Euskalgintzaren Kontseiluak zehaztu du erronka: beste 300.000 euskaldun behar dira 2036rako

Kontseiluak 'Pizkunderako Erronka 2036' aurkeztu du, euskalduntze erritmoa orain halako bikoa izateko proposamena. Erabilera bost puntu igo eta %20ko langa gainditzea ere badute xede.

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluaren idazkari nagusia eta Manex Mantxola koordinatzailea, gaur goizean, Andoainen. JON URBE / FOKU
Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluaren idazkari nagusia eta Manex Mantxola koordinatzailea, gaur goizean, Andoainen. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Andoain
2026ko maiatzaren 28a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskalgintzaren Kontseiluak helburutzat du euskarak larrialditik indarraldirako bidea urratzea, pizkunde bat eraginda. Horretarako, Pizkunderako Erronka 2036 txostena aurkeztu dute gaur goizean, Andoainen (Gipuzkoa). Bertan zehaztu dute hurrengo hamar urteetarako erronka: euskalduntze erritmoa bizkortzea, 2036rako beste 300.000 euskaldun oso lortzeko. Halaber, horretarako hizkuntza politiketan beharko den jauzia eta hartu beharko diren neurriak ere zehaztu dituzte. 

Euskalgintzaren Kontseiluko koordinatzaile Manex Mantxolak aletu du proposamena zenbait eragile sozialen eta politikoren aurrean. 140tik gora eragile sozialek izenpetutako Batuz Aldatu dinamikaren bi printzipio gidariak hartu dituzte oinarritzat: euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta euskararen erabilera normalerako baldintzak jasotzea. Baita jite bereko beste hiru proposamen ere. Bat: Euskal Konfederazioak Ipar Euskal Herrirako egindako proposamena, 2050erako herritarren %30 euskalduna izatea jasotzen duena. Bi: Galesko Gobernuaren Cymraeg 2050 proposamena, milioi bat gales hiztunen langa gainditzeko. Eta hiru: Kataluniako Generalitatearen Pacte Nacional per la Llengua akordioa, 2030erako 600.000 katalan hiztun gehiago lortzea nahi duena. «Beste hizkuntza batzuetan egindakoa Euskal Herri osora lurreratzeko erronka bat da gurea». Gaur Andoainen izan dira hiztun komunitate horietako ordezkariak ere, beren proposamenen gainean aritzeko.

Kontseiluaren erronkaren oinarri nagusietako bat ezagutzan eman beharreko jauzia da. Hasteko, egungo egoera zehaztu dute: Euskal Herrian 15.000 euskaldun oso lortzen dira urtero: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 13.106; Nafarroan, 1.490; eta Ipar Euskal Herrian, 441. Proposamenak euskalduntze erritmoa bizkortzea du xede, urtean orain halako bi euskaldun lortzeko, urtero 30.000: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 25.000; Nafarroan, 3.700; eta Ipar Euskal Herrian, 1.300. Mantxolak gehitu du hazkunde erritmo horri 2041era arte eutsiz gero Euskal Herriko biztanleen erdia euskalduna izango litzatekeela. Egun, orotara, milioi bat pasatxo euskaldun daude Euskal Herrian.

Baina ezagutzarako ez ezik, erabilerarako erronka ere ezarri dute. Erabilera aitortua %15,3koa da egun, eta hori bost puntu igotzea dute helburu; hots, %20ko langa gainditzea 2036rako. «Ezinbestean, erronkak aldi berean ezagutzan eta erabileran eragiteko xedea du: ezagutza areagotzea erabilerarako aukerak biderkatu eta sendotzeko, eta erabilera igotzea, hizkuntzaren bizigarritasunaren berme ez ezik, ezagutzaren indartzaile izateko».

Erronka «anbiziotsua» dela nabarmendu dute, baina, aldi berean, baita «egingarria» ere. Gainera, azaldu dute erronka ez dela «adierazpen hutsa» izango: bost urteko bi ziklotan egituratu dute, eta Inkesta Soziolinguistikoa —bost urtean behin egiten da— izango da aurrerapenen neurgailu nagusia. Horrela, neurriak egokitzeko eta norabidea zuzentzeko aukera egongo da etengabe. Bide horretan, bost arlo estrategikotan jardutea planteatu dute:

1

Hezkuntza arautua

Kontseiluaren erronka da hamar urtean 180.000 euskaldun oso hezkuntza araututik lortzea. Horretarako bidea ere marraztu dute. Uste dute funtsezkoa dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan euskarazko ikasteko eredua orokortzea, egungo ereduen sistema gainditzea eta euskara gutxien dutenek euskara gehiago jaso dezaten baliabideak eta tresnak eskaintzea. Nafarroan, berriz, nabarmendu dute funtsezkoa litzatekeela murgiltze ereduan ikastea ikasleen %40k —egun, %30 inguru ari dira—, eta, horretaz gain, ikasle guztiek euskara irakasgai gisa behintzat jasotzea. Ipar Euskal Herrian ere antzera: euskarazko murgiltzea ikastetxeetan hedatzea da gakoetako bat, eta, halaber, ikasle denen curriculumetan euskarazko ikasgaia txertatzea. Jakina, Iparraldean, ezin ahaztu ibilbide akademiko osoa, baxoa azterketa barne, euskaraz egiteko bermea eskuratzearen garrantzia».

2

Helduen euskalduntzea

Proposamenean jaso dutenez, beste 120.000 euskaldun lortu beharko lirateke helduen euskalduntzetik: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 100.000; Nafarroan, 14.800; eta Ipar Euskal Herrian, 5.200. Baina nola? Hiru gako nagusi zehaztu dituzte. Bat: Euskalgintzaren Kontseiluaren eta horren baitan biltzen diren helduen euskalduntze eta alfabetatze sektoreko bazkideekin landutako 2022ko Euskara Ezagutzeko Beharra Helduengan Sustatzeko Proposamena. Euskara ikastea doakoa izatea eta Euskal Herri osorako agentzia bakar eta egonkor bat sortzea proposatzen dute, erakunde publikoen eta herri ekimenaren arteko lankidetzan: Helduen Euskalduntze eta Alfabetatze Agentzia. Bi: administrazioaren euskarazko arnasgune soziofuntzional izaera eta euskalduntze trakzio lana indartzea. Eta hiru: lan munduan euskararen presentzia areagotzeko araudia eta plangintzak sustatzea: lanorduetan euskara ikasi ahal izatea, 50 langile baino gehiagoko enpresek euskara plana egin behar izatea... Mantxolak eman du datua: egun, enpresen %1ek ere ez daukate euskara planik. Gainera, adierazi dute migratuen hizkuntza harrerarako baliabide eta erraztasun gehiago ipini behar direla. 

3

Baliabide ekonomikoak

«Bistan da munta honetako erronka batek, herritarren bizitzako eremu guztietan eragin asmo duen hizkuntza politika berri batek, baliabide material, profesional eta ekonomikoen inbertsioan hazkunde nabarmena eskatuko duela». Kalkulatu dutenez, egun Euskal Herriko hiru gobernuek euren aurrekontu osoaren %0,45 erabiltzen dutela berariazko hizkuntza politiketarako. Gobernu horiei, aldundiei, udalei eta bestelako erakundeei eskatu diete apustua egiteko, hizkuntza politiketarako erabil dezaten Euskal Herriko aurrekontu kontsolidatuaren %2. Hots: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, orain halako bi jarri beharko litzateke hizkuntza politikan; Nafarroan, orain halako bost; eta Ipar Euskal Herrian, orain halako 2,5.

4

Lege oinarriak

Finean, hauxe proposatu dute: euskara Euskal Herri osoan ofiziala izatea. «EAEn, ezinbestekoa da egungo oldarraldi desofizializatzailea etetea, eta arkitektura juridiko berriak saiatzea. Nafarroan, nahitaezkoa da zonifikazioa gainditu eta euskara eremu osoan izatea ofiziala, eta Ipar Euskal Herrian, ofizialtasun estatusa eskuratzea». Hots, orain arteko sustapen politikatik araugintzarako jauzia egitea.

5

Euskaraz bizitzeko behar den dena

Beharra nabaritzen dute aisialdi antolatuan, eremu digitalean, harrera sisteman, lurralde estrategian eta kulturan ere jauziak egiteko. Eta, horretarako, herriaren babesa galdegin dute: «Politika publikoez gaindi, ezinbestekoa izango da euskaltzaletasun aktibo, indartsu eta antolatua; ezinbestekoa izango da euskaltzale bakoitza jabetzea, ahalduntzea eta antolatzea. Azken batean, euskaltzaletasun aktibo eta antolatu hori izango da erronka gauzatu ahal izateko funtsa». Proposamenari babesa emateko, ekainaren 13an Iruñera joateko eskatu dute, Euskaltzaleon Martxara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE