Duela aste gutxi amaitu zen Boiseko Jaialdia 2025 eta oraindik ere ekitaldi errepikaezin hark utzitako emozioekin zorabiaturik gaude. Jaialdiak oihartzun mediatiko handia izan du —batez ere, Euskadin, jakina—, eta horrek zenbait azalpen eta balorazio egin beharra aurrezten digu. Gauza asko dagoeneko esanda daude; izan ere, 1987 hartatik hona Jaialdiak sortzaileek beraiek ere sumatu edo espero ez zuten dimentsioa hartu du.
Artikulu hau idazterakoan, baina, aurtengo Jaialditik beretik harantzago iritsi nahi dugu. Jaialdiaren testuinguruan Iñaki Galdosek idatzitako liburua aurkeztu zen; Boiseko Unibertsitateak Oñatin burututako lehen programa haren eragina aztertzen du liburuan.
Berrogeita hamar urte igaro dira eta artikulu hau sinatzen dugunok, hain zuzen ere, programa haren kumeak gara. Duela berrogeita hamar urte ezagutu genuen elkar, eta bizitzak lekuko eta protagonista bihurtu gaitu diasporaren eta Euskadiren arteko harremanetan izan diren aldaketa handienetan. Honenbestez, ibilbide luze honen ondare nagusitzat zera azpimarratu nahi dugu, batez ere: euskal diasporaren ulermenerako eta garapenerako paradigma berri bat sortu da. Beraz, ziklo berri baten hasieran hausnarketa batzuk partekatzeko arrazoi sendoak daudela uste dugu.
1974ko Boise-Oñatiko programak, beste lorpen askoren artean, Euskadiri buruz diasporan zegoen irudi erromantizatua hautsi zuen. Ikuspegi erromantikoa izatea bere horretan ez da txarra, baina benetako eta errealitateko oinarri batzuekin osatu beharra dago beti. Testuinguru honetan, azpimarratzekoa da 1974 hartatik aurrera diasporako ehunka euskaldunek ezagutu eta bizi izan dutela Euskadik izan duen eraldaketa handia, errealitate gris batetik gaur egun den herrialde aurreratu eta abangoardista bihurtzera ekarri duena.
Euskadirekin harreman etengabea eduki izanak esplikatzen du, halaber, diasporari buruzko politikak hartu duen indarra. Euskadi herrialde txiki baina arrakastatsu bat izatera eraman duten politika ekonomiko, industrial, kultural, akademiko, sozial eta linguistikoen garapenik gabe, nekez hitz egingo genuke gaur diasporarekiko politikari buruz. Hona hemen, beraz, lehenengo ondorio argia: jatorrizko herrialdea sendo egoteak, agenda integratu bat duen herrialde aurreratua izateak oinarri eta berme sendoa ematen dio euskal diasporari, Boiseko Jaialdia bezalako ekimen jendetsu bezain arrakastatsuak, besteak beste, garatzeko ahalmena izan dezan. Alabaina, Euskadi ahuldu bat ez litzateke ispilu eta eragingarririk onena diasporen etorkizuna bermatzeko eta haien papera sendotzeko. Horregatik, bada, jatorrizko lurraldearekiko konpromisoari ihes egiten dioten joera batzuk ez dira biderik egokiena Euskadi global eta sendo bat eraikitzeko.
Euskadi herrialde txiki baina arrakastatsu bat izatera eraman duten politika ekonomiko, industrial, kultural, akademiko, sozial eta linguistikoen garapenik gabe, nekez hitz egingo genuke gaur diasporarekiko politikari buruz
Boiseko euskal komunitateak egindako hedapen eta antolakuntza lan handiari esker, Jaialdia euskal herritar orok bizitzan behin ezagutu beharreko ekitaldia bihurtu da. Aldeak alde, munduan den erromesaldi nagusietako bat gogoan, Boise gure Meka bihurtu dela esan genezake.
Zalantzarik gabe, Boiseren ekarpena ezinbestekoa da eta zaindu beharreko altxorra dugu. Jaialdiaren egunetan bertan ikusi, egin eta bizi izandako esperientziez gainera, bestelako ekarpen ukiezin asko ematen dizkigu berez jaialdiak, hain zuzen ere herrialdearen normalizazioarekin eta garapenarekin batera hemen ahuldu diren zenbait baliotan: pasioa, arima, komunitatearen kidetasuna, herrialdea ospatzeko eskubidea eta beharra...; horiek nolabait eta aldi baterako orekatu egiten baitira Jaialdia bezalako ekitaldiekin.
