Euskaldunok ohituta gaude euskara bigarren —edo hirugarren— mailan uzten duten erabakiak eta arauak ikustera, baita horiek pairatzera ere. Baina oraingoan nork eta Eusko Jaurlaritzak gutxietsi du gure hizkuntza. 2025eko uztailaren 18an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian honako arau hau: 139/2025 dekretua, uztailaren 1ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan erlezaintza antolatzekoa. Gobernu Kontseiluak onartu zuen, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Amaia Barredo Martinek proposatuta.
Azter dezagun erlezaintza antolatzeko dekretu horrek hizkuntzaren inguruan arautzen duena. Lehenik eta behin, kontsumitzaileentzako informazioa derrigorrez gaztelaniaz idatzi behar dela xedatzen du 11.3 artikuluak, eta euskarazkoa guztiz borondatezkoa dela zehazten du, gaztelaniaren osagarria, betiere: «Gainera, honako derrigorrezko aipamen hau gehituko da gaztelaniaz: 'La miel no es recomendable para niños/as menores de 1 año'. Aukeran, aipamena euskarazko itzulpenarekin osatu ahalko da: 'Eztia ez da urtebete baino gutxiagoko haurrentzat gomendagarria'».
Horrez gain, 11.2 artikuluan, Eusko Jaurlaritzak agindu zezakeen etiketetako informazioa nahitaez euskaraz egon beharra —ez dezagun ahaztu Espainiako Auzitegi Gorenak eta Konstituzio Auzitegiak ontzat emandako aukera dela—, baina Lakuak ez du aukera baliatu: «Ustiategian erauzi eta ontziratutako erle-produktuek Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorreko (REGA) zenbakia izan beharko dute, honako derrigorrezko aipu honen bidez, etiketaren hizkuntzaren arabera: 'Producido, extraído y envasado en la explotación ES**********'. 'ES********** ustiategian ekoitzi, erauzi eta ontziratutako produktua'».
Aurrekoa aski ez, eta erlauntzen seinalizazioan euskara bigarren mailan jartzeko agintzen du dekretuaren 8.2 artikuluak: «Atención Abejas / kontuz erleak» edo «abejas trabajando / erleak lanean». Hurrenkera hori Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak berak onartutako hizkuntz irizpideen aurkakoa da, baina Gobernu Kontseiluak ez du arazorik izan horren aurkako dekretu bat onartzeko.
Horiek horrela, ez dugu ulertzen Eusko Jaurlaritzaren utzikeria kontsumitzaileon hizkuntza eskubideak bermatzeko, eztiaren kasuan argiki ikus dezakegun bezala. Bestalde, ezin dugu konprenitu euskara bigarren mailakotzat jotzea, EAEko Estatutuan eta azaroaren 24ko Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko 10/1982 Legean euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza dela jaso denean, eta botere publikoei dagokienean euskaldunon eskubideak zaintzea eta bermatzea.
Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari eskatzen diogu abiaraz dezala EAEko Erlezaintza Antolatzeko 139/2025 Dekretua aldatzeko prozedura. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu hemendik aurrera euskaldunon hizkuntza eskubideak modu errealean bermatzeko erabakiak har ditzala, kontsumo arloan ere bai, euskaldunok erosten ditugun produktuen informazioa euskaraz irakurtzeko aukera izan dezagun.