Langune, Euskal Herriko Hizkuntzen Industrien Elkarteko zuzendaria

Europako hizkuntza gutxituen agenda digital bateratu eta burujabe baten alde

Lohitzune Txarola
2025eko irailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Andras Kornai hizkuntzalari eta matematikari hungariarrak, 2013. urtean Digital Language Death artikulu zientifikoa idatzi zuen. Bertan azaldu zuen hizkuntzen %5 bakarrik garatzen direla digitalki, eta horrek gainerako %95 desagertzera kondenatzen dituela.

Gure seme-alabek denbora asko pasatzen dute Interneten. Hizketaldi birtualak izaten dituzte lagunekin, pantaila baten bidez elkarrekin jolasten diren bitartean; Alexari eta Siriri informazioa bilatzeko eskaerak egiten dizkiote eta ChatGPTri etxeko lanekin laguntzeko eskatu. Hori guztia euskaraz? Tamalez, ez. Gure haur eta nerabeek kontsumitzen duten edukiaren zati handi bat ez dago gure hizkuntzan; sarritan, ezta gaztelaniaz ere, eta askotan, ingelesez bilatzen dute. Ondorioz, euskara bigarren maila batean geratzen da haientzat; hizkuntza analogiko bihurtzen da. Eskolan bakarrik erabiltzen dute edo testuinguruak ahalbidetuz gero, batzuetan etxean ere bai. Errealitate honek ez dio soilik euskarari eragiten; gurea bezalako beste hainbat hizkuntza gutxitu ere egoera berean edo okerragoan daude.

Horren aurrean, belaunaldien arteko transmisioa behar dugu. Transmisio horrek ahalbidetu behar du, batetik, gure hizkuntza eta ondarea gazteei jatorrizko esentzia berarekin helaraztea, eta, bestetik, belaunaldi berrien beharretara egokitzeko bitartekoak eskaintzea. Zentzu horretan, hizkuntza-teknologien garapena funtsezkoa da euskararen biziberritze prozesurako. Garapen hori gabe, Andras Kornaik dioen bezala, gure hizkuntza desagertzera kondenatua dago.

Baina itxaropentsu egoteko arrazoiak baditut. Euskal Herrian garapen hori aurrera eramateko esperientzia handiko profesionalak, enpresak eta ikerketa zentroak daude; ez soilik teknologiaren eremuan, baita itzulpengintzan, hizkuntzen irakaskuntzan edo hizkuntzen kudeaketan ere, oro har. Euskal Herriko Hizkuntzen Industriaren sektorea indartsua da eta beste hizkuntza komunitate batzuk guri begira daude.

Hein handi batean, euskararen biziberritze ahaleginek lortu dute hizkuntzen sektore osoa indartzea, eta akuilu hori aprobetxatu behar dugu geure teknologia propioa eta burujabea sortzeko eta beste hizkuntza komunitate batzuekin partekatzeko. Izan ere, Microsoft, Google eta abarrentzat ez gara lehentasuna, eta lanean hasten direnerako gure hizkuntzarentzat berandu da.

Duela egun batzuk, kotxez nindoala, nabigatzaileak euskaraz egiteko aukera eman zidan. Baiezkoa eman nion, eta gaztelera arraro eta robotizatu batekin egin nuen topo, nahiz eta batzuetan hitz batzuk euskaraz egiten zituela aitortu beharra daukadan. Nabigatzailearen jabea multinazional handi bat da, eta gogoratu nintzen, duela urtebete gutxi gorabehera, itzultzaileen topaketa batean izan nuen elkarrizketaz. Sevillako itzultzaile enpresa bat etorri zitzaidan azaltzera arazo bat zuela, multinazional batek bere elkarrizketa sistema euskaraz itzultzeko eskatu ziola. Bere garaian lan bera egin zuela katalanarentzat, baina gehiago kostatzen zitzaiola euskararen itzulpena. Euskarara itzulpenak egiten Sevillan!

Haatik, gure hizkuntza benetan digitaliza dadin aukera bakarra dugu: teknologikoki burujabeak izan behar gara. Zorionez, erronka horri aurre egiteko badugu sektore oso bat. Baina sostengua behar dugu: erabiltzaile euskaldunek gure tresnetan sinistu eta erabiltzeko hautua egin behar dute.

Irailaren 26an Hizkuntzen Europako Eguna ospatzen da. Egun honen aipamena aprobetxatu nahi dut gogorarazteko badirela Europan gurea baino egoera kaskarragoan dauden hizkuntzak. Horregatik uste dut Europako hizkuntza gutxituen agenda digital bateratu eta burujabea bultzatu behar dugula. Agenda horrek hizkuntza gutxituen beharrak jaso behar ditu eta, aurrerapausoak eman ahal izateko, hizkuntzen industriari lagundu behar dio. Langune, Euskal Herriko Hizkuntzen Industrien Elkartea bere aletxoa jartzeko prest dago. Euskal Herriko bestelako eragile eta instituzioei deia egiten diet helburu hori lortzeko indarrak batu ditzagun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.