Otsailaren 5ean Baionan epaitu gintuzten, 2025eko irailaren 27an Departamenduaren Baionako egoitzaren horman Euskaraz bizi nahi dugu margotzeagatik. Ekintza horrekin, euskarak gutxiengo egoeratik ateratzeko behar duen diru kopuruari begira frantses instituzio politikoetako agintariek ematen dutena ez dela batere aski salatu genuen.
Aitzineko hilabeteetan Baionan izandako zonbait auzitan hamazazpi auzipetuei euskaraz deklaratzea debekatu zieten bezala, otsailaren 5eko auzian ere epaileak debekatu zigun.
Epaitegietan euskaraz deklaratzea debekatzea oinarrizko eskubideen zapalkuntza da: ez baita inolaz ere zilegizkoa epaitegi batean bertako jatorrizko hizkuntzan deklaratzea norbaiti debekatzea; hitz egiten ditugun hizkuntzak garenez, garena izatea debekatzea delako, hots, gure duintasuna ez errespetatzea delako; eta, jatorrizko hizkuntza euskara den lurraldean, epaitegian frantsesez deklaratu nahi dutenak pribilegiatzen dituelako eta ondorioz euskaldunak bigarren mailako herritar egiten gaituelako.
Baionako epaitegian euskaraz deklaratzea debekatua izatea egoera orokorraren adibide bat da: hizkuntzei dagokienez, euskaldunentzat ez da justiziarik, zeren justizia giza duintasuna errespetatzea da eta pertsona guziak berdintasunez tratatzea da.
Betebehar etikoa da oinarrizko eskubideak errespetatzea eta zapalkuntzarik ez egitea. 1996an Unescok izenpetu zuen Hizkuntz Eskubideen Adierazpen Unibertsalak, 20. atalean, hau dio: «Pertsona orok, epaitegietan, hizkuntza autoktonoak ahozkoan eta idatzian erabiltzeko eskubidea du». Beraz, edozer izanda ere lege idazkiek diotena, epaileek euskaraz deklaratzen utzi behar dute.
Gainera, euskaraz deklaratzen uzteko lege idazkiak behar badituzte, badira: «zapalkuntza mota guzien aurka pertsonen duintasuna babestea balio konstituzionala duen araua da»; «zapalkuntzari aurre egitea gizakien eskubide natural eta behin betikoa da» (1789ko Gizakiaren eta Herritarraren Adierazpena, balio konstituzionala duena).
Erresuma Batuko Galeseko epaitegietan galesez deklaratzen ahal da, Italiako Trentino-Adige Garaiko epaitegietan alemanez, Kanadako Quebecen frantsesez!
Baionako epaileek epaitegian euskaraz deklaratzea politikoki debekatzen dutenez, aterabidea politikoa izanen da
Beraz, edozer izanda ere frantses Konstituzioak bestalde dioena, euskaraz deklaratzen epaileek legez utzi behar dute. Hala ere, frantses Konstituzioaren 2. atalak epaitegietan euskaraz deklaratzea debekatzen duela diote.
1992an, legebiltzarkideek Konstituzioaren 2. atalean «La langue de la République est le français» esaldia gehitzearen alde bozkatu zuten, frantsesa ingelesarengandik babesteko. Hain zuzen, urte hartan Frantzia Maastricht-eko europar ituna izenpetzekotan zen, eta Frantziako legebiltzarkideek uste zuten itun horrek frantses hizkuntzaren erabilpena apalduko zuela. Bozkatu aitzin, hainbat legebiltzarkidek erran zuen esaldi hori ez litzatekeela euskara bezalako hizkuntza gutxituen aurka erabili behar; orduan, orduko justizia ministroak zin egin zion ez zela horretarako erabiliko. Beraz, argi da, esaldi horren gehitzearen alde bozkatu zuten legebiltzarkideentzat, esaldi horren muina frantsesa ingelesarengandik babestea zen, eta ez hizkuntza gutxituak zapaltzea. Epaileek legearen muina errespetatu behar dute, baina ez dute errespetatzen.
Frantses legedian ez da idatzia epaitegietan euskaraz deklaratzea debekatua dela. «La langue de la République est le français» esaldiaren izenean epaileek ezin dute legalki euskaraz deklaratzea debekatu, baina debekatzen dute. Ilegala da, legebiltzarkideen nahiaren aurka egitea delako. Epaileen erabaki politiko antidemokratiko larria da.
Horra beste froga bat politikoa dela: Hego Euskal Herriko Euskal Autonomia Erkidegoan euskara ofiziala denez, EAEko herritarrek Baionako epaitegian euskaraz deklaratzeko eskubide legala dute. 2004ko urtarrilaren 8an, Baionako epaitegian, demoen aurkako epaiketan, EAEko auzipetuek euskaraz deklaratu ahal izan zuten. 2026ko otsailaren 5eko auzian, aldiz, nahiz eta epaileak hilabete bat lehenago itzultzaile profesional euskaldunen zerrenda bat eskuratu, itzultzaile gazteleradun bat etorrarazi zuen. EAEko hiru auzipetuoi euskaraz deklaratzea debekatu zigun eta 500 euroko isuna gibelapenarekin ordaintzera kondenatu gintuen. Laugarrenari, Ipar Euskal Herrikoa, euskaraz deklaratzea debekatu zion ere; 1.500 euroko isuna ordaintzera kondenatu zuen eta bi urterako eskubide zibikoak kendu zizkion. Epaiketa honek ez du inolako zilegitasunik, epaiketa batean akusatuak bere burua defenditzeko aukera ukan behar baitu, eta epaileak ez zuelako baliozko argumentu juridikorik eman euskaraz deklaratzea debekatzeko.
Erresuma Batuko Galeseko epaitegietan galesez deklaratzen ahal da, Italiako Trentino-Adige Garaiko epaitegietan alemanez, Eslovenian hungarieraz, Suitzan italieraz, Danimarkako Faroe uharteetan faroeraz, Kanadako Quebecen frantsesez!
Baionako epaileek epaitegian euskaraz deklaratzea politikoki debekatzen dutenez, aterabidea politikoa izanen da. Horiek hola, Euskal Herriko hautetsiei Baionako epaitegian euskaraz deklaratzen uztea frantses Estatuko agintariei exijitzea eskatzen dizuegu.