Lagun batek ETB ikusteari utzi dio; euskalduna da, euskaraz bizi da normalean, baina Espainiako telebista du, nonbait, egun, bere informazio iturri nagusia. Hamaika aitzakia omen ditu: Patxi Alonso ez du gustuko, Athletic gehiegitan, Pradales egunero inauguraziotan... Nola edo hala, azkenean, lagun honek berriak erdaraz mintzatzen diren aurkezleen ahotik jasotzen ditu.
Lagunen arteko bazkari baten pasadizo inozoa izan daitekeena, tamalez, askoz sakonago den joera baten isla da, azkeneko urteotan euskal herritar andanak Madrilgo politika baitu hizpide. Izan ere, aski da Uztaritzeko lagun batekin hitzordu bat finkatzea noraino urrundu garen egiaztatzeko.
Rajoy presidentea zelarik, Hego Euskal Herriko herritar gehienok urruneko politikari gisa ikusten genuen. Agintaldi txarra kudeatu zuen. Espainiako eskuindar klasikoa, ustelkeria kasuez itota, Kataluniaren aurkako errepresioaren buru, egoera ekonomiko kaskarraren errudunetako bat. Ohiko presidente eskasa.
Pedro Sanchez Moncloara iritsitakoan dena aldatu zen. Sanchezen etorrera goraipatzeko, kazetariek epika moduko bat sortu zuten. Pedro, PSOEren eskuinalde neoliberalean lerratuta bazebilen ere, komunikabideek statu quo-aren aurkako heroi ezkertiar gisa aurkeztu zuten. Kataluniakoa konpontzeko prest zegoen gizon ederra, ezkerreko sektoreekin hitz egiteko gertu zegoen gentleman-a, ukabila gora Internazionala abesteko gai zen pertsonaia.
Sanchezek birrintze egoeran zegoen Estatu baten aginte-makila eskuratu zuen; 78ko erregimena kinka larrian zebilen. Hainbat ezuste handi kudeatu behar izan ditu, zorigaitzak jota balego bezala: COVIDa, uholdeak, gerrak, sumendi harrotuak... Epikarekin jarraitzeko tenorea.
Duela hamar urte baino ahulagoa da herri hau. Zaharragoa, kontserbadoreagoa, zatituagoa, beldurtiagoa, otzanagoa; eta hau guztia nazioarteko testuinguru beldurgarrian
Trebea izan da Espainiako presidentea enbata guztiei aurre egiten. Hala ere, beste arlo batean askoz iaioagoa izan da madrildarra. Sanchez 78ko erregimenaren salbatzailea izan da, politika eskuindar asko eginez, gobernu aurrerakoienaren lemazain gisa azalduz.
Moncloako gizonak Kataluniako independentismoa zatitu eta baretu du; Euskal Herriko ezker independentista Estatu espainiarraz kezkatzea lortu du, PSOEren ezkerraldean zeuden sektore guztiak txikitu ditu. Estatu espainiarra zalantzan jartzen zuten eragile politiko nagusiak Estatuaren erreskate lanetan jarri ditu.
Bitartean Ibex-35eko enpresek inoizko mozkinik handienak lortu dituzte; Sahararen okupazioa bedeinkatu dute; etxebizitzen prezioak sabai guztiak hautsi ditu; lan prekarioa nonahi; langile pobreen eremua hedatu da; euskararen minorizazioa betikotzeko bidean da; Israelekiko harremana ez dute eten, genozidio baten erruduna izan arren; Ukrainako gerran jarrera militaristekin bat egin zuten, armagintza enpresarien pagotxa berria; inoizko aurrekontu militarizatuena bideratu dute; osasun publikoa ahuldu du; pentsio pribatuak erraztu dituzte.
Ezkutu Sozialaren etiketarekin benetako politiken xedea ezkutatu dute. Erretorikaren gainetik, Sanchezen gobernua ez da ezkerreko gobernua. PSOE, UGT eta CCOO bezala, ez dira irten 78ko erregimenetik, erregimen horren ardatzak baitira.
Bistan da, okerragoa izan zitekeen, Estatu espainiarrean edozein gauza gerta baitaiteke, jendartearen erdia frankismo soziologikoan koka daiteke-eta. Berez, Vox eta PP dira erregimen horretatik irten nahi dutenak Europan indartzen ari diren eredu neoautoritarioekin bat egin dutelako. Aldiz, horrek ez du esan nahi PSOE euskal ezkerraren aliatu izan daitekeenik.
Litekeena da aurki Sanchez erortzea. Ziklikoki PPri eta PSOEri gertatu ohi zaien moduan, ustelkeriak botako du Moncloatik. Estatu espainiarra horrelakoa da, Felipe II.aren garaietatik; XIX.mendeko Restaurazioan, Frankismoan, Felipismoan, Aznarraldian, Rajoyrekin; orain, Sancehezekin. Ez dago modurik, Espainia birziklaezina da.
Eta une hori iristean, non kokatuko dugu geure burua? Ez al ditugu urrezko hamar urte galdu? Azkeneko hamarkadan aldaketak izugarri bizkortu dira, bitartean zertan ibili da ezker independentista? Geroan, non kokatu dugu gure gogoa?
Duela hamar urte baino ahulagoa da herri hau. Zaharragoa, kontserbadoreagoa, zatituagoa, beldurtiagoa, otzanagoa; eta hau guztia nazioarteko testuinguru beldurgarrian.
Egun, Euskal Herriko jendartea inoiz baino konplexuagoa da. Hil ala biziko erronka ugari ditugu eskuartean. Ez da soilik euskararen bizi-iraupena, askoz gehiago da, gure etorkizun askea ukatu dezaketen aldagai berriak baitaude.
ETB, Euskadi Irratia, Enbata, Hamaika Telebista ikusi ala ez ikusi, berreskuratu dezagun euskal begirada. Egin dezagun gure ibilbidea lehenbailehen, benetan aliatuak izan daitezkeen herri eta korronte politikoekin. Idatz dezagun hurrengo kapitulua, ezkerreko euskaraz eta euskaraz.