Idazlea

Euskaldunak erdalduntzeko bideak

2025eko ekainaren 4a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskaldunak ez gabiltza larrialdi linguistikoan halabeharrez. Batez ere azken bi mendeetako mespretxuaren eta zapalkuntzaren emaitza dugu, botere eta borondate politikorik ezaren ondorioa, azken berrogeita bost urteotako hizkuntza politika barne dela. 1980ko hamarkadan, ez ziren oinarriak ondo ezarri EAEn, eta Nafarroa Garaian are gutxiago, euskararen ezagutza eta erabilera gizarte erdaldundura zabaltzeko.

EAEko erakunde publikoetako zutabeetako bat denak, EITBk, zenbat opa (izan) dio gaztelaniari eta zenbat euskarari? BERRIAn agertu berri duenez, Montevideon (Uruguai) Etxepare Institutuaren irakurletza postua duen Beñat Torresi Vascos por el mundo programan parte hartzeko gonbita egin zioten berriki, baina baldintza batekin: gaztelaniaz mintzatzekotan!

Honela hariltzen du gertaera objektibo horrek sorturiko erreakzioa Torresek: «Logikoairudi lezake euskara eta euskal kultura helarazten dabilenak bere horretan agertu nahi izatea kameren aurrean. Eta gainontzean ere bai, ez nuen zertan irakurle posizio hori aitzakiatzat jarri. Baina erraietaraino sartu digute gure burua justifikatzen ibili beharra, haien erantzun erreakzionarioen beldur, aldarrikapenaren eta edukatuak izan nahiaren balantza desorekatu bezain labainkor horretan, bizikidetzaren izenean, haiek gu gutxiesteko eta zapaltzeko erreparorik ez duten bitartean. Gure hizkuntzak ere badu kristalezko sabai bat. (Jalgi hadi plazara... baina ez urrunago 2025-03-30).

Ahalegindu bai ahalegindu zen aipaturiko programan, euskaraz egitea onar ziezaioten, baina debaldetan: «Oraindik hizkuntza aniztasuna oztopo gisa ikusten duten horientzat azpitituluak erabil zitezkeela ere gogorarazi nien. Asko izango direla programa ikusten duten euskal hiztunak. Bigarren kateak ere gizartea euskalduntzeko betebeharra duela (teorian), euskarak behar duela estrategikoki pixkanakako gero eta presentzia zabalago bat kate horretan, eta abar luze bat. Inozoa ni. Kortesiak kortesia («ulertzen dut», «arrazoi duzu baina…» eta halakoak), esperotako erantzuna jaso nuen bueltan. Antza Conquis sindromea ere heldu da programa honetara. Zer espero daiteke, baina, azkenaldian EITBtik edo beste zenbait instituziotatik datozen euskara eskakizunekiko gutxiespenak ikusita?».

Ez zituen argudio txarrak erabili, ideologikoak baino gehiago pragmatikoak batez ere, baina alferrik. Diasporan dabiltzanak basko gisara tratatzen ditu programak, eta programa famatu EAEn ikusienak ere halatsu. Eta ikusle mordoa eta eragina ere baduten bi programa horiek ez dira bakarrak euskaldunak erdalduntze bidean jartzen laguntzen dutenak.

EITBk euskaraz erdaraz baino hobeto moldatzen diren zenbat herritar gonbidatu eta (kasik) behartzen ditu erdaraz egitera?, zenbat pilotari, herri kirolari, herritar? Jokabide horrekin iradokitzen da ezen gaztelaniaz ondo egitea dela garrantzizkoena Euskal Herrian; euskara motza dela, euskara etxerako edo onenean auzorako baino ez dela. Euskaldun edo elebidun diglosiko batzuek gustura onartuko dute, baina horrek ez du telebista publikoaren jokaera zuritzen, inola ere.

Euskal Autonomia Erkidegoan, guztiok ordaindutako instituzioetan, zenbat egin da eta egiten ere da gaztelaniaren alde?, zenbat diru bideratzen da horretara? Eustatek gisa horretako daturik biltzen eta publiko egiten ez duenez, ezin jakin zehazki.

Oraindik orain jakin dugu honako datu hauen berri:

- 2024. urtean, Jaurlaritzak ETB1en publizitateagatik txertatutako diru sarrerak 630.481,37 eurokoak izan ziren telebista publikoarentzat. Halako 3,4 aldiz handiagoak —edo %241,88 handiagoak— izan ziren ETB2koak: 2.156.540,88 euro. [...]

- Arabako Foru Aldundiaren kasuan, ez da alde handirik. Bizkaiko Diputazioak ETB2n baino 5.800 euro gehiago jarri zuen publizitatean ETB1en, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 13.000 euro inguru gehiago sartu zituen euskarazko katean gaztelaniazkoan baino.

- Espainiako Gobernuak, bestalde, ez zuen zentimo bakar bat ere jarri euskarazko bi kateetan publizitate arloan, eta 208.623 euro jarri zituen ETB2rako iragarkietan. (Urtzi Urkizu: Jaurlaritzak 3,4 aldiz publizitate gehiago jartzen du ETB2 katean ETB1en baino. BERRIA. 2025-04-09).

Gure erakunde publiko nagusietan, erabakiak hartzen diren guneetan, zenbat erdara erabili da eta erabiltzen ere da, eta zenbat euskara, azken berrogeitaka urteetan? zenbat euskara erabiltzen da Gasteizko Legebiltzarrean?, zenbat Eusko Jaurlaritzaren bileretan?, lurralde historiko bakoitzeko Batzar Orokorretan?, UEMAz besteko udaletan?

Esan liteke, arrazoi handiz, euskal izeneko erakunde gehienak Espainiako 78ko Konstituzioaren obeditzaile leialak direla hizkuntza kontuan, hots, gaztelaniaz nahitaez jakin beharra dagoelakoari men egiten, eta haren aldeko performatzaile handi bihurtzen; Euskal Herrian —hegokoaz ari naiz— gaztelaniaz jakin ez ezik txukun ere erabili beharra dagoela sendo finkatzen euskaldunon garunetan!

Zenbat propaganda egiten zaio gaztelaniaz idatzitako eta sortutako liburu, antzerki, zinema eta bestelako edozein kultur ekoizpeni?, zenbat aldiz propaganda gehiago euskaraz sortutakoei baino?

Zenbat egin da EAEn, hainbat eta hainbat erakunderen aldetik, euskara eta gaztelania biak gureak direla eta euskaldunok biak baliatu behar ditugula gure kaskezurretan sendo txertatzeko, noiz eta euskara eta euskaldunak mila eratara zapalduak eta mespretxatuak (izan) garenean hizkuntza dela kausa, eta euskararen aldeko diskriminazio positiboa aplikatu beharrean, negatiboa aplikatzen jarraitzen delarik?

Interesa baluke jakiteak EAJ alderdiko bileretan zenbat euskara erabiltzen den?, eta EH Bildurenetan, berdin? Etxe barnean, alderdi horiek burujabetza osoa dute nahi duten hizkuntza politika ezartzeko, eta alderdiak, badakizue, mikrogizarteak dira, eta etxean egiten dutenak izango du eragin nabarmena etxetik kanpo ere, bestelako zirkunstantziek ere eragina izan arren.

Halakoren batean Eustatek emanen dizkigu datu interesgarriok, eta halaber, hasteko, halakoren batean, EAEn botoetan nagusi diren EAJk eta EH Bilduk hobetuko dute Euskararen Lege xaharra euskaldunon aldera... Noiz?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.