Iker Iraola Arretxe.

Euskal estatu baten aurreko diskurtsoez

2016ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Euskal Estatua irudikatzen ikerlanarekin estatu propio baten proiektuak Euskal Herriko gizartean zein jarrera eta iritzi sortzen dituen ezagutu nahi izan dira, iritziz aldatzeko arrazoietan arreta berezia jarriz. Horretarako, bide desberdinak erabili dira: inkesta (edo ikerketa kuantitatiboa), ikerketa kualitatiboa, eta bi kasu azterketa: enpresa munduko jendearekin egindakoa bata, eta euskal kulturako eta euskalgintzako lagunekin egindakoa bestea. Jarraian, bigarren atalaz aritu nahiko nuke; hots, ikerketa kualitatiboaz.

Atal horretan, Euskal Herri osoan egindako hamahiru eztabaida-talderen bidez, euskal estatu baten proiektuak sortzen dituen diskurtsoak arakatu ahal izan dira. Oro har, egindako ikerketatik hiru soslai bereizi dira, gizartean estatu propioaren ideiak sortzen dituen diskurtso nagusiei dagokienez: euskal estatu baten aldeko iritziak, kontrako iritziak, eta aurreko bietan sartzen ez den hirugarren multzo bat, tarteko iritziak deitu ditugunak. Noski, diskurtso eta iritzi hauek askotarikoak dira, eta gai ugari ukitzen dira; baina euskal estatu baten aurreko eztabaidan garrantzia eskuratzen duten argudioez gakoak ematen dizkigute.

Laburbilduz, gaur-gaurkoz euskal estatuaren aldeko diskurtsoa oso loturik agertzen da abertzaletasunak historikoki erabilitako argudioekin; eta aldeko iritzietan Euskal Herriaren nazio izaera, euskara, edota euskal herritar sentitzea bezalako arrazoiak nagusi dira, betiere herritarren borondatearen ideiari loturik (hots, estatua sortzeko arrazoiak aurrekoak dira, baina gehiengo sozialak ezinbestekoak izango direla ere onartzen da).

Euskal estatu baten kontrako diskurtsoan, berriz, oso nabarmena izan da egingarritasunik ezaren argudioa. Bideragarritasun gabezia hori, beste faktore batzuei lotzeaz gain (Espainiako eta Frantziako legeek euskal estatua ezina egitea, Europako Batasunean irautea ezinezkoa izatea, etab.), nagusiki ekonomiari lotu zaio: estatu propioa ez omen da ekonomikoki bideragarria. Ideia hori zentrala gertatu da euskal estatu baten kontrako diskurtsoan. Horrekin batera, Hego Euskal Herriaren kasuan, estatu propioaren aurkako beste argudio indartsua da egungo marko autonomikoaren balioespen positiboa eta botere maila altua dugun ustea. Hirugarren ildo bat ere zentrala izan da kontrako diskurtsoan: euskal estatua, antza, ez da gizartearen eskaera, euskal nazionalisten gai partikularra baizik. Alde horretatik, azpimarratu behar da estatu propioaren aurkako jarreran frantziar edo espainiar sentitzea arrazoi garrantzitsua izanda ere diskurtsoan ez dela hain agerikoa; izan ere, jada existitzen den estatuaren alde egiten duenak ez du nazionalistatzat agertu beharrik, bere proiektua egunerokotasunean txertaturik dagoen heinean.

Baina aldeko eta aurkako profilarekin batera, hirugarren bat ere azpimarratu behar dugu: euskal estatu baten aldeko zein aurkako jarrera argirik ez dutenena. Garrantzitsua da eremu hori, eta inkestaren atalean ere %25aren inguruan ibili da, oro har. Iritzi talde honetan, euskal estatuaren aldarrikapena gai urruntzat hartzen da, baina ez da kontrakotasun ideologiko irmorik eraikitzen (espainiar edo frantziar sentitzea ez da euskal estatu baten aurkako argudio garrantzitsua herritar hauen artean). Aitzitik, iritzi pragmatikoak gailentzen dira; eta esanguratsua da euskal estatu batean politika sozialek, bizi baldintzek eta, oro har, ongizateak hobera egingo balute, aldeko jarrera hartuko luketela adierazten dutenen iritzia. Aldi berean, talde honetan nazioari nahiz nazionalismoari edo hizkuntzari loturiko gaiak ez dira batere garrantzitsuak.

Oro har, euskal estatu baten aurreko diskurtsoa abertzaletasunari loturik agertzen da. Aldekoen kasuan, abertzaletasunari lotu izan diren argudioak erabiltzen dituztelako, beste batzuekin ia konbinatu gabe oraindik; eta, aurkakoan kasuan, euskal estatua abertzaleen gaitzat hartzen dutelako. Baina diskurtso horiek, noski, ez dute inolako esentzietan oin hartzen. Momentu honetan horrelakoak izan daitezke, eta etorkizunean aldatu, beti horrelako diskurtsoak existitu ez diren bezala. Horretarako, estatu propioaren aldeko eragileen ekintza izango da oinarria. Izan ere, egungo indar harremanekin eroso dagoenak ez du joko zelaia aldatzeko premiarik, bai, ordea, egoera aldatu nahi duenak.

Independentziaren aldeko mugimenduak, beraz, bi indar batzuetan kontrajarri horiekin egin beharko du aurrera: hizkuntza, nazioa eta antzeko gaiak estaturako argudio zentral gisa ikusten dituen sektorearekin, eta bestelako gaiak azpimarratzen dituztenekin. Independentismoari ezinbestekoa zaio orain(dik) independentistak ez diren herritarrak erakartzea; eta aipagai dugun ikerlanetik atera dezakegun ondorioetako bat da zaila dirudiela abertzaletasunaren ohiko eskemekin sektore berri horietara eraginkortasunez gerturatzea. Bi dinamikak bateragarri egitea izango da gakoa, beraz; eta horretarako aldaketak gertatu beharko dira mugimenduek orain arte izandako ezaugarrietan eta ziurtasunetan. Azken finean, egoera aldatu nahi badu, badirudi independentismoak gutxiago hitz egin beharko duela bere buruaz edo hari beti lotzen diren gaiez, eta gehiago gizartean nagusi diren eztabaidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.