Aitziber Sarobe Egiguren.
Natur kontserbazionista

Euskara gara, lur batean

2026ko ekainaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken hiru urte hauek gogorrak izan dira gure ingurune naturalak, paisaiak eta landa eremuak nor egiten gaituela sinistuta bizi garenontzat. Krisi klimatikoa aitzakia hartuta eta erregai fosilen kontrako diskurtsoa baliatuz, energia berriztagarrien hedapena sustatu da administraziotik Europako diru funtsak eskuratzeko intentzio argiarekin.

Hemen eta munduan kapitalak bideratzen dituen ingurune naturalaren ustiapenean oinarritutako prozesu guztiekin gertatu ohi denez, gatazka sortu da herritarren eta herri ordezkarien artean. Oinarrian bistakoa den ebidentzia baitago: energia berriztagarrien eskala handiko sorkuntza ez da gure gizartearen beharrei erantzuteko planifikatu. Ez klima aldaketari aurre egiteko, ez energia subiranotza bermatzeko eta ezta bidezko trantsizio soziala bideratzeko ere. Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren (LPS) helburu nagusia Europako diru funtsak eskuratzea zen eta horretarako bihurritu da Lurralde Antolaketarako lege-markoa, LPSa bera onartu gabe ere, energia berriztagarrien proiektuei bide eman ahal izateko.

Mendebaldeko ekonomia-sistema kapitalistetan teknologiaren garapena enpresa multinazionalen esku dagoenez, lurraldearen planifikazioa eta giza jarduerak haien mesedetan arautzea da gobernuei egiten zaien eskaera. Kapitalari ahalik eta errentagarritasun handiena ateratzeko logikan, haiek erabakitzen dute teknologiaren garapenaren nolakotasuna, betiere diru-funtsen inbertsioak baliatuz. Testuinguru horretan ari gara gure lurraldearen defentsan, aipatutako LPSak baimentzen duen eskala handiko proiektuak eraikitzeko planifikazio ezak, gure ingurune naturala eta biodibertsitatea larriki hondatzeaz gain, arriskua dakarrelako gure paisaia eta, beraz, identitatea modu itzulezinean eraldatzeko.

Stop fosilak, nola ez. Energia fosilak dira azken mende eta erdian krisi ekologiko globala eragiterainoko garapena izan duten teknologien baldintza. Baina, aldi berean, garapen teknologiko horri esker bizi dugu planetaren alde honetan inoizko ongizate mailarik handiena, gizartearen gehiengo batek, bederen. Gure bizimoduaren oinarri energetiko eta materialak aldatu gabe «stop fosilak» esatea hutsala da.

EAJ eta PSE-EE alderdiek inbertsioak bizkortzeko premiazko neurriei buruzko lege proposamena aurkeztu berri dute, lurraldearen ustiapena errazteko izapidetze-prozedurak azkartzeko, tokiko erakundeen eskumenak mugatu eta herritarren parte-hartzea murriztea proposatuz

Izan ere, energia fosilen erabilera industrialak ez du alternatiba berriztagarririk gure ekonomia-ereduan. Ekoizpen prozesuak eta produktuak eraldatu ezean, egungo sare produktibo industrialari ezingo zaio energia berriztