Euskal Herria atakan

Naiara Goia, Gorka Espiau, Mireia Zarate, Iratxe Esnaola, Carlos Etxepare
2022ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Gure herriak aurten 90 urte beteko ditu Aberri Eguna ospatzen. Egun hau parada egokia izan ohi da festa eta aldarriarentzat, baina baita gure herriaz eta bere bilakaeraz gogoeta egiteko ere. Gogoeta hau tokiko mailari erreparatuz egin behar da, bai eta Europako zein munduko mailari erreparatuz ere. Munduaren bilakaeran ekarpen baikorra egiteko borondatea duen herria gara.

Aurtengoarekin lehen Aberri Egun haren oihartzuna datorkigu; izan ere, ez dira gutxi garai hartan bizi izandakoarekin bat datozen egungo osagaiak. Ekimen herrigile ugari abiatu zituen gure herriak garai hartan. Muin-muinetik humanista zen gizartea gorpuzteko borondatean oinarrituz. Halaber, mundua desberdintasun gogorren aurrean zegoen, estualdi ekonomiko larriak bizi zituen eta guda hotsak ozenak ziren. Era berean, ez zen txikiagoa euskaldun jendeak eta bere kulturak nozitzen zuen bazterkeria gainditzeko gogoa.

Herri hau gai izan zen gure gizarteari ongizatea zekarkioten ekimenak irudikatu eta gauzatzeko. 30eko hamarkadan proposatu ziren estatutu proposamen desberdinek bere garaiko irizpide humanista aurreratuenen defentsa adierazten zuten. Lehen Eusko Jaurlaritzarenprogramak, Jose Antonio Agirre lehendakaria buru zuena, argi adierazi zuen hori, bere gobernu egitasmoan eskubide indibidual eta kolektiboen defentsa txertatuz. Hori guztia, gerrari aurre egiten zion bitartean.

Aski ezaguna da, ondoko urteetan euskal izate kolektiboa gorpuzteko ekimena errotik erauztea helburu zuen aldi luzea etorri zela. Garai ilun horretan ere ez ziren gutxi izan herrigintzaren borondatez abiatutako ekimenak, izan kulturan, pentsamenduan, ekonomian edo teknologian. Egun ez ginateke munduan giza garapen eta kohesio maila handienetakoa duen lurraldeen artean izango, gure herria ez balitz gai izan bere xedea maila orotako ekimen sendoen bitartez gauzatzeko.

Horrek guztiak egun gauden lekura ekarri gaitu. Gure herriaren heriotza iragartzen zuten haiek harriduraz dakusate aurrera egiteko dugun grina, bai eta aurrean dugunari erantzun baikorrak aurkitzeko erakutsi dugun gaitasuna ere, eta gure herrian sortu ez diren pertsonen borondate berriak gehituz gainera.

Aurtengo Aberri Egunaren ospakizunak mundu mailako egoera aski nahasi eta gorabeheratsua dakar, mundua aldaketa handien aurrean dagoela jabetzen gara. Egia da aldaketen maila globala dela eta gure neurria txikia dela oso; egia da, halaber, aurrean ditugun aldaketek herri agenda berria garatzera deitzen gaituztela. Erronka horien aurrean herri eta herrialde moduan jardun beharra ulertzen ez badugu, gureak egin du. Gure gaitasun analitikoak, gure ekiteko eta egiteko gaitasunak, gure herriarentzat erantzun egokiak gauzatzeko moduan bideratu behar ditugu.

Europako atarian instalatu da gerra, berriz ere, eta horrek ekarri du aurka egin zaiela, batetik, nazioarteko ordenari eta, bestetik, mundu mailan bakean eta adiskidetasunez bizitzeko borondateari. Biak daude une honetan kinka larrian, suntsiketa masiboko armak erabili ahal izango diren gerra bat sortzeko ematen den mehatxu larriagatik.

Mundu mailako oreka hauskorra apurtu egin da Errusiak Ukraina inbaditu duenez geroztik. Eraso justifikaezina da erabat, Nazioarteko Zuzenbidea urratu baita indarkeriaren bidez Herri baten subiranotasuna bortxatzean eta bere lurraldea okupatzean.

Ukrainaren kontrako eraso militarrak erabat urratu du herri hark bere burua antolatzeko eta bere herritargoaren erabaki askearen arabera bizitzeko duen eskubidea. Ezin dugu ahaztu 1991n Ukrainak Sobietar Batasunetik bereizteko erreferenduma egin zuela, eta bereiztearen aldeko gehiengoa nagusitu zela (biztanleriaren %92k parte hartu zuen bozketan eta %82 independentziaren alde agertu ziren).

Baina gerrak ez du soilik planetako zati hura hartu. Nazioarteko lidergo berri bat bilatzeko grinak mundu osoko oreka aldatu du, bai eta Mendebaldeko Saharakoaren moduko errealitateak ere. Saharar herriak 46 urte daramatza Nazio Batuen Erakundeak babestutako irtenbidearen bila, bere herritarrak Marokok kolonizatutako lurraldera itzuli ahal izan daitezen. Nazio honek ere ikusi du ordena berri horren eraginez, kanpotik jasotzen duen babesa ahuldu egin dela batzuek bilatzen duten realpolitik horregatik, aldarrikapen zuzenak sakrifikatu direlako, segurtasun aliantzen truke.

Ukraina eta Mendebaldeko Sahara dira egoera honen biktima, mundu osoan gatazka egoeran dauden beste hainbat herritan gertatzen den bezala. Euskadin ondo egingo genuke adibide hauek kontuan hartuko bagenitu. Erantzun onargarri bakarra dago: gure elkartasuna eta gure babesa.

Askotarikoa eta kohesionatua den gizartea osatu behar dugu, erronka demografikoari edo mugimendu migratorioei erantzunak topatzeko gai dena, baina baita bizikidetzan edo desberdinkeria gainditzen dakiena ere. Horrekin batera, ordea, eredu energetiko eta produktiboan datozen aldaketei aurre egiten asmatu behar dugu, eta berdin klima aldaketaren ondorioen aurrean erresilienteak izaten ere.

Elkarren ondoan datozen osagaiak dira, eta herri izaerako erantzunak topatzeko prest izatera deitzen gaituzte. Horrek guztiak aurretik datozen auziekin bat egin behar du, hala nola gure hizkuntza eta kulturari ezartzen zaizkion bazterketa eremuak gainditu beharrarekin, lurralde arteko lankidetza eragozten duten egiturak indargabetzearekin, edo gure herrian diren hezkuntza zein komunikazio sistemek sasoi honen pareko maila garatu beharrarekin.

Badakigu ez dela ideia berrien inguruko eztabaidarik faltako, desadostasunak ere ez, baina hein berean badakigu borondateak batu beharko ditugula, eta Ā«herria eginĀ» beharko dela kidego sentimendu desberdineko pertsona eta organizazioekin batera. Abertzale eta subiranistok, Aberri Eguna antolatzeari ekin ziotenen oinordekook, badakigu lehen pausoa eman behar dugula, gure ordez ez baitu beste inork egingo. Euskal herri izateari garai honetarako hezurra eta mami berria emateaz ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.