Oker ez banago, euskaldun osoaren kontzeptua Sanchez Carrión Txepetx-en eskutik etorri zen euskal soziolinguistikaren plazara. Txepetxek euskalduntze bidean ibilbide naturala eta kulturala bereizten zituen. Batetik, etxean eta testuinguru naturalean eskuratutako euskararen ahozko gaitasuna hezkuntza sisteman euskaraz egindako ibilbide kulturalarekin biribiltzen badu ikasleak, euskaldun osotzat jo daiteke halakoa. Bestetik, etxetik erdaldun izan arren hezkuntza sistemako ibilbide kulturala euskaraz garatuta, mintzamena testuinguru naturalean bereganatzen badu, euskaldun osotzat jo daiteke kasu honetan ere. Ñabardurak gorabehera, euskaldun osoaren soslai linguistikoa hor nonbait ibiliko litzateke Txepetxen arabera.
Horiek aspaldiko kontuak dira, ordea. Azkenaldi honetan euskaldun osoaren aldarrikapena entzun dugu berriro euskalgintzaren plazan. Bestetara gabe, BERRIA egunkarian bertan honako hau irakurri dugu oraindik orain: «Euskalgintzaren Kontseiluak hurrengo hamar urteetarako erronka hau aurkeztu du: euskalduntze erritmoa bizkortzea, 2036rako beste 300.000 euskaldun oso lortzeko».
Nik jakin nahi nukeena azpimarratuz abiatuko naiz. Euskaldun osoak sortzeko zer-nolako botere soziolinguistikoa beharko genuke? Pentsatzen jartzen naiz eta ez dut inon sumatzen halako hiztunak sor litzakeen botere eta sozializazio soziolinguistikorik. Euskaldun osoak sortuko badira, hiztun berrien sozializazio prozesuek euskaraz ez ezik euskaratik eraikiak izan beharko lukete. Euskaldun osoak sortzeak euskal botere eta sozializazio nazionala inplikatzen badu, hots, noranahiko hizkuntzaren estatus politikoa eta corpus linguistikoa izan behar badu oinarri, ez dakit nola lor litekeen egungo baldintza soziolinguistikoetan.
Euskal Autonomia Erkidegoan orain arte egindako hizkuntza politika onenak lortu duen hiztun tipologiak ez du zerikusirik euskaldun osoaren ezaugarriekin. Esango didate gaitasun komunikatiboa eta jarrera kontuak erlatiboak direla. Orain arteko euskalduntze prozesuak sortu dituen euskal hiztunen artean badaude noski euskaldun osoaren ezaugarrietara hurbiltzen diren euskaldunak. Badago euskal intelligentsiaren kontzeptupean sailka dezakegun gizatalde aitzindari txiki bat. Batez ere euskal kulturaren eremuan eta euskarazko komunikabideen esparruetan loratu dena.
Euskaldun diglosikoaren leialtasun linguistikoa ez dator bat larrialdian dagoen hizkuntzaren egoerarekin. Larrialdian dagoen hizkuntzaren hiztunak larritasuna sentitu behar luke ondo bidean, haren hizkuntzak haren nortasunaren eta duintasunaren parte izan behar lukeelako
Alabaina, euskalgintzako elite hori bera ere ezin da erabat eta osoki euskaldun osotzat definitu zentzu hertsian. Izan ere, euskaldun osoaren garapen soziolinguistikoa biribilduko bada, euskararen funtzio komunikatibo adierazgarri batzuek hegemonikoak izan behar lukete. Hiztunaren ezaugarri soziolinguistikoak hizkuntzaren estatusak eta corpusak daukaten sozializazio moduak konfiguratzen baititu. Maila sozialean normalizatu gabe dagoen hizkuntza batek nekez eraikiko ditu hiztun osoaren ezaugarriak.
