Liburu-iruzkingilea

Euskaldunak ez dauka izaterik totalitarismoan funtsaturiko demokrazian

2025eko azaroaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainolak eta euskaldunak saiakeraz gogoetan ari(tu) naiz. Joxe Azurmendik legez, neronek ere euskaldunentzat idazten dut. Ordea, nor da euskalduna XXI. mendean? XX. mendera arte, euskalduna euskaraduna zen. Historian, ideologiak ideologia, beren burua espainol edo frantsestzat jo izan arren, euskaradunek ez dute euskaldun izatea ukatu. Egun, euskaldun askok, euskaradunak izan arren, ez du bere burua euskalduntzat jotzen. Alegia, mende baten joanean, euskaldunon idiosinkrasia nabarmen aldatu da. Euskaradun jende askok ez du euskaldun izan nahi. Hau da, euskararen jabe izateak ez du euskalduna egiten. Edo ez bederen, XX. mendera arteko euskalduna egin zuen moldean.

Euskaldunak lekua badauka munduan, baina ez berezko lekurik. Behiala izan zen euskalduna ez da berriz izango. Ez dut hura euskaldun oso-osokoa zela erran nahi, ezta egungoa baino oso-osokoagoa ere. Egungoaren aldean, bestelakoa zen. Hura iraungi ahala bere izatea deuseztatuz joan zen, eta haren ondoren, euskaldun suerte berri bat heldu da. Hura ez zen beregaina, ezta egungoa ere.

Erdi Aroaz geroztik, mendez mende, espainolak eta frantsesak gure baitan —gure lurraldean, pentsamenduan, gogoan, bihotzean— sartu ziren, baita geure idiosinkrasia aldarazi ere. XXI.mendera iritsita, euskaldunok erdaldunen baitan sartu gara nolabait, baina ez gara gauza izan euren idiosinkrasian amiñi bat eragiteko. Erdi Aroa ekarri dut hizpidera, batetik, euskaldunon bilakaeran berealdiko aroa izan baitzen —Azurmendiren harian betiere—, eta ekarri ere, gaur egun Erdi Aroaren antzeko aro suerte bat bizitzen ari garelako mundu osoan.

Aro postmoderno gisara ekarria den aro hau, oro har, mundutarron idiosinkrasiaren —Mendebaldekoentzat bereziki— eraldatzailea bilakatu da, eta berebat, euskaldunontzat aro eraldatzailea izan ez ezik, suntsitzailea erabat. Aroak aro —erlijioaren mirabeak garen aldetik–, historiaren amaierara garamatzan aroa heldu bide da, aro apokaliptiko gisara deskribatua. Baieztapen hori burutapena —pena— ez ezik, bada ere burutazioa —zioa—. Hau da, euskaldunok —euskal apologistek, kasurako— bertze herri edota nazioetako jendeen izari edo kategoria bera erdietsiko uste genuelakoan jardun dugu iragan mendean. Euskaldun soil-soila izatea ukatu izan gaituztenen izari bera edota izaera berdina erdietsita, berezko estatua izanen genuelakoan munduan. Euskaldunon batasuna erdietsirik, Euskal Estatu Batua izaki.

Ordea, batasuna kontzeptu mitologikoari atxikirik, batasuna —Euskal Estatua— kontzeptu patologiko bihurtu da, bihurtu dute apologistek. ETA fenomenoaren aroak berretsi eta ber finkatu du izaera hori. Iragan mende erdialdean, euskal fenomeno sozial bortitza berriz ere jalgi zenean, euskal arazoa espainiarren arazoa zen funtsean. Arazoa espainiarrena edo euskaldunona ote den ebatzi aldera, hona argibide bat: euskal arazoa historikoki espainiarren izaera totalitaristaren ondorioz azaleratu da. Paradoxikoa bada ere, izaera totalitaristek mantendu dute bizirik euskal arazoa. Azkeneko euskal gatazka armatua euskal arazoaren adierazle hagitz krudela izaki. Finean, euskal arazoa euskaldunona bihurriarazi baita; baitute, baitugu. Anartean, aitzitik, Frantziako Estatu demokratikoak aspaldi otzandu eta asimilatu zuen euskalduna. Euskal arazoa ez da frantziarrena egundo izan, ez Frantziaren menpeko euskaldunentzat halakoa izan ere.

Euskalduna demokrazia modernoak asimilatua izan da, baina totalitarismoak bere egina du aldi berean. Mendez mendeko sistema totalitaristen ideologiek manera nabarmenez eragin dute euskaldunon izaeran. Ez gara bakarrak, noski. Inor ez da libratzen menperatzen duen ideologiaren eraginaz. Areago, ideologia totalitarista horien aurka gero eta gehiago borrokatu eta euren izaera areago inpregnatu izan da borrokalariengan. Are, euskaldun erreboltariek praktikatu duten borroka efizientea izan beharrean, ondorio in-efizienteak ekarri ditu. Espainiarren —Espainiako Estatuaren aldian aldiko botereen— aurkako borrokan —estatu totalitarista izatetik estatu demokratikoa bilakatze bidean— espainiarrek demokrazia suerte honen moldea txertatu dute euskal herritarrengan. Euskal herritarren izaera anitzaren ideia hau gailendu da: jendarte honetan izaera guztiak zilegiak dira, euskal jendartea jende anitzez osatuta dago. Alabaina, euskal herritarra izan daiteke euskalduna izan gabe. Espainola ez bezala, euskaldunaren izaera askotarikoa da, euskalduna jendarte anitzaren izaera guztien jabe da. Euskalduna espainiartasunean edota frantziartasunean bizi da, zenbait kasutan bietan ere bai, aldiz, espainolek eta frantsesek beren tasunean baino ez. Horra gaur egungo demokraziaren lege zigilua; zilegitasuna. Areago, frantsesak nahiz espainolak ingelestasunean bizitzen hasi dira euskalduntasunean bizi beharrik gabe, alafede.

Paradoxak paradoxa, demokrazia postmodernoak euskalduna bihurrarazi du norbanako demokratikoena. De facto demokratikoena, ez de jure, ordea. Euskalduntasun izaera, paradoxikoa ez ezik, zinez paradigmatikoa da. Euskalduna askotariko izaeraz osatua izan arren, ez da subjektua. Ez da subjektu nagusia. Nagusitasuna beharrean euskalduna subjektu printzipalena izatea pentsa genezake. Bai zera. Ez horixe! Euskara objektua da euskara eduki ez duenarentzat. Artean, euskaldunak euskara bere gogora erabil dezake, baina berezko ekintza ahalmenik ez duen gauzakia izaki. Ondorioz edo, euskalduna ez da subjektua, ez da subjektu aktiboa. Izatekotan subjektu erreaktiboa da. Euskaldunak ez dauka izaterik demokrazia modernoan. Beraz, erran dezagun, totalitarismoan funtsaturiko demokrazian.

Euskaldunak —euskalduntasunarentzat, alegia— ba al dauka etorkizunik? Hau da, mundializazioan eta globalizazioan hondoratzen ari diren estatu totalitaristen ondorengo garaian, demokrazia liberal postmodernoen ondorengo sisteman, euskalduna subjektu printzipala izan al daiteke? Nekez. Ezinezkoa erranen nuke. Euskara zilegia da euskal jendartean. Euskarak baina, aspaldi utzi egin zion haizu izateari.

Oharra: Artikuluaren bertsio luzea aurkitzeko, jo helbide honetara: https://blogak.eus/begizolia/espainolak-eta-euskaldunak-eta-frantsesak 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.