Ezbeharrak ez dira sekula bakarrik etortzen. Eta euskarari dagokionez, zama bat nahi ez duen mandoari, bi zama. Orkoiengo eraso euskarafoboak oraindik memorian fresko ditugula, jakin izan dugu Errenterian bertako udalaren euskara eskakizunen kontra epaitegietan aritzeko talde antolatu bat dagoela, non eta Langile Komisioak/Comisiones Obreras sindikatuaren inguruko jendartean.
Entzundako erantzunak, labur esanda, talde honen jokabide antidemokratikoaz, euskararentzako zoru juridikoaren beharraz, edo aspaldi honetan bolo-bolo dabilen euskararen erakargarritasun mitikoaren inguruan ibili dira. Bortxatzaile bat erakarri behar al da? Palestinarrak Netanyahu jauna erakartzen saiatu behar al dira? Ez, ez dugu kasu hauetan hori esaten. Arazo larria dugu, oinarrizko eskubideen urraketaren aurrean hain erantzun ezberdinak ematen ditugunean.
Nekez lor daiteke zoru juridiko bat, sistemaren helburua balizko zoru hori galaraztea denean. Bai, arazoaren muina ez da sindikatu edo epaile euskarafoboak direla, baizik eta sistema bera dela euskarafoboa. Lehenago, euskara gordinki debekatzen zen. Orain, eremu batzuetan, estatus teoriko bat aitortzen zaio euskarari, baina gero de facto euskararen neurri bakoitza oztopatzen da, inposaketa delakoan. Eta hau ahalbidetzeko ederki antolatuta dago sistema osoa, bistan denez. Jose Maria Aznarrek esan zuen bezala: «El que pueda hacer, que haga». Eta txintxo dabiltza batzuk horretan, eskuin nahiz ezker.
Entzundako erantzunak talde honen jokabide antidemokratikoaz, euskararentzako zoru juridikoaren beharraz, edo aspaldi honetan bolo-bolo dabilen euskararen erakargarritasun mitikoaren inguruan ibili dira. Bortxatzaile bat erakarri behar al da? Palestinarrak Netanyahu jauna erakartzen saiatu behar al dira?
Bestalde, badago Euskal Herrian, euskalduna ez izan arren euskararekiko jarrera adeitsua edo ikasteko grina adierazten duen hainbat lagun. Egon bitez, noski, hauentzat babes eta tresna guztiak. Baina ez gaitezen inozoak izan. Bada gurean jende nahiz egitura ugari —askotan gehiengoa— ez dena sekula bere borondatez euskarara hurbilduko, Ipar Irlandan edo Kaledonian bezala kolonoaren izaerari irmoki eusten diotenak. Ez, ez ditugu inoiz erakarriko, ez baldin badute indar sozial bat sumatzen, eta frogaren zama guztia euskaldunon bizkarrean uzten baldin bada. Argia aldizkariak argi eta garbi erakutsi du errealitate hori egunotan argitaratu duen kazetaritza lanean. XXI. mendean ere, euskaldunon hizkuntza eskubide oinarrizkoenen aurka gogor diharduten eragile boteretsuak dauzkagu aurrez aurre, ez Frantziakoak eta Espainiakoak bakarrik, baita gure artean bizi arren haien politika asimilatzaile eta uniformizatzaileak hedatzen laguntzen duten eragileak ere. Eragile horietako bat Korrikatik kanpo geratu da. Erabaki duina eta egokia iruditzen zaigu.
Egoera hau guztia iraultzeko lehen urratsa, ziurrenik, errealitateaz eta murgilduta gauden jokoaren arauez jabetzea da. Bestela, bere kaiolako errotan itxitako sagua bezala, etengabean indarrak xahutzera kondenatuta gaude, abiapuntutik irten gabe. Dagokion tokia eskuratzeko, prestigioa eta eskakizuna dira euskarak behar duena, eta ez gozotasuna.