Irakaslea

Eta gehieneko soldata, noizko?

2026ko apirilaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Enegarren krisiaren atarian, gutxieneko soldata 1.500 eurora igotzeko aldarriak plaza hartu du Euskal Herriko gehiengo sindikalaren eskutik. Duela mende pasatxo Rosa Luxemburgek planteatu zuen «sozialismoa ala barbariea» bidegurutzean mundua bigarren aukeran berriro sakon murgiltzen ari den honetan, argi-izpi xume bat da gure herrian aberastasunaren banaketa puri-purian egotea, gaia ilunpean utzi nahi duenik falta ez dugun arren. Bitxia da, ordea, ideal horretara gerturatzeko diru-sarien gaia jorratzen dugunean, esku-hartzea ia beti ekuazioaren aldagai bakar batean planteatzea, hots, ogi-papurrak banatzen diren aldean; aurkako muturreko egoera, hau da, diru-saririk handienak dituztenen pribilegioa, eztabaidaezina dela ematen du batzuetan, AEBetan ez ezik, hemen ere bai.

Martxoaren 17ko greba orokorraren bezperatan, Iberdrolako buru Ignacio Sanchez Galanek 2025ean irabazitakoa eman zen argitara metro koadroko litroak aipatu ohi diren modu aseptikoan: 15 milioi euro, aurreko urtean baino %12 gehiago, 2,25 milioiko soldata finkoa eta 3,2 milioiko ordainsari aldagarria barne. Prentsaren arabera, EAJren Euskadi Buru Batzarreko presidente ohi, Repsoleko buru eta Etxe Zuriko egungo jaun txit gorenaren gonbidatu berezi Josu Jon Imazek 4,75 milioiko irabaziak izan zituen epe berean, 2024an baino %16,7 gehiago, 1,45 milioiko soldata finkoa eta 1,44 milioko ordainsari aldagarria barne. Datu horiek entzunda, ondoko galdera ezinbestean etorriko zaio barne-umearen zantzuren bat bizirik gorde duen edonori: nola da posible inoren lana 1.500 euro irabazten duen pertsona batena baino milaka aldiz baliagarriagoa izatea? Galdera zaila, hori; suposa dezagun halako multinazionaletan poltsikoak neurri bertsuan betetzen dituzten akziodun handiek jakingo dutela, edo 2008ko krisialdiaren arduradun nagusiek, akaso.

Aberatsen pribilegioak ukitu egiten dira, maiz ukitzen direnez, haiek murrizteko baino, areago handitzeko, ordea. Nola liteke, bestela, gure planetan esku gutxi batzuek urtez urte gero eta aberastasun handiagoa pilatzea?

Beren burua ezkerrekotzat definitzen duten alderdi nagusien hauteskunde programetan gehieneko soldata ez da ageri, eta azken aspaldian frankotiratzaileren batek kontzeptua plazaratu izan duenean, ez du oihartzunik izan. Ildo beretik, gehieneko dibidendu esamoldea asmatu ere ez dela egin ematen du hemen, eta aberatsen gaineko zerga-presioa handitzea ez da tabu, baina Sisiforen egitekoaren parekoa dirudi.

Aberatsak ukiezinak direla esango digu batek baino gehiagok. Klixe hori ez da guztiz zuzena, baina: aberatsen pribilegioak ukitu egiten dira, maiz ukitzen direnez, haiek murrizteko baino, areago handitzeko, ordea. Nola liteke, bestela, gure planetan esku gutxi batzuek urtez urte gero eta aberastasun handiagoa pilatzea?

Baliabide naturalen eskasia datorkigula errepikatu izan digute hamarkadaz hamarkada Lurraren kontabilitatea egiten duten adituek. Inor ez dadila harritu, hortaz, mundua maskararik gabeko arpilaketa sasoi bete-betean sartu izanaz. Ohi bezala, oraingo harrapaketan ere eskuina zenbat eta indartsuagoa izan, aberatsek orduan eta modu lotsagabeagoan pilatuko dituzte ondasunak, eta, ideologien amaiera interesatua tarteko, kontzeptu jakin batzuk lohitzen eta herriaren hiztegitik desager daitezen tematuko dira, esaterako, Rosa Luxemburgen irakaspenak demokrazia sozialistaren, inperialismoaren eta gerraren inguruan. Temakeria horren adibide ematen du abenduan Iñigo Urkulluk grebak «herri baten oparotasunerako perbertsio» gisa kalifikatu eta komunismo oro diktatorialtzat jo izana. Zaila da ulertzea lehendakari ohiak, herriarekin eta demokraziarekin arduratuta egonik, haren alderdikide Imazen ongile estatubatuarraren perbertsio faxisten aurrean, ordea, adieraztekorik gutxi izatea.

Aberaskeriaren izenean, zibilizazio-kolapso eta desazkunde hitzak ere moketaren azpian desagerrarazten saiatzen dira jendarte berdinzaleago baten alde mundua arpilatzeko beti prest dauden humanista petoak eta beren bozeramaileak, baina martxa horretan jarraituz gero, itxura osoa dauka moketako bi konkortxo horiekin berdin-berdin egingo dugula estropezu —baita guztiok egingo ere, nahiz eta, jakina, minaren banaketa ere ez den ekitatiboki gauzatuko—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA