Euskararen gaia ez omen da gatazkatsua izan behar, denak lagunak bagina bezala, denak euskaltzaleak balira bezala. Gatazka arbuiatzen duen gizartean bizi gara: ikuspegi desberdinak dituzten gaiak (izan ñabardurak edo izan jarrera guztiz kontrajarriak) mahai gainean jartzea giroa txartzea dela leporatzen zaigu. Lan egin dezagun giro onean, ez dezagun eztabaidatu zatitzen gaituzten gaiez… Eta hori egiten bada, arazoa sortzen da. Gaia atera duenarena da errua, giroa «ozpintzeagatik». Beraz, hobe arazoa isiltzea, gatazka saihestearren.
Langileen egoera txarra da? Enpresak hartzen duen bidea desegokia iruditzen zaigu? Ez gaude ados halako eta horrelako azpiegiturarekin? Ez sortu gatazkarik, izan gaitezen lagun… Noren mesedetan izaten da gatazkak isiltzea eta ukatzea? Beti nagusiaren mesedetan, boterea duenaren mesedetan. Eta boterea kapitalak du, dirua kudeatzen duenak, gizartea kapitalaren menpe nahi duenak. Kapitalak ez du kalapitarik nahi.
Gatazka ukatu nahi izatea klima larrialdia ukatzea bezain zentzugabea da. Gatazka dago katuak sagua harrapatu nahi duenean; gatazka dago errepidearen eta errepidea eraikitzeko murriztu duten oihanaren artean; gatazka dago A eta B aukeren artean eztabaidatu behar denean… Gatazka dago, gatazka saihesteagatik, A aukera bakarrik jartzen dizutenean, B aukera planteatzeko paradarik eskaini ere egin gabe. Gatazka isildua; baina gatazka.
Isildutako gatazka pozoitutako egoera da, eta galtzen ateratzen dena ahulena da, isilarazia dena. Ez du balio aurrera egiteko, ez du balio arazoak konpontzeko… Gatazka ukatzea antidemokratikoa da. Eztabaidari —beraz, ikuspuntu kontrajarrien arteko solasari, batzuetan talkari— atea ixtea, bakearen izenean, antidemokratikoa da.
Eta hitzetan ere badago gatazka. Errelatoa hitza bera gatazkatsua da. Zergatik erabilarazi digute euskarazko hiztegietan existitzen ez den hitza, baizik eta espainolezko hitza? Zergatik ez erabili kontakizuna? Kontakizun horren bertsioa zegoelako jokoan, eta errelatoa hitza sarrarazi digutenek beren bertsioa ere sarrarazi nahi izan digutelako, eta horretarako presioa egin dutelako. Haien hitza bera irentsarazteraino.
Eta nola deitu euskara, katalana, korsikera, bretoiera…? Eskualde hizkuntzak hitza ez al da gatazkatsua? Batzuen iritziz, eskualde hizkuntzak dira, Euskal Herria, Katalunia, Korsika edo Bretainia ez direlako nazio, baizik eta eskualde. Terminoan bertan dago gatazka, hori onartzeak Euskal Herriaren nazio izaera ukatzea dakarrelako, eta nazioa ukatzen duenak ez duelako nahi eskualde hizkuntza ez den beste termino bat erabili.
Eta zer erran hizkuntza minoritario hitzaz? Minoritarioa da gure hizkuntza? Zer adierazi nahi dute, batzuek, hitz horrekin? Minoria baten hizkuntza izanik, ez diezaiokeela gaina har gehiengoaren hizkuntzari. Erran dezakegu minorien eskubideak errespetatu behar direla, diskriminazio positiboa egin eta abar, baina minoria nola tratatu bera gatazka iturri da. Eta zergatik da euskara hizkuntza minoritarioa? Noizbait gehiengoarena eta baita hegemonikoa ere izan zen hizkuntza beste hizkuntza pare batek minoria izatera eraman dutelako. Eta hegemonikoa izatetik minoritarioa izaterako prozesuak ez dira naturalak. Gatazka bat izan da. Espainiak eta Frantziak Euskal Herriak baino armada jendetsuagoak eta arma indartsuagoak dituzte herria zapaltzeko, hizkuntza debekatzeko, ia hiltzeko. Beraz, zer da euskara? Eskualde hizkuntza ala nazio hizkuntza? Hizkuntza minoritarioa ala hizkuntza gutxitua?
Hizkuntza gutxitua erabiltzen duenak zapalkuntza bortitz eta luze hori gertatu dela dio. Herriaren kontrako zapalkuntza ikaragarri hori ukatu nahi duenak —zapalkuntza horretan jarraitzen duelako— ez du sekula erabiliko termino hori, hori erabiliko balu onartu beharko bailuke hemen gertatu denak ez zuela sekula gertatu behar, eta beraz Espainiak eta Frantziak lekuak hustu behar dituztela Euskal Herritik.
Badago beste termino bat, ez hain erabilia, baina neutroagoa dirudiena: jatorrizko hizkuntzak. Hori ez dezake nehork uka. Denek bat egin lezakete hitz horrekin. Baina horrek ere galdera politikoak ditu bere gibelean: leku batean baldin badago jatorrizko hizkuntza bat beste hizkuntza baten (beraz, jatorrizkoa ez den hizkuntza baten) azpitik dagoena, galdetu beharko da zergatik dagoen hizkuntzen arteko talka hori.
Nahi ala ez, termino bat hautatu behar da euskara eta egoera bereko beste hizkuntzak aipatzeko. Eta bakar bat ere ez da neutrala. Hitza hautatzea bera posizionamendu politikoa da.
Auzitegietako erabakiak hizkuntza eskakizunen aurka, azterketak euskaraz egiteko debekuak, Beskoitzeko ikastolari jarritako trabak… Horiek guztiak gatazka dira. Isildu daitezke eta ez protestatu. Baina arazoa ez da konpontzen irribarre batekin erantzunez. Seduzitu behar omen da, baina guk uste badugu ere munduko politenak eta jatorrenak garela, maite ez gaituena ezin dugu behartu gu maitatzera, eta ikastea komeni zaiona eta legeak behartzen diona ikasiko du.
Ororen buru, nazioarteko (Frantzia eta Espainia Euskal Herriaren kontra) gatazka baten biktima ote da euskara? Ezezkoa erantzun lezaketen anitzek ere, beharbada baietz pentsatzen dute. «Bai, baina orain ez da komeni hori azpimarratzea, independentziak ez du berez konponduko» erantzun lezakete beste batzuek, matxismoa egiturazkoa dela salatzea gustuko ez dutenek bezala. Baina, badakigu halakoetan nork irabazten duen beti.