Armagintzaren etetea, gure zoru etikoa izenburuko artikulu interesgarria idatzi zuen Patxi Azparrenek BERRIAn 2025eko maiatzaren 28an. Euskal mugimendu antimilitaristari buruzko gogoeta batzuk plazaratzen ditu artikuluan eta, egiten dituen baieztapen batzuekin ados banago ere, gaiaren ertz guztiak ez dituela lantzen uste dut. Horregatik, euskal antimilitarismoaren, kontzientzia-eragozpenaren eta intsumisioaren mugimenduari buruzko nire ikuspegia emango dut, ikuspuntu desberdinen arteko kontrastea gure herrian bakea lortzeko funtsezkotzat jotzen dudan egiazko mugimendu bakezalea berriz eraikitzeko lagungarri izan dezagun.
Hasteko, garai bateko Euskal Herriko gazteok bakearen gaiari zein testuingurutan egin behar izan genion aurre esango dut. Heziketa erlijiosoa jaso genuen gutako askok eta, heziketa horren alde txarrak gorabehera, OHOko azken kurtsoetan fraide eta irakasle aurrerakoi batzuek bakea maitatzen irakatsi ziguten erlijioko klaseetan. Gerrak gaizki zeudela eta pertsonak hiltzea ondo ez zegoela esaten ziguten, Gandhi, Martin Luther King, Helder Camara… bezalako pertsonak nortzuk ziren jakin genuen, mundu mailan zeuden gerren berri ematen ziguten eta, gaiaz oraindik gehiegi jakin ez arren, bakearen aldeko kontzientzia lauso bat sortu zen gutako askoren artean. Heziketa horretan hutsuneak ere bazeudela jabetzen naiz. Urruneko gerrez erraz hitz egiten ziguten baina derrigorrezko soldaduskaz eta, salbuespenak salbuespen, diktadura frankistaren zapalketaz ez ziren argi mintzatzen.
Zer gertatu zen geroago? Bakearen aldeko ideia lauso bat genuen gazteok, nerabezarora iristean, geure begien aurrean genuen errealitateaz azkar asko jabetu ginen: gure herria, Euskal Herria, zapalduta zegoen eta, gure herria askatzeko, gazte batzuek indarkeriaren bidea hartu zuten. Orduan, gutako gehienok gazte horien alde jarri ginen. Erraz, errazegi agian, eman genuen pauso hori, bakeari uko egiten ez genion arren, gure herriak pairatzen zuen zapalketa larriari gazte kementsu horiek bortxaren bidez egin ziotela aurre azkar konturatu ginelako. Bestalde, kontraesankorra badirudi ere, antimilitaristak ginen, armaden eta soldaduskaren kontra geunden; baina, Euskal Herriaren kasuan, gazte borrokalari horiek maite genituen, gure herriaren alde bizitza ematen zutela iruditzen zitzaigulako. Gaurko ikuspegiaren arabera, bakezaletasunaren printzipioetatik abiatuz ezin dira planteamendu horietako batzuk defenditu, baina garai horietan oso desberdin ikusten genituen gauzak eta, agian, kontraesan batean bizi ginen bakearen eta indarkeriaren gaian.
Urte batzuk pasa ondoren, ordea, gauzak asko aldatu ziren. Diktaduraren kontra borroka egiten zuen erakundea izatetik, erakunde krudel eta militarista izatera pasa zen ETA. Zaila da aldaketa noiz gertatu zen zehatz esatea, baina abisu larri batzuk izan ziren, hasieran konturatu ez ginen arren. Yoyesen hilketa izan zen lehenengoetako bat. Gainera, ETAren barruan kontzientzia-eragozlea izateagatik eta kontzientziak agintzen ziona egiteagatik erail zuten. Geroago, diskriminaziorik gabeko hilketak egiten hasi ziren: zibilak, haurrak, egiaztatu gabeko arrazoiengatik salataritzat jotzen zituzten pertsonak, drogaren munduan ardurarik ez zuten trapitxero gizajoak… Hitz gutxitan, pertsona guztiz errugabeak. 1990eko hamarkadaren erdialdetik, PPko eta PSOEko zinegotziak hiltzen hasi zirenean, izugarrizko degradazioan erori zen ETA. Ikuspegi antimilitarista baten arabera, arrazoi etiko eta moralengatik derrigorrean gaitzetsi beharrekoa izatera pasa zen garai batean borroka askatzailea izan zena. Elkarri mugimenduaren sorrerak eta kontzientzia-eragozpenaren eta intsumisioaren mugimenduak ordura arte genuen ikuspegia aldatzen lagundu ziguten orduko gazte askori. Euskaldun eta abertzaleak ginen, baina, Espainiako Gobernuaren aldetik zapalketa zegoela (tortura, presoen sakabanaketa, polizien portaera…) argi genuen arren, aipatutako bi mugimenduei esker borrokatzeko etika minimo bat behar zela argi ikusi genuen. Hortik aurrera, armadari ezetz esan zioten kontzientzia-eragozle eta intsumiso baketsuen alde jarri ginen. Horregatik, soldaduskaren kontrako eta bakearen aldeko mugimendu horrek hedadura handia lortu zuen, une batetik aurrera, euskal gizartean.
Lehen esandakoaren ildotik, kontzientzia-eragozleen eta intsumisoen mugimenduak bakearen aldeko borrokan jarraitu zuen eta euskal gizartean behar adina inoiz ospatu ez zen garaipen itzela lortu zen: derrigorrezko soldaduska desagertzea. Gauza bitxi bat gertatu zen, ordea, soldaduska desagertu ondoren. Intsumisoen mugimendua ere desagertu zen eta lortu zutenaz oso gutxi hitz egiten da gaur egun. Desagertu zen mugimendu antimilitarista hori berriz aktibatzeko planteamendu batzuk egiten ditu Patxi Azparrenek artikuluan, baita landu beharreko arlo batzuk aipatu ere: armagintzaren salaketa, Europan eta NATOn nagusi den militarismoaren kontrako jarrera hedatzea, lobby militarrak aberasteko diru publikoaren xahuketa ez onartzea, armen komertzioa guztiz gaitzestea… Planteamendu antimilitarista batetik landu beharreko gaiak dira eta guztiz bat nator Azparrenekin horretan. Artikuluaren bukaeran, ordea, egiten duen baieztapen batekin ez nago ados. Horrela dio: «Zorionez, euskal erresistentzia independentistaren sektore politiko guztien desmilitarizatzea lortu genuen». Nire ustez, hau da, hain zuzen ere, egin ez zena. Sektore batek sekula ez zituen antimilitarismoaren eta bakearen balioak sakon barneratu. Une batean, beste biderik ez zutelako, entregatu zituzten armak, baina, funtsean, ez zioten lehenago defenditzen zituzten metodo armatuetan sinesteari inoiz utzi. Orduko mugimendu antimilitarista berpizteko, hau da, nire ustez, Euskal Herriak egin behar duena: garai hartako intsumisoek defenditzen zuten mugimendu zibil eta baketsua eraikitzea. Horretarako, lehenik eta behin kontzientziak desarmatu behar ditugu, hots, bortizkeria armatuaren kontra argi agertu.