Berriki zendutako lagunak, Larraineko auzapeza zen Jando Iriartek, ezin izan omen zuen Ürrats Kolektiboak pastoralaz gozatu. Otsandak, haren alabak, 1584an Ozazeko Maria Jaurgain neska gaztearen tragedia jo zuen Atharratseko pastoralean 1997an, ene ustez, emakumea izanda, Zuberoako antzerki tradizional horretan lehen aldiz protagonista taularatuz.
Dakigunez, pastorala Zuberoako herri bateko biztanleek udan pertsonaia on eta gaiztoen arteko istorio edo gai erlijioso baten inguruan egiten duten antzezpena da. XX. mendean, pastoralen praktika etenaldi batzuen ondoren berpiztu zen, eta, horrekin batera, gai tradizional erlijiosoetatik gai historiko eta politikoetara ere zabaldu ziren.
XX. mendearen hastapenetan (1900-1914), pastoralak oraindik gehienbat erlijiosoak izan baziren ere (santuak, erresuma kristauak…) Lehen Mundu Gerrak (1914-1918) ekarritako etenaldi luzearen ondoren (gizonezkoek bakarrik parte hartzen zutelako eta haietariko asko eta asko frontean hil ziren) 1920ko hamarkadan berriro antolatzen hasi ziren (Maulen, Liginagan, Altzürükün…). Aldiz, 1930tik aurrera gai historiko gehiago sartuz (Nafarroako historia, frantziar-iraultza…) Bigarren Mundu Gerrak (1939-1945) pastoralen antolaketa murriztu arren, ez zituen guztiz eten. Halere, 1950eko hamarkadatik aurrera, berriz, nolabaiteko berpizkunde garaia etorri zen eta, azkenean, 1960tik aitzin argudio politikoak, euskal nortasunaren eta historia garaikidearen ingurukoei ekin zieten, bai eta 1980ko hamarkadan Hego Euskal Herriko pertsonaia historikoak ere jorratzen hasi zituzten.
Azkenean, 1990eko hamarkadan, emakume idazle eta antolatzaile gehiagori, gidoi berritzaileagoei eta euskara batuaren presentzia handiagoari antzeman zitzaien. Garai hartan jokatu zuen Jandoren alabak Atharratze jauregiko neska gaztearen protagonistakidearena.
Aurten, Ürrats Kolektiboak izeneko pastoralaren, ustez, azken emanaldia izan dena abuztuaren 10ean gauzatu zen, eta ohi ez bezala arratsaldean egin beharrean goizean egin zuten, beroa zela medio. Hartan, behin baino gehiago adierazia dago jada, Enbata mugimenduak Itsasun antolatu zuen lehen Aberri Egunetik hasita, Mixel Labegerieren Gu gira Euskadiko abestiaz eta guzti, Christiane Etxaluzen kartzelaldia, Iparraldeko lehen ikastolen sorkuntza, Peio Ospital eta Pantxoa Karrere kantarien atxiloketa Lesakan, AEKren hastapenak baita ELB (Euskal Herriko Laborarien Batasuna) sindikatuaren sorreratik, GALek burututako erasoak nahiz ETA erakundearen desarmeraino oholtzara eramanak izan dira.
Pastorala molde berria izan dela ere esana dago, ez bakarrik bere azken antzezpena goizean egiteagatik, baizik eta bere autoretza, zuzendaritza eta musika ere modu kolektiboan egin direlako.
Askotan «kontakizunaren borroka» aipatzen da, baina uste dut diskurtso politikoan erabili ohi dena baino modu zorrotzagoan heldu behar diogula gaiari. Postmodernitateak erlatibismoa ekarri zigun, eta hortik sortu ziren egia-ostea eta populismoak fake news-ak mediatikoki erabiltzea.
Horren aurka, bizi garen mundua dokumentatzeko beharrak esanahi partekatuen araberako komunitateen existentzia jarri du mahai gainean, eta, horri esker, uler daiteke mundu honetan beste mundu asko biltzen direla, eta horiek interpretazio amankomun ezberdinetatik eskuratzen ditugula. Ea hau behar bezala argitzen dudan... zeren eta, hots, egun egitura sozialaren oinarria ez da ekintza, haren erregistroa baizik, hau da, errealitatearen dokumentazioa, dokumentatzea baita gizarte-gertakarien funtsezko baldintza. Hori da Trumpek AEBko museoen berrantolaketarekin izan duen jokabide autoritarioaz erakutsi digun irakaspena.
Horrela, adibidez, Donald Trumpek bere lehen presidentetzan izan zituen bi kargugabetze prozesuak ez daude jada dokumentaturik. Amerikako Historiaren Museo Nazionalaren erakusketan ziurtatzen denez, «hiru presidentek bakarrik egin diote aurre kargugabetze-prozesu erreal bati»: Bill Clinton, Andrew Johnson eta Richard Nixon. Duela hilabete batetik hona, horri buruzko Trumpen aipamenak desagertu egin dira Etxe Zuriak museoen irizpideetan esku hartzeko presioak egin ostean. Beraz, Dokumentazioak gizartea sortzen duela eta horren faltak errealitatea ere moldatu egiten digula esan dezakegu.
Izan ere, benetan soziala dena aztarnak, dokumentuak, inskripzioak eta literatura izaten da. Gertaera soziala erregistratuta dagoen bitartean berez existitzen den dokumentuetan oinarritutako ontologia sozialaz hitz egin dezakegu. Hori guztia formula honetan laburbiltzen da:«Konta ezazu zeurea eta jarri testuinguruan idazketaren baita haren azalpen publikoaren bidez ere». Azpimarratzekoa da dokumentuak (paperean edo antzezpenean) botere eratzailea duela: ez du soilik ordezkatzen edo irudikatzen baizik eta errealitate soziala sortzen duela, berez. Gaurkokeria eta ahanztura gainditzeko modu bakarra gaur egungo iragankor batean bizitzeko joera garaikidearen aurka egitea da, non erregistroak baztertzen baitiren. Aitzitik, dokumentatzea eta zentzua bilatzea, gizartearen jarraitutasuna eta identitatea eraikitzeko moduak behar ditugu, Ürrats Kolektiboak antzezpenean egiten diren bezalakoak.
Dena den, ederki dakigunez, dokumentaltasuna ez da neutroa. Askatzailea izan daiteke (eskubideak aitortzea, memoria gordetzea), baina baita zapaltzailea ere (zaintza eta manipulaziorako bidea). Pastoralak, beraz, batez ere informatikak eragindako datu handien sasoi honetan, sare sozialen eta algoritmoen garaietan dokumentatze balioaren eta erabilerari buruzko kontzientzia kritikoaren alde egiten du.
Dokumentatzea ez da bigarren mailako ekintza bat, kulturaren eta identitatearen oinarria baizik. Taldean existitzeko aztarnak utzi behar dituzten izakiak gara. Pastoral honek domeinu egoerek sortzen dituzten erregistro, haien balizko isilune eta bertsio ezberdinekin daukagun harremana birpentsatzera gonbidatzen gaitu. Nire aburuz, esaterako, pastoral hauxe, oraindik ere, Hego Euskal Herrian ezin izango genuke burutu.
Euskarazko literaturak, eta kasu honetan Ürrats Kolektiboak izeneko herri antzezpen honek, euskaraz sentimendu partekatuak adierazteko aukera eman digu, bizi garen mundu erreal horietako bat den munduaren gure bertsioa ulertarazteko eta erregistratzeko aukera eskainiz. Mila eskez aunitz.