Esperantzara kondenatuak ote gauden galdetzen diogu elkarri, gure egunerokoa ahalik eta modu xume eta bizigarrienean eraiki nahi dugun herritarrok. Baietz uste dut, esperantzara kondenatuta gaude, klase ertainaren aspirazioak beste helmuga batzuk desiragarri egin badizkigu ere, errealitateak desjabetuak izaten jarraitzen dugula erakusten baitigu behin eta berriro, behin eta berriro. Osasun, gerra, klima, identitate krisi anitzek zaurgarriak garela gogoratzen diguten garai ilunetan, beldurra eta ondoren datorren jarrera erreakzionarioa izaten dira erantzun logikoak, haserrea onartu eta esperantza lantzea dira ordea landu beharrekoak. Esperantza da egunerokoa landu eta hobetzeko tresna eraginkorrena.
Baina errealitatea beldurgarria da; Iranen bonbak zerutik erortzen dira, Israelek Gazako doktrina militar genozida aplikatu du Libanon, gasolioa gora doa eta ez gara gai energia trantsizio justu baterako konpromisoak josteko, burujabetzara bidean egon beharrean askotariko dependentzia materialak nabarmenak dira, zapalduenak diren kolektiboak jazarpena dute bizitzen erdigunean, digitalizazio kakaztuak besteen pantaila eta tresnetara lotzen gaitu, feminismoaren aurrerapausoak gehiegizkoak direla entzutea jasan behar dugu, euskaraz bizitzea pribilegiatuen kontua omen da, zoratu den mundu bat erakusten digute aldiro, eta beldurra ematen du. Ez da kasualitatea jarrera erreakzionarioen eta ultraeskuinaren gorakada.
Nik Monkey D. Luffy izan nahi dut. Ez badakizu, euskarazko Wikipedian ere aurkituko duzu, baina laburrean, One Piece mangako eta animeko pertsonaia nagusia da, beldurraren aurrean beti optimista, pirata guztiak bezala desjabetua, eta ondorioz Herio andereari beldurrik ez diona, eta bizitza bizigarri bat izateko esperantza amaigabea duena, beti lagunekin, desiratutako komunitatearekin. Luffy izan nahi dut, baina ez naiz fikzioko pertsonaia bat, eta niri ere beldurra ematen dit egunero ikusi eta irakurtzen dudanak, eta esperantza erabiltzen dut hor kateatuta ez gelditzeko tresna gisa.
Baina haserrea eta esperantza lantzea ez da ariketa indibiduala eta ideien mundukoa, kolektiboa eta materiala baizik, praktikatik eraikitzen dena, gure auzo eta herrietako egunerokoan gorpuzten dena. Eta bide material hori, harreman komunitarioetatik sortzen da, herrigintzatik, mugimendu sozialetatik eta Ekonomia Sozial Eraldatzailetik egunero egiten dugun ahaleginetik. Duela gutxi bidea egin duen Korrika adibide ederra da esperantzaren lanketarako, euskaraz bizitzeko eskubidearen kontrako oldarraldi betean frogatzen baitu beste mundu batzuk posible direla, eta kolektiboki pentsatu eta egin ditzakegula. Korrikak erakusten du antolatutako komunitatea infinitua dela, agorrezina. Inprobablea dena antolaketa komunitario eta kooperatiboaren bitartez posible egina. Eta nik ez dut ezagutzen modu horretan Euskal Herria baino lurralde antolatuagorik.
Konturatu gara auzo, herri eta lurralde ezberdinetan lan eta bizitzea dela beldurrari aurre egin, haserrea antolatu eta esperantza lantzeko modu efektiboenetako bat
Esperantza erradikala antolatu behar dugu, mundu anglo-saxoian hopepunk deitu dena, eta solarpunk mugimenduaren alboan hazten ari dena. Ildo honek itxaropena proposatzen du narrazio motor gisa eta esaten du ontasuna ez dela ahultasun adierazpide bat, jarrera politiko eta mundu kakaztu honetan matxinada ekintza bat baizik, beraz, onak izan behar dugu, garrantzitsua da. Bide horretan egunerokoan dugun onetik begiratzea proposatzen dut, garrantzia ematea, eta proiektuak martxan jartzea.
Egunerokoan Talaios kooperatibatik, Ekintzakoopetik eta Olatukoopetik lantzen ditugu proiektuak, kooperatibismo eraldatzailetik. Konturatu gara auzo, herri eta lurralde ezberdinetan lan eta bizitzea dela beldurrari aurre egin, haserrea antolatu eta esperantza lantzeko modu efektiboenetako bat. Horretarako lan duin eta desiragarriak sortu, Ekonomia Sozial Eraldatzailea tokiko garapen estrategietan txertatu eta kooperatibetan oinarritutako proiektuak abian jartzen gabiltza.
Herri Kooperatiba deitzen diegu eta forma asko hartuko dituzte, tokian tokiko behar eta desioen arabera. Deierri, Aginaga eta Bakaikuko ostatu, denda eta kulturgune kooperatiboak adibide onak dira, baita Goierriko Biziola, Azpeitiko ekosistema kooperatiboa eta Orexa eta Artean herritik sortu diren kooperatibak. Errenterian teknologia libreak eta kooperatibismoa herritarrekin batera josteko Torrekua martxan dugu, baita Euskal Herria mugaz gaindi josiko duen moneta proiektua, eta hauetarako guztietarako beharrezkoa den Koop57 bezalako finantza tresna kooperatiboa ere. Egunerokoan behar ditugun energia, etxebizitza, telekomunikazio, elikadura, teknologia, zaintza, lana eta jabetza proiektuak badira gure lurraldeetan, edo badatoz komunitate antolatuen eskutik. Bosgarren olatu kooperatiboaren indarra nabarmena da, batzuetan gutxiesten bada ere, edo eredu hegemonikoek desikusten badute ere. Esperantzarako proiektuen pizkundea martxan da.
Esperantza gorpuzteko ekintzarako dei bat da hau. Dauzkagun tresnekin proiektugintza piztuko dugu, Euskal Herria atopikoak eta independentziarako dekalogoak pentsatuz, denerako kooperatibak sortuz, eta eguneroko komunitario hobeagoen desiotik etorkizunarekiko esperantza ereinda utziz. Lan desiragarriak, bizitza bizigarriak eta oparotasuna denontzat izatea da asmoa, jakinik oparotasuna ez dela beti gehiago, baizik eta hobeto, banatuago, irisgarriago eta gozagarriago.