Euskal Herria gara, gero!

Karmelo Landa eta Unai Villacorta
2024ko uztailaren 10a
05:00
Entzun

Oso ondo dago eskuin muturra geldiaraztea Frantzian edo Espainian. Ez edozein preziotan, ordea. Euskal Herria, euskaldunon nazioa, onartua eta errespetatua izan behar da, etxe barruan eta kanpoan, ezer baino lehen.

Euskal Herria, Baskonia, gure nazioa, mundu osoaren aurrean agertzeko ahaleginetan gabiltza euskaldunok. Historian zehar, Espainia eta Frantzia sortu  aurretik ere, Euskal Erresuma nolakoa izan den eta gaur egun non gauden agertzen du, adibidez, argitaratu berri dugun Imago Vasconiae kartografia historikoaren bilduma bikainak. Barne irudia eta besteen aurrekoa.

Badugu irudia orain eta badugu izena aspaldian. Nafar Erresuma Erdi Aroko estatua zen XII. mendetik, euskal lurralde guztiak bere barne hartzen zituena, eta gutxienez XVI. mendetik gara izenez Euskal Herria. Atzerri urrunetako bisitari ugarik ere ikusi, izendatu eta deskribatu du euskaldunon nazioa historian zehar.

Baina ez Frantziak ez Espainiak ez gaituzte ikusten, ez gaituzte onartzen, ez gaituzte errespetatzen. Ez lehen, ez orain. Beraien naziotasuna eta hizkuntza inposatzen dizkigute Euskal Herrian. Guk nahi ala ez, frantziarrak edo espainiarrak izatera derrigortu eta frantsesa edo gaztelera egitera behartzen gaituzte, euskara baztertuz, zokoratuz, galbidean jarriaz.

Espainia eta Frantzia estatu gisa antolatzeko bidean, mende hartu gaituzte XVIII. mendetik Iparrean eta  XIX. mendetik Hegoan. Zazpiak bat garela aldarri egin zuten XIX. mendean Abadiak eta Xahok, baina ondoren ez gara gai izan jauzi egiteko eta ez digute aukerarik eman euskal nazioari antolaketa demokratikoa emateko.

Eskuin muturra geldiarazi behar dela diogu, baina gaur, Euskal Herriari begira, Espainiako eta Frantziako Estatuak beraiek dira eskuin muturra. Esan dezagun hau argi.

Gure nazio propioa modu demokratikoan antolatzeko eskubide osoa dugun arren, ez zaigu onartzen gaur horretarako biderik. Ezinean gabiltza, batetik, estatu biek ez digutelako halako aukerarik onartzen, eta gure kabuz saiatzen garenean, indarrez eta bortizkeriaz trabatzen digutelako bidea. Baina beste alde batetik, etxeko alderdi abertzaleek ere askoz errazago egiten dituztelako aliantzak eta tratuak Espainiako eta Frantziako agintariekin etxe barrukoekin baino.

Ez da inondik inora onargarria Euskal Herriari gaur estatu espainiarrak eta frantziarrak ematen dioten tratua. Ez da demokratikoa. Ukatu egiten digute gure autodeterminaziorako dugun oinarrizko eskubidea. Gure nazioa zatikatu, bereizi eta trabatu egiten dute. Euskara bera ere baztertu egiten dute eremu zabaletan gizarte bizitzatik. Eta gaztelera edo frantsesa derrigortu denean eta guztiontzat. Euskal Herria izena bera ere, historian eta kulturan ukaezina dena, bizitza politiko eta sozialerako ukatu egiten digute, ez dela existitzen aitzakiatuz.

Gauzak horretan direnean, hara etxe barruan ere zer gertatzen ari zaigun: begiratu Euskal Autonomi Erkidegoa (EAE) deitu horretara eta ikusi alderdi abertzaleen artean dabilen lehia gordina. EAJk nahiago du PSOErekin ezkondu eta honen harrokeria espainiarzalea gobernuan partekatu, EH Bildurekin akordio abertzalea adostu baino gehiago. Nafarroan, berriz, euskararen kaltetan gobernatzen du PSOEk, bi alderdi abertzaleen gobernatzeko bonus hori merke lortuta. Eta Iparraldean EH Baik ez du erreparorik ikusi Le Nouveau Front Populaire guztiz frantsesdun eta chauvinistan txertatzeko, Frantzia bera eskuin muturraren besoetan ez uzteko argudiopean, eta pozik agertzen da Errepublika frantsesari egin dion mesede paregabearekin, Le Penen gobernutik oraingoz libratu duelakoan.

Zer lortzen dugu, ordea, euskaldunok EAEn, Nafarroan eta Iparraldean era horretako aliantzak garatu ondoren? Aldatu dute Espainiako eta Frantziako agintariek Euskal Herriarekiko jarrera? Eman diote bide berririk euskarari? Onartuko dute orain nazioa garela eta autodeterminazio eskubidea dugula?

Euskaldunon kaltea ez dator, beraz, hutsean eskuin muturretik. Frantziatik bertatik dator, edo Espainiatik. Hau ikasten ez dugun bitartean ez dugu Euskal Herri librerik izango.

Eta guk Euskal Herri libre, justu, aurreratu eta aurrerazalea nahi eta behar dugu. Eta euskal herritar guztion artean sendoa, oso sendoa da, faxismoaren eta eskuin muturraren aurkako jarrera, badakigu, eta arrazoi sakonak ditugu horretarako. Baina beste gauza bat ikasi behar dugu gertatzen ari den horretatik: orain daramagun bidetik baino gehiago, askoz ziurragoa izango da Euskal Herri batu, euskaldun, bakezale, burujabe, feminista, justu eta demokratikoagoa lortzea Frantziako bosgarren errepublika horretatik eta Espainiako monarkia borboniko horretatik kanpo kokatu eta Euskal Errepublika independentearen bidea hautatzen badugu.

Nola egiten da, baina, hori? Euskal politikagintzaren muina Euskal Herrian bertan kokatu behar dugu, ezinbestean. Bai bertoko erakunde autonomiko edo departamentukoetan, hauetan egoeraren diagnosi zehatzak egin, aliantza egokiak garatu eta ekinbide zuzenak bultza daitezkeelako. Bai eta herri elkarte, sindikatu, entrepresa eta kultur erakundeetan, euskal naziogintza benetako auzolan kolektiboa bihurtzeko. Gizarte gai nagusiak berton bideratu, gure nortasuna, integrazioa, kultura eta hizkuntza, etxebizitza, osasuna, hezkuntza, ikerketa eta garapen teknologikoa, komunikazio sare publikoak, zaintza publikoa, industriagintza, laborantza, trantsizio ekologikoa. Bagara nor gure nazioa modu egokian gobernatzeko. Eta horretarako ere nazio mailako instituzio eta erakunde politiko administratiboak jarri behar ditugu indarrean, kanpokoen mende egon ordez.

Has gaitezen Frantziari eta Espainiari, ezer baino lehen, errespetua eta Euskal Herriaren nazio aitortza mahai gainean jartzetik. Gune historikoa, gune geografikoa, gune kulturala aspaldi badena, behingoz, gure gune politiko nagusia bihur dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.