Nolanahi ere, azken fenomeno hau beste diaspora batzuetan ere gertatzen da, neurri batean ihes egiteko balio digun oroimen nostalgikoaren babesleku ere bilakatu baitira. Baina jatorrizko herrialdearen ikuspegi erromantizatuegi hark errealitatea distortsionatzen zuen bezala, diasporaren ikuspegi idealizatuak ere ondorio okerrak ekar ditzake gaur. Ez dago paradisurik, ez diasporan, ezta Euskadin ere. Jaialdiko festa-leherketatik harago, Boiseko euskal komunitateak errutinari, egunerokotasunari eta gaur egun bizi ditugun garai historiko konplexuei aurre egiten die, mundu osoan bezala. Ospakizuna iragankorra eta beharrezkoa da, baina emaitzak ekartzen dituztenak egunerokoaren sendotasuna eta koherentzia dira.
Beste gizarte eta herrialde batzuen antzera, Euskadik erronka eta aukera berrien garaia du aurrean, munduak bizi duen konplexutasuna ahaztu gabe. Nolanahi ere, badirudi ziklo baten amaieran eta berri baten hasieran gaudela. Testuinguru honetan kokatu behar da kontakizun berria eraikitzeko beharra, errotik eraldatua den herrialde baten eta berritua den diaspora baten argazki gaurkotua izan dezagun. Kanpoan diren euskal komunitate tradizional eta ongi finkatuei, egoera berri eta desberdinetan azaleratzen ari diren diaspora mota berrien aniztasuna gehitu behar zaie. Eta horretan oso zehatzak izan behar dugu, errealitate berrien aurrean erantzunak ere desberdinak izan behar direlako.
Zentzu horretan albiste ona da lehendakariak iragarri izana diasporari buruzko lege berria bultzatzeko prozesua abian jarriko duela. Eusko Jaurlaritzak eta gainerako erakundeek prozesua gidatu behar dute, horretarako eskumenak eta ardura politikoa dituztelako. Baina horrek ez du estali behar orain arteko arrakasta Atlantikoaren bi aldeetan mugitu diren pertsona eta harreman ugariren ekarpenari esker lortu dela, eta giza harreman horien baitan osatu ahal izan dela diaspora-politiken bizkarrezurra.
Oñatiko programak utzi digun ikasgai nagusia da erakundeak agertu aurretik ere ehundu zirela lagun sareak, eta sare horiei esker eraiki ahal izan direla gero ekitaldi, harreman eta politika arrakastatsuak. Diplomazia publikoaren forma guztien artean, herritarren diplomazia da nagusi.
Gaur egun hainbat erakunde ari dira lanean Euskadiren eta diasporaren arteko harremanak indartzeko. Giza eta baliabide ekonomiko ugari eskaintzen dira horretarako; agian, gogoeta egin beharko da baliabide horien hazkuntzaz, trafikoa antolatzeko eta eraginkortasuna beti ahuldu ohi duten bikoizketak saihesteko. Baina, batez ere, diasporen unibertsoaren parte diren ahots eta sentiberatasun guztiak integratzeko gai izan behar dugu.
Diasporarekiko asmoak maximalismotik gradualismo pragmatikora joan dira. Gure aukerak, gure neurriak, gure diasporen ezaugarriak eta munduan gertatzen ari diren errotiko eraldaketa kontuan hartu behar ditugu
Diasporen aniztasuna ulertu eta onartu behar dugu; begirada, bizipen eta ikuspegi desberdinak daude errealitate ez-homogeneo baten aurrean. Testuinguru honetan, gainera, etorkizunean giltzarri izango diren esparruetara ere agenda zabaltzeko garaia heldu da. Gales eta beste herrialde batzuk saiakuntza interesgarriak egiten ari dira kirolaren fenomenoa diasporarekiko ekintzetan txertatzeko.
Funtsean, hauexek dira geure buruari egin behar dizkiogun galderak: «Nora iritsi nahi dugu benetan?» eta «nora irits gaitezke?». Historian zehar, diasporarekiko asmoak maximalismotik gradualismo pragmatikora joan dira. Egoerak eta testuinguruak baldintzatzen dituzte lehentasunak, zalantzarik gabe. Gure aukerak, gure neurriak, gure diasporen ezaugarriak —guztiak baliozkoak— eta munduan gertatzen ari diren errotiko eraldaketak kontuan hartu behar ditugu.
Erronkak ikaragarriak dira, baina azken hamarkadetan marraztutako ibilbide arrakastatsu bat dugu ondare eta ikasgai gisa. Orain egokitu egin behar dugu gaurkora, baina bazter utzita gehiegitan boladan egoten den Reinventing the wheel ideia antzua. Horretarako, itsasargi bikaina dugu Oñatiko programa, hainbeste fruitu eman dizkiguna eta hain harro sentiarazten gaituena. Badugu nondik ikasia, betiere apaltasunetik.