Etikoen azpizorua

2015eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Gaur, abenduak 10, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna da, baina, egitateei begiratuz gero, Hipokrisiaren Mundu Eguna ere dei geniezaiokeen.

Gaur 67 urte sinatu zuten Nazio Batuek Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, eta, hain egun seinalatuan, inongo zalantzarik gabe, erruz egingo dira adierazpenak, ospakizunak eta bestelako ekitaldiak, herrialde bakoitzeko erakunde eta indar politiko nagusiek sustaturik. Erakunde eta indar politiko horiek, ezin konta ahala kasutan, giza eskubideak gogora ekarri ohi dituzte egun bakar batean, eta eskubide horiek urratzeko politikak sustatu urteko gainerako 364 egunetan. Bitxia.

Auzia etxera ekarririk, gaur, hor arituko dira UPN, PSPE eta PP ezker abertzaleari gogoraraziz ez duela jokabide batere etikoa izan azken hamarkadotan eta bere iraganaren analisi kritikoa egin beharko lukeela. Alegia, damutu beharra daukagula. Zoru etiko esaten diote.

Eta halakorik galdegiten dioten mugimendu horrek, hain zuzen, egingo zuen hutsegiterik, baina ez etikarik ez zuelako, inondik ere. Besterik da haien etikarekin bat ez etortzea gurea; iraultzailea izatea gure etika; besoak gurutzaturik ez geratzea, gure herriaren kontrako erasoaldi etengabeari aurre egitea, 78ko «irents ezazu» ez onartzea, eta gure lurrera demokrazia, justizia eta bake jokaleku bat ekartzearen alde borrokatzea.

Gaur egungo testuinguruan, halabeharrez, halakorik galdegiten dioten indar horixe ahalegindu da gehien azken urteotan gauzen egoera aldatzen; horixe konprometitu da bide beren-beregi baketsuak baliatuz; indar horrexek bakarrik bete ditu bere egitekoak, onartu du eragindako mina, eta horrexek dihardu erreparazioaren alde; horrexek apustu egin du gatazka justiziaren eta bakearen bidez gainditzearen alde, hitza herriari emanez. Ba ote da hori baino kontu etikoagorik?

Nire iritzian, bada garaia erasora jotzeko alor horretan eta haiei eskatzen hastekoa zoru etiko eta politiko bat, eginkizun handia baitute oraindik: giza eskubide guztiak, pertsona guzti-guztientzat, Euskal Herri osoan. Norbanako zein kolektibo guztienak.

Izan ere, zeintzuk dira haiek giza eskubideen inguruko lezioak emateko? Orbangabeak ote dira, bada? Hain etikoak izan al dira? Kontua ez da GALen konturik ateratzen hastea orain, ez eta arazo hura inolako zigorrik gabe garbitu zutelakoa ere (ahalko genukeen arren); aitzitik, gogora ekartzea…

Ezin konta ahala adibide aipatu ahalko genituzke, baina horietatik guztietatik bat da argiena: azkeneko hamarkadotan torturarekin gertatua. Eskandalu horrek zipriztindu ditu bai Polizia Nazionala eta bai Guardia Zibila, eta neurri txikiagoan baita Ertzaintza ere; beraz, bada garaia dagozkion erantzukizunak har ditzan nork bere gain.

Torturatzen zutenak ez baitziren kontrolik gabeko polizia batzuk, baizik eta estatu polizia baten zerbitzura ziharduten agente batzuk. Eta orbain halakoa errotik erauzteko neurriak hartu beharrean, botere aparatuek sistema sofistikatu bat eratu zuten zigorgabetasuna bermatzeko. Halabeharrik halabeharrenez kondenarik bazetorren, indultu automatikoa. Eta komunikabideen esku gero salaketak ezkutuan gordetzea, ez bakarrik pertsona atxilotuenak, baita nazioarteko erakundeenak ere, hala nola Amnesty International eta Human Rights Watch-enak.

Ari gara emaitza jakiten: milaka gizon-emakume euskal herritar torturatu (9.600 inguru, Euskal Memoria txostenaren arabera), kondena gutxi batzuk (eta haiei dagozkien indultuak) eta orotariko maila igoerak erantzule zuzenentzat.

Ez daude, bada, inori lezioak emateko moduan, eta, gaurko egunez, komenigarria litzateke haiei gogararaztea ahalbidetu egin dutela (baita sustatu ere zenbaitetan) ospakizun duten adierazpen horretako 5. atalean jasotakoa, zeinak honako hau baitakar: «Ezin daiteke inor torturatu, ezta inori zigor edo tratu txar anker eta lotsarazlerik eman ere».

Ni neu milaka euskal herritar horietako bat nauzue, haien zoru etikoan sekula ibili gabea; bai, ordea, haien azpizoruan: zigorgabetasun osoz torturatua izana Estatuaren estoldarik zokondoenekoan, XXI. mende bete-betean.

Eta, egia esateko, ez diet herrarik; ez nire torturatzaileei, ez haiek babestu zituzten alderdiei. Soil-soilik, sufritu behar izan genuena aitor dezaten nahi dut, nolabaiteko erreparazio bat eman diezaguten, guri gertatua ez dakion beste inori gertatu berriro. «Aitorpena, erreparazioa eta berriro gertatuko ez den bermea», hala diote adituek. Lehen pauso bat da Eusko Jaurlaritza lantzen ari den txostena. Horren inguruan aurrerabide funtsezkoak ikusiko ahal ditugu 2016an.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.