo diogu. Gazte feministok Zaldibarren hartu genituen indarrek antolakuntzan lur hartuko dute: autodefentsa feminista aldarri, eta aliantza politikoak tresna, lubaki feministatik erantzungo dugu.