Euskara irakaslea

Europar Batasunaren iruntzi iluna

2025eko ekainaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Felipe Gonzalezek engainatu egin gintuen, orain dela berrogei urte luze, adierazi zigunean Europar Batasunean sartzeak desabantailarik ez zuela. Haren ondorengo Aznar, Zapatero, Rajoy eta Sanchezek gezur horren haritik tiraka segitu dute hogeita hamar urtez. Bostek, eta beren gobernuek, kolore urdin zein gorrikoak izan, saldu nahi izan digute gure kontinenteko erkidego ekonomikoa estatu kideak eta euren gizarteak demokratizatzeko baitezpadako tresna dela. Maiatzaren akabuko hiru berrik, bata bestearen atzetik jazoak, demostratzen dute egieza dutela ahotan.

Bat. Alderdi Popularrak eta Voxek, Finlandiak, Frantziak, Austriak, Italiak, Alemaniak, Txekiako Errepublikak eta Kroaziak lagundurik, boikotatu dute euskara, katalana eta galegoa aintzatestea Europar Batasuneko hizkuntza ofizial bezala. Mintzaira gutxituenganako fobiaren agergarri klarua.

Nola izan daitezke europar erakunde komunitarioak demokraziazaleak, hizkuntza guztiak berdin tratatzen ez badituzte? Lehen eta bigarren mailako hizkuntzen arteko bereizketa egiten ari dira, batzuk beste batzuk baino gehiago balira bezala. Pluraltasunaren errespetuaren printzipioaren aurkako jarrera baztertzaile hori ez da erakunde, alderdi edo estatu demokratikoen ezaugarri; aitzitik, kolektibo eta talde zaurgarrien zapaltzaileen aiurriari dagokio.

Bi. Europar Batzordeak Espainiako Gobernuari eskatu dio ez blokeatzeko BBVAk Banco Sabadelli egin nahi dion EEP Erosteko Eskaintza Publikoa. Batzordeak begi onez ikusten du Espainiako banku-merkatuaren oligopolizazioa. Europako Banku Zentralak, Espainiako Bankuak eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak egin duten bezalaxe.

BBVA eta Sabadellen arteko fusioa gertatuz gero, tamaina ertaineko banku bat desagertuko litzateke, erraldoi finantzario baten mesedetan; handiak txikia xurgatu, are handiagoa izateko. Bankaren arloko eragile-kopurua murriztu. Botere ekonomiko eta finantzarioa gero eta entitate gutxiagoren artean banatu. Herritarroi aukera bakan batzuk eskaini, eta, ondorioz, guretzat onuragarriena izan litekeen zerbitzua hautatzeko gure ahalmena suntsitu. Aukeratzeko ahalmena murrizten den bakoitzeko, demokraziaren eraikineko adreilu bat eraisten da.

Hiru. Europar erakundeek, Europar Batasuneko Kontseiluan hartutako erabaki baten bidez, Batasuneko estatu kide guztien hautes-sistemak uniformizatu nahi dituzte, 2029ko europar hauteskundeei begira. Hori lortze aldera, estatuak hautes-langak ezartzera derrigortuko dituzte. Alegatu duten arrazoi ofiziala izan da gehiegizko zatikatzeak ekidin behar direla, are gehiago Europakoa bezalako parlamentu izugarri handian.

Alabaina, benetako zioa da alderdi eta talde politiko handienek gutxiengo diren partiduak ezabatu nahi dituztela legebiltzar kontinentaletik, enbarazu egiten dietelako. Espainian, esaterako, %4ko hautes-langa ezarri izan balute 2024ko bozetarako, hiru hautagaitza geratuko ziratekeen ordezkaririk gabe: Podemos, Junts eta EAJ buru duen Europa Solidarioaren aldeko Koalizioa. %5ekoa izan balitz, aurreko guztiak gehi beste hiru: Sumar, Se Acabó la Fiesta eta EH Bildu barne hartzen duen Orain Errepublikak koalizioa.

Hirualderditasuna indartzeko baizik ez zukeen balioko, Vox, PP eta PSOEren onurarako. Demokrazia galtzaile, berriro ere.

Ur-turrustan behera erori izan balitzaizkigu bezala jaso ditugu hiru albisteak, denak segidan gertatu baitira, oso denbora-tarte laburrean. Espainia Europar Batasunean sartu zenetik lau hamarkada betetzen dira ekain honetan, baina urte hauetan guztietan sekula ez dugu ikusi orain jazotzen ari den ofentsiba antidemokratikoa bezalakorik. Batasunak baditu abantailak, jakina; halere, azkenaldian agitzen ari dena aintzat harturik, bere iruntzi ilunaz ere kontziente izan beharko genuke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.