Euskaldun osoen aldeko dinamika soziologikoa sortuko lukeen sozializazio modurik ez dugu lortu oraindik, hortaz. Euskaldun osoak sortuko lituzkeen sozializazio mekanismoak falta zaizkigu. Guk dakigula, euskaldun osoaren eraikuntza soziolinguistikoa ez da euskaltzaleen esku soilik dagoen ahalmena. Jakina da hala ere euskal intelligentsiako euskaldun gehienak euskaltzaleak direla eta euskaltzaletasunari esker lortu dutela daukaten erreferentzialtasuna. Besteak beste, Ibon Sarasolari irakurri izan diot euskal kulturako eta komunikabideetako euskaldun oso horiek hartu behar genituzkeela eredutzat gure euskara hobetzeko.
Zoritxarrez, hizkuntzen auzi soziolinguistikoak botere kontu konplexuegiak dira hiztun eredu batzuk erreferente gisa hartu eta euskaltzaleen masa kritiko zabal bat artikulatzeko. Salbuespenak salbuespen, horrelakorik ez da gertatu azken hamarkadotan. Besteak beste, berriro diot, botere soziolinguistikoaren mekanismoak ez daudelako batez ere euskaltzaleen esku. EAEko botere soziolinguistikoa ez da euskaltzalea, espainieraren aldekoa baizik, espainolista ez esateko. Botere soziolinguistikoaren mekanismoak hiztunaz edo pertsonaz haratago dauden botere harreman nazional, politiko, ekonomiko eta kulturalen esku daude, bortxa politikoa eta botere faktikoa ahantzi gabe.
Euskararen auzia ezer bada, gizarte fenomenoa da; hortaz, psikologia eta nahikunde gutxiago, eta botere soziolinguistiko gehiago behar dugu. Bidenabar: euskara biziberritzeko Euskal Mundu Biltzar arranditsuek ezer gutxi balio dute, euskararen aldeko egiturazko hizkuntza politikak garatu ezean
Aurreko batean esaten genuen euskararen erabilera euskarak daukan botere soziolinguistikoaren araberakoa dela. Orain esan dezakegu euskal hiztunaren identitate eta atxikimendu soziolinguistikoa ere botere horren araberakoa izan ohi dela. Euskaldun asko, gehienak seguru asko, euskaldun diglosikoak dira praxian, nahiz eta horietako franko eskolan euskaraz ikasitakoak izan. Euskaldun diglosikoaren euskalduntasuna ahozko euskal kulturara mugatzen den heinean, kultura idatziaren eremu hegemonikoan bi erdarak dira jaun eta jabe. Euskadi Irratiaren ahozko komunikazio jardunak funtzionatzen duela dirudi, baita bertsolaritzaren jardunak ere bere esparruan, baina idatzizko prentsa euskaldunari bizkarra erakusten dio euskararen herriak.
Euskararekiko militantzia ere botere soziolinguistikoaren sorkaria da. Euskaldun diglosikoaren leialtasun linguistikoa ez dator bat larrialdian dagoen hizkuntzaren egoerarekin. Larrialdian dagoen hizkuntzaren hiztunak larritasuna sentitu behar luke ondo bidean, haren hizkuntzak haren nortasunaren eta duintasunaren parte izan behar lukeelako. Euskaldunen kontzientzia euskaltzaleaz dihardugunean, ez ditugu kontuan hartzen hizkuntzaren eta hiztunaren arteko harremanak ezin direla larrialdiari dagozkionak izan, hiztunaren identitate linguistikoa hizkuntzaren estatusak eta botere soziolinguistikoak moldatzen dutelako funtsean.
Euskaldun osoak euskal botere soziolinguistiko osoa behar du existituko bada: hots, euskararen funtzio esanguratsu batzuek hegemonikoak izan behar dute nahitaez. Euskaldunaren gaitasun komunikatibo osoa ezin baita gorpuztu euskarak neurri bereko hegemonia soziolinguistikoa eskuratu gabe. Gizarte fenomenoak botere hegemonikoaren arabera konfiguratzen dira onerako eta txarrerako. Eta euskararen auzia ezer bada, gizarte fenomenoa da; hortaz, psikologia eta nahikunde gutxiago, eta botere soziolinguistiko gehiago behar dugu. Bidenabar: euskara biziberritzeko Euskal Mundu Biltzar arranditsuek ezer gutxi balio dute, euskararen aldeko egiturazko hizkuntza politikak garatu ezean.