Ernaiko kidea

Euskal Herria irabaztera

Joanes Aranguren Arrieta
2026ko ekainaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Garai aldakorrak bizi ditugu. Mundu mailako oreka politiko eta ekonomikoak azkar eraldatzen ari dira, eta horrek ziurgabetasuna zabaldu du gizartean. Gerrak, krisi ekonomikoak, bizi kostuaren garestitzea edota lan baldintzen okertzea ez dira urruneko errealitateak; gure egunerokoaren parte bihurtu dira. Gazte belaunaldi askorentzat, gainera, gero eta zailagoa da etorkizuna egonkortasunarekin lotzea. Etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, prekaritatea edo etorkizunarekiko ezinegona belaunaldi oso baten bizipen partekatuak dira.

Testuinguru horretan, gizartearen erritmoak ere erabat aldatu dira. Informazio jasa amaigabeak eta sare sozialen moldeek eta berehalakotasunaren kulturak zaildu egin dute hausnarketarako eta eztabaida sakonerako espazioa. Dena gertatzen da azkarregi, eta sarritan, ez dago ulertzeko edo kolektiboki pentsatzeko ez denbora ezta tresnarik ere. Horrek, besteak beste, neke soziala eta frustrazioa elikatzen ditu.

Euskal Herria ez dago egoera horretatik at. Herri txikia izan arren, mundu mailako aldaketek eragin zuzena dute gurean. Gainera, gatazka politiko nabarmena bizi dugu, gure nazioaren ukapenetik hasten dena. Horren adibide dira euskararen aurkako oldarraldia(k) areagotu izana azken urteetan eta gure herriaren etorkizunari eragiten dioten erabaki asko guregandik oso urruti hartzea. Zentzu horretan, gero eta nabarmenagoa da Euskal Herriak tresna politiko eta ekonomiko oso mugatuak dituela datozen erronkei modu burujabean aurre egiteko.

Garaiotan diskurtso erreakzionarioek pisua irabazten dute. Ez da fenomeno berria. Historian zehar ziurgabetasun sozial eta ekonomiko handiko uneetan ideia erreakzionarioek gizartean sarbide errazagoa izan dute (ezkerreko mugimenduetan ere bai). Gaur egun ere antzeko dinamika bizi dugu Europan eta mendebaldeko herrialde askotan: eskuin muturraren gorakada eta diskurtso autoritarioen hedapena.

Izan ere, faxismoa ez da soilik alderdi ultra batzuen presentzia edo estetika jakin bat. Fenomeno politiko zabalagoa da. Gizartearen frustrazioa eraldaketarako potentzialtasun berezia duten subjektuen aurka bideratzen du: migranteen aurka, feminismoaren aurka, aniztasun sexualaren aurka... Aldi berean, ordea, ez ditu sistema ekonomikoaren oinarriak zalantzan jartzen. Hor dago erreakzioaren muina: desberdintasunak sortzen dituen sistema bera mantentzea, haserrea beste norabide batera bideratuz.

(neo)Faxismoak ez ditu iraganeko forma berberak erabiltzen. Ez doa beti svastika edo aguilucho-ari lotuta. Diskurtso autoritarioak modu sotilagoetan hedatzen dira gaur egun: sare sozialetako mezu sinplifikatuetan, umorearen bidez normalizatutako mezu arrazistetan edo matxistetan, edo askatasunaren izenean intolerantzia justifikatzen duten planteamenduetan. Horrek zailago egiten du fenomenoa identifikatzea, baina ez du arriskua gutxitzen.

Euskal Herri aske batek bizitza duinak bermatzeko gaitasuna duen herria ere izan beharko luke: gazteek etorkizuna hemen eraiki ahal izan beharko lukete, euskarak espazio propioa izan beharko luke eta komunitatearen logika merkatuaren gainetik jarri beharko litzateke.

Euskal Herrian, fenomeno horrek ezaugarri propioak ditu. Hemen faxismoak eta erreakzioak espainolismo autoritarioaren edo frantses zentralismoaren aurpegia du maiz. Hori dela eta, hemen eta orain aplikatu beharreko ideia nagusia hau da: Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borroka eta antifaxismoa ezin dira bereizi; ezer gutxirako balio du soilik zeren kontra gauden adierazteak. Horri errotik erantzungo dion proiektu emantzipatzaile baten eraikuntzan jardutean datza antifaxismoa. Printzipio sozialista eta feministetan oinarritutako euskal estatuak faxismoaren aurkako bermeak eskainiko dizkigu.

Gazteon egunerokora itzulita, testuingurua nahasia da gazteontzat. Informazio gehien dugun une honetan desorientazio handia bizi dugu. Egoera prekarioei aterabide indibidualak bilatzen ibiltzen gara batzuetan, horrek sortzen duen etsipen guztiarekin. Egun nagusi den indiferentzia politikoan sakondu baino, hori iraultzeko proposamenak garatzen ari gara, eta gero eta gehiago gara egokitu zaigun garaiari modu kolektiboan erantzuteko antolatzen garen gazteak. Baina are gehiago izateko beharra dugu.

Hala ere, Euskal Herriak baditu egoerari aurre egiteko oinarriak ere. Herri honek tradizio politiko eta sozial sendoa eraiki du hamarkadetan zehar. Belaunaldi askok defendatu dituzte hizkuntza, kultura eta askatasun politikoak, eta ondare horrek gaur egun ere indarra dauka. Horregatik, Euskal Herrian antifaxismoa ez da soilik faxismoaren aurkako jarrera bat; herria defendatzeko modu bat ere bada. Hau da, komunitatean eta justizia sozialean oinarritutako herri baten aldeko apustua.

Hor dago gaur egungo eztabaidaren muina: zer egin dezake herri txiki batek mundu mailako oldarraldi erreakzionarioaren aurrean? Erantzuna ezin da soilik erresistentzia sinbolikoa izan. Euskal Herriak bere komunitate sarea indartu behar du, hizkuntza eta kultura defendatu, eta etorkizun duin bat eraikitzeko baldintzak sortu.

Horregatik da hain garrantzitsua askatasun politikoa eta askatasun soziala batera ulertzea. Euskal Herri aske batek bizitza duinak bermatzeko gaitasuna duen herria ere izan beharko luke: gazteek etorkizuna hemen eraiki ahal izan beharko lukete, euskarak espazio propioa izan beharko luke eta komunitatearen logika merkatuaren gainetik jarri beharko litzateke.

Euskal Herria irabazi behar dugu, faxismoari lekurik ez uzteko. Independentzia lortu Euskal Errepublika faxismoa gelditzeko. Hori da gaur egungo erronka nagusia: ez soilik erreakzioari aurre egitea, baizik eta Euskal Herriarentzat etorkizun kolektibo duina eraikitzeko gai izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA