Gutxiengoak zapaldu ahala barbaroak desagertuz omen doaz. Minoriek ez omen dute arrazoia gutxi direlako. Ados. Alta bada, izan ahal izateko, are eta abagune gutxiago sortzen dira minoriak arrazoiz jardun beharrean idealismo soilean aritzen badira. Pasioak lehenik eta emozioak ondoren, euskaldunok elkarri ukatu dioten konfiantza gabeko fededunak izan gara. Espainiarren totalitarismoak bezatu ezinezko barbaroak. Antigoalean bar-bar mintzo zirenak, bar-bar aroetako barbaroak.
Euskal Herri zahar hartatik egungo Euskadi berria. Garai berria izan zen Joxe Azurmendiri bizitzea tokatu zitzaiona ere —Espainolak eta euskaldunak idatzi zuenekoa—. Trabarik traba, euskal gizarteak bazuen bere izatearen kontzientzia, berezko kultura baten kontzientzia, baita kontzientzia politikoa ere nolabait. Jakina, gero, kontzientzia horren mailak eta moduak izan dira. Euskaldunen arteko aldeak ere nabarmenak, kontzientzia ezberdin mailak baitira izan. Euskararen kontzientzia hizpide, apologistek eta idazleek arras modu ezberdinean landu dute euskararen auzia, baita euskara bururatu ere.
Batzuentzat —apologistentzat— euskal herriaren bereizgarria da euskara, besteentzat —euskal idazleentzat— herrigile izateko kontzientzia da euskara. Kontzientziak, baina, ez du herri-zeinu soila izan behar, nork bere kontzientzia denaren kontziente izan behar du. Euskal Herria egiteko dago. Euskalduna egiteko dago. Euskaldun oso-osokoa egitea independentea izatea da, beregain izatea. Iragan mende erdi honetan, barbaroen astindua tarteko, Euskal Herri independentearen kontzientzia bizirik egon da. Herria berpiztu zen. Berpizkunde moduko bat izan zen. Ordea, XXI. mende honetara iritsita, euskal independentea edo beregain izateko ahaltasuna apaldu da tanpez.
Euskaldunek —Euskadi deitu komunitatekoaz ari naiz— foruen ildoko independentzia gisako bat ametitu zuten lehen, eta egun, espainiarren konstituzioaren ildoko autonomia begietsi dute. Eta, kasu, baliteke euskalduna salbatzeko modu bakarra izatea ere.
Euskaldunek iraganean euskaltasun kontzientzia izan omen zuten. Alabaina, antza, euskaldun izatearen kontzientzia bazuten ere, ez ziren batasunean ezin aritzearen kontzienteak izan. Euskaldun izateko —pertsona orobat— ez da nahikoa kontzientzia izatea, garenaren kontziente izatea ere baitezpadakoa da.
Lau gizaldi behar izan ditugu euskaldunok garenaz ohartzeko. XXI. mendera iritsita, euskaldun izatearen kontzientzia hartu dugula erran genezake, baina garenaz kontziente izatera iritsi ez. Ez al gara garenaren arerio nagusiak gu geu bilakatu ote?
Zer gara euskaldunok gaur egun? Hasteko, zer ginen euskaldunok iragan mende erdialdean —Azurmendik hizpide duen euskaldunaren garaian— eta zer gara XXI. mendeko lehen laurdenean? Hau da, zer gara euskaldunok azken borroka armatua eta azken borroka ideologiak libratu ostean? Behiala baino independenteagoak al gara politikoki? Bai. Baiki, zatituta gauden arren, independenteagoak gara. Kulturari gagozkiola hobeto al gaude? Ez. Nolanahi ere, egoera politiko eta kultural horien nolakotasunak zehazpen eta argipen asko behar ditu, jakina.
Edonolakoak garen ere, kulturalki erromanizatu gabeak izatetik, espainolduak eta frantsestuak izan ostean, inperialismo berriak asimilatuta izatera pasatu gara, globalizazioaren kulturaren menpekoak gara. Ez gara bakarrak, bistan da. Euskaldunok, baina, ez dugu honezkero etsai bat. Etsai zehatz bat. Euskaldunak ez daki —euskaldun barbarook ez dakigu— etsairik gabeko izaki izaten, izaki bat eraikitzen, ez daki bere burua osatzen erreboltatu gabe, alegia, areriorik gabeko nortasun beregain baten jabe izaten. Aro modernoko azken demokrazia aldian ez du jakin izan eta globalizazioa suntsitzear dagoen demokraziaren —uhin teknologikoen— uharretan gaitza zaio nabigatzea.
Hizkuntzarik —literatura hizkuntzarik— gabeko herriek ez dute kulturarik. Hizkuntza literarioa izatera iritsi ez diren herriek euren kultura zapaldua bihurtu dute aldarrikapen. Euskal apologistek aro modernoan gauzatu ezin izan zuten hizkuntzarik gabeko kultura, kultura aldarrikapena bihurtu zuten XX. mendean. Non dago euskara XXI. mendean? Non gaude euskaldunok?
Aro postmodernoan arazoa ez da euskara, euskaraz bizi baikara hein batean. Arazoa euskalduna da, bere buruan fedea galdu ostean, ez baitu euskara konfiantzazko hizkuntza bere egin, ez da euskararekin fio. Euskaldun izan ahal izateko ez baitago euskararen beharrik. Are gutxiago, izan ahal izateko euskararen beharra sustatu behar badu. Euskal Herriak ez du kultura sendorik, berezko kultura bermatuko zukeen hizkuntzak ez baitu garatu gutxieneko literatura tasunik. Euskarazko kulturaren lurraldeko lurra lur ahula da.
Egungo hizkuntza nagusien mintzodunek —baita hainbat euskaradunek ere— ez dute euskara mespretxatzen, ez dute euskalduna bera gutxiesten, gutxiesten dute euskararen beraren ahultasuna. Engoitik Euskal Herrian sakon sustraitutako beste bi hizkuntzen ondoan —gaztelaniaren eta frantsesaren alboan— egungo globalizazioa-inperioa bihurtu den ingeles hizkuntzaren aldean, hizkuntza ahultzat dute euskara. Behiala legez, euskara gauza bat da etxean, besterik da munduan. Mundua kaleetan eta plazetan egon da XX. mendera arte, XXI. mendeaz geroztik, Internet da mundua, oroz gainetik.
Euskaldunok tesitura horretan aurkitzen gara. Espainiaren ideologia, aro bakoitzeko ideologia, ideologia finkatu eta garatu gabeko Euskadiren ideologiaren gainetik dago. Berbarako, iragan mendeko espainol sozialismoa euskal sozialismoaren gainetik ezarri zen. Euskal sozialismo espainola garatu zen. Euskal sozialismo espainolaren ildoan, ondo baino hobeto azaldu zen euskaldunon aiurria edo izaera.
«Euskalduna lotsa da euskaldun izateaz». Esaldi hori Joxe Azurmendirena duzu. Duela berrogeita hamar urtekoa, alabaina. Erran nahi baitut, euskaldunok gaur egun ere molestatu egiten ditugu espainiarrak. Eta horren lotsa edo beldurra, gainera, erdaraz adierazten dugu. Euskalduna beti behartuta sentitzen da erdaraz adieraztera.
Artikuluaren bertsio luzea helbide honetan irakur daiteke: https://blogak.eus/begizolia/espainolak-eta-euskaldunak-eta-frantsesak.