EHZko laguntzaileak

Euskal Herria Zuzenean, baina nola?

Ihintza Etxart eta Aitor Servier Etxexuri
2026ko ekainaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurten, Euskal Herria Zuzenean festibalaren 30. urteurrena ospatuko dugu. 1996an Arrosako Zolan abiaturiko proiektuak bizi-bizirik segitzen du gaur egun Arberatze-Zilhekoan, hiru hamarkadatan hainbat belaunaldiren topagune izan ondotik. Denbora horretan guztian, EHZko laguntzaileok garai bakoitzeko erronka sozial, politiko eta kulturaletara egokitzen saiatu gara, Euskal Herriari musikaz, arteaz, harremanez eta antolakuntzaz gozatzeko espazio bat eskainiz. Baina urteurrenak ospakizunerako aukera izateaz gain, hausnarketarako parada ere badira. Gaur egun, pil-pilean dago makro-ekitaldien inguruko eztabaida Euskal Herrian. Guk ere, apaltasunetik, gure iritzia plazaratu nahi dugu euskal musikagintzan antzematen diren zenbait joeraren inguruan.

Zer da musika gure herriarentzat? Horra hor, gure aburuz, funtsezko galdera. Azken urteetan hurbiletik ikusi dugu panorama nola aldatzen ari den. Musika, adierazpide kolektibo eta herrikoi izatetik, gero eta gehiago merkatuaren logiketan harrapatutako produktu bilakatzen ari da. Festibalen, artisten eta publikoaren arteko harremanak ere aldatu dira. Lehen elkarlanetik eta konfiantzatik eraikitzen ziren zubi anitz bitartekarien esku gelditzen dira gaur egun: manager, agentzia eta industria-egitura gero eta handiagoek harreman oro zenbaki bihurtzen dute. Horren ondorioz, gero eta zailagoa egiten zaigu musika plazererako, transmisiorako eta komunitatea biltzeko tresna gisa bizitzea.

Ur handietan sartzerakoan, beharrezkoa da nondik hitz egiten dugun argitzea. Gardentasunez, EHZri buruzko zenbait datu ekarri nahi ditugu lerrootara. Azken urteotan 12.000 pertsona inguru biltzen dira hiru eguneko festibalean; urte osoan 60 bat boluntariok egiten dute lan honen prestaketan, eta 600 laguntzaile inguruk posible egiten dute jaialdia ekain hondarreko asteburuan. 3 eguneko bonurik merkeenak 35 eurotan saldu ziren eta garagardo basoak 2,60 euro balio du EHZn. Instituzioen diru-laguntzak ez dira proiektuaren aurrekontuaren %10era ere heltzen. Gauzak horrela, erran daiteke urteroko mirari txiki bat dela jaialdia antolatzen dugun eran biziaraztea dirurik galdu gabe.

Herri zapaldu batean bizi gara, hizkuntza gutitu batean sortzen dugu, eta horrek erantzukizun kolektibo bat eskatzen du. Merkatuaren lege hutsak ezin dira izan gure kulturaren etorkizuna gidatuko duten bakarrak

Eskalak eskala, geure burua Euskal Herriko kulturgintzaren eszena komunitario eta autogestionatuaren barruan kokatzen dugu. Gaztetxeetan, herriko bestetan, kulturgune txikietan eta auzolanean eraikitzen den sare hori da, gaur egun, euskal musikagintzak duen aberastasunaren oinarria. Horri esker dute hainbeste sortzailek beren proiektua taularatzeko aukera; horri esker iraun du urte luzez merkatuaren logiketatik haragoko kultura egiteko modu batek. Horregatik, kezkatuta begiratzen diogu azken urteetan indartzen ari den joerari. Instituzio publiko askok kultur politikak baino gehiago turismo politikak eta makroekitaldi handiak sustatzen dituzte, transmisioa eta herritarren parte-hartzea ardatz dituzten proiektu txikiagoek bizirauteko zailtasunak dituzten bitartean.

Folklorizazioa ukatzen dugun eta baliabide handien logikan lehiatu ezin garen eragileok gero eta arazo nabarmenagoak ditugu gure proiektuak erakargarri egiteko publiko batzuen nahiz industriako eragileen begietara. Hala ere, EHZren hautua argia da. Egoerak kontrako norabidean bultzatzen badu ere, guk ez dugu musika merkantzia huts gisa ulertzen. Musika herri bat pizten duen bizi-indarra da guretzat. Horregatik, harreman komertzial hotzen ordez, elkartasunean eta hurbiltasunean oinarritutako loturak eraikitzen segituko dugu. Kultura herritik eta herriarentzat pentsatzeko erronkari eutsi nahi diogu.

Herri zapaldu batean bizi gara, hizkuntza gutitu batean sortzen dugu, eta horrek erantzukizun kolektibo bat eskatzen du. Merkatuaren lege hutsak ezin dira izan gure kulturaren etorkizuna gidatuko duten bakarrak. Elkarlana, auzolana eta transmisioa erdigunean jartzea ezinbestekoa da bihar euskal kultura bizirik egoteko. EHZtik, behintzat, horretan segituko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE