EHUko irakaslea

Euskal (des)identitateaz

Xabier Renteria Uriarte
2026ko maiatzaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Postmodernotasunean euskal identitatea eta nazioa ez omen dira cool. Ez da identitate nazionalik, diote ongi-pentsatuek, milaka identitate kontrajarri baizik. Barkatu: ez dago identitate bat ezeztatzerik, beste identitate ezkutu baten ikuspuntutik ez bada. Norbanakoen zein nazioen mailan!

Ez dagoelako gizakirik identitaterik gabea. Eta munduan atxikimendu gehien eragiten duena herria (edo nazioa) da, erlijioen pare. Nazionalismoekin kexuka datorkizun intelektualak bere nazionalismoa ezkutuan dakar, inposatzeko asmoz.

Identitate denak onartzea da begirunea, beraz. Nazionalak barne. Ez beste denak, nazionalak salbu.

Baina ongi-pentsatu postmodernoek gaiari argudio luzeak dedikatu dizkiote. Zera diote: «Ez dago aldaezina den ezer nazioen identitateetan, esentzialismoaren leloa da hori». Barkatu, hori ere horrela da beste edozein identitaterekin.

Euskal izaera eta identitatea ez da fosil aldaezina, jakina, etengabeko aldaketan eta berrikuntzan dagoen egonkortasuna baizik. Ez da atzoko berdina, eta ez da biharkoa izango. Eta milaka euskal izaera mota daude. Baina euskal identitatea da identitate ezberdin horien guztien baitako natura komuna.

Adibidea: «Euskal izaera eta identitate aurrezarriek ez diezagutela arrazoibidea irauli», diost txikitako lagunak, «izatez anabasa dagoelako: euskaldun abertzaleak, basko-espainolak, basko-frantsesak, etorkin abertzaleak, aberri-bakoak…». Ondo. Aizu, ba al du, nork bere eran, euskal identitatea? Ez badu, kito. Baldin badu, hori da ba: nork bere moduan sentitzen duen hori.

Nire kasuan, sentipenen saskia da: lurra, jendea, hizkuntza, historia eta ohiturak sentitu. Elkar-sentitu, azken batean, euskaldun sentituz. Edozein saskitik dela, hori da —aniztasunean komuna— gure identitatea. Hala nola nik ez dut euskalduntasuna euskarara erreduzitzen, baina irizpide hori dutenekin lotzen nau gure aldagai komun horrek.

Horrelako begiradak ezesten ditu bere hizkuntza eta historia inposatzen dizkizunak, bere mugak zure jendearen eta lurraren gainean hedatu dituenean. Eta orain zera esaten dizu: «Ez zaitez leloa izan, nazio identitateak ez du zentzurik, ez zaitez katetoa eta murriztailea izan».

Eskerrik asko, maisu goren! Zein miresgarri hitz egiten didazun zure aldaretik. Baina zure identitatearen eta nazioaren pisua gainean daukat, eta ezin nezake arnastu!

Eta lortu dute adimen kolonizatu gisa bizi gaitezen. Norbaitek espainolez edo frantsesez hanka sartzen badu, inkultoa da. Aldiz, euskara ostikatzen badu, «euskaraz ez daki ondo, zer pena», baina ez da hezigabea.

Euskal izaera eta identitatea ez da fosil aldaezina, jakina, etengabeko aldaketan eta berrikuntzan dagoen egonkortasuna baizik

Quijote de la Mancha ala François Rabelais ez duzula irakurri? A, zein irudi txarra. Axular eta Gero nor eta zer diren ez badakizu ere.

Zuzenbide Estatuan bizi garenez, bete ezazu legea. Bai, baina zein herritako zuzenbidea da Legea? Onartuko lukete frantsesek eta espainiarrek Euskal Errepublikaren Zuzenbide Estatua?

Uxoa Anduagak ondo gogoratu du, Antton Luku eta besteen eskutik: mestizajea errealitatea da, baina irizpide gisa inposatzen denean, kontuz...

Mestizajeak ere, zapalduen artean, begirunez beharko luke izan! Busean, ama eta amama sahararrek dakarten ume-gurdia igotzen laguntzen diet, eta irribarre batez «eskerrik asko!» esaten didate. Atoan, hor dagoen emakume kolonbiar batek zera aurpegiratzen die, euskaraz jadanik egina dutela jakin jabe: «¡Se dice 'gracias'!»

Eta orain bertokoen artean. Gasteizen bertan, polizia batekin. Nik (espainolez, berak hasitakoari jarraitzen): «Mila esker aipaturiko hiru isunetatik bi bakarrik jartzeagatik, baina gehiago eskertuko nuke lehen hitza euskaraz izatea». Berak: «Ez daukat zurekin zertan euskaraz egin, gazteleraz biok dakigu-eta».

Bai, ez dago zertan, ez bada zu 1) Euskal Herriko funtzionario publikoa zarela, 2) euskal herritarrok ordaintzen dizugun soldatarekin, eta 3) Euskal herriaren hizkuntzak, eta ez ausaz, euskara izena duela.

Eta zein ongi, nazio identitate lelorik gabeko munduan bizitzea! Gerora, bi isunak Europako monetan ordaindu nituen, eta hori bai, euskaraz egiteko aukerarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA