Etxarri Aranatzetik Gure Esku Dago-ra!

2014ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Apirilaren 13tik hilabete pasatu denean beharrezkoa ikusten genuen balorazio hori publiko egin eta herritarrekin batera partekatu ahal izatea. Lehen-lehenik herritar denak eskertu eta zoriondu nahi ditugu prozesu osoan jasotako laguntza eta babesagatik. Hasieratik genion herria bera aterako zela garaile, eta hala izan dela uste dugu. Beraz, ezer baino lehen, benetan zorionak, Etxarri!

Balorazio zehatzago batean sartuz, bost ataletan banatu ditugu gure ondorioak.

Lehenik, %42,76ko parte hartzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Horretarako, galdeketako emaitzak beste datu eta adibide batzuekin konparatu besterik ez dago bere garrantziaz ohartarazteko. Adibidez, 2005eko Europako Konstituzioaren inguruko erreferendumean parte hartze txikiagoa izan zen, 808 herritarrek parte hartu zuten orduan, UPNk zentsuaren %24rekin agintzen du Nafarroan, PSNk zentsuaren %11ren babesa du Nafarroan, PPk Etxarrin %8.65ko babesa du… Horiek guztiak errespetagarri eta kontuan hartzekoak badira, zergatik ez zentsuaren %42,76a lortu duen kontsulta?

Gainera, %42,76 lortu da Nafarroako fiskaltzak bere mamuak eta presioak hedatu dituen arren(CANeko ustelkeriaren aurrean itsu dagoen fiskaltza bera). Eta ez ahaztu Guardia Zibilak ikerketa martxan izan zuela momentu oro. Are gehiago, %42,76 lortu da galdeketa baino egun batzuk lehenago Nafar Gobernuak kontsulta ilegala zela zabaldu ondoren.

Bigarrenik, berme guztiekin eman den bozketa / galdeketa / erreferenduma izan dela nabarmendu nahi dugu, sistema informatiko batasmatuz zentsua ezin zelako erabili, aurretiko bozka berme guztiekin eginez, kontaketan eta egun osoan herriko, Euskal Herriko eta Nazioarteko ikuskarien lana ziurtatuz.

Hirugarrenik, nabarmendu nahi dugu zalantzarik gabe oztopoz beteriko ibilbidea izan dela: ezin genuen eraikin publikorik erabili, ezin genuen zentsua erabili, dirua lortu behar izan dugu gastuei aurre egiteko (hainbat komunikazio euskarri, abestiaren grabazioa, papeletak, gutun-azalak, diptikoak, egitarauari dagokion gastu handia), presioa mediatikoa (Confidencial, Diario de Navarra, COPE…) zein bestelakoa (Nafarroako Fiskaltza, Nafar Gobernua, Guardia Zibila)…eta, azkenik, txaloak ondoren etorri diren arren, herritarrok erabaki genuen herri galdeketa egitea inongo alderdi politiko zein eragileren babesik gabe.

Baina lorpenek oso zapore ona utzi dute herrian. Horretan, ez dugu zalantzarik: Euskal Herrian independentziaren inguruan egin den lehen galdeketa gauzatzea lortu dugu, erabakitzeko eskubidearen gizarteratzea, herri galdeketa ariketa demokratiko gisa demokraziaren festa bihurtzea, 851 pertsonak bozkatzea, apirilaren 13an 200 boluntariok baino gehiagokhainbat txanda eta arduratan lan egitea, orotara 32 komunikabide eta 54 kazetari kreditatu izana galdeketa jarraipena egiteko, besteak beste, informazio agentzia alemaniarra, flandiarrak, katalanak zein Estatuko telebista kate gehienak, Etxarriko galdeketak mundu zabalean ere oihartzuna izatea (Errusian, Indonesian, Euskal Diasporan…), nafar parlamentuko alderdi guztiek euren iritzia ematea Etxarriko herri galdeketaren inguruan, 50 herritar herri batzarretan agertzea, hainbat hitzaldi-eztabaidatan 70 lagun biltzea, buzoietako banaketan milaka paper banatzea 1.000 etxebizitzatan. Zientoka kartel, whatsapp, posta elektroniko… sarean zabaltzea, 5 elkartetako juntekin bilerak egitea eta modu batez edo bestez 200 bazkideei egitasmoaren berri ematea, Gazte Asanbladan aurkezpena egitea (30 gazte), Lizerrengon bi batzar informatibo egitea (20 herritar), egitarauaren aurkezpenean herriko plazan 100tik gora herritar biltzea, Kataluniako jendearekin herri bazkaria egitea (45 pertsona) eta Arenys de Munt herriarekin nolabaiteko senidetzea bultzatzea, izen handiko Euskal Herriko, Kataluniako eta Letoniako begiraleak gurean izatea, hainbat alderdi politikotako jendea elkarrekin lanean aritzea…

Pauso garrantzitsu bat eman dugu bai. Sinbolikoki aurrera eramandako ariketa demokratikoak badu bere garrantzia. Denok atera dugu ikasgaia prozesu honetatik. Herritarrok badakigu ez dugula zertan egon instituzioen zein alderdien zain gure iritzia adierazteko. Ez badigute ahotsa ematen, guk geuk har dezakegula erakutsi dugu eta, gainera, alderdiek (kontsultaren alde edo kontra egon) ikusi dute ez dagoela herritarra geldiaraz lezakeen lege, konstituzio edo hobekuntzarik. Gizartearen garaia da, herritarron garaia, erabakitzeko eskubidea lau haizeetara zabaltzeko garaia.

Gure eskuak lotuko ditugu ekainaren 8an, Durango-Iruñea arteko giza katean. Herri hau osatzen dugun gizon-emakumeok beste ekinaldi garrantzitsu bat dugu herri honen etorkizunarekin.

Etxarriarrak ere hor izanen gara! Gure esku dago!!!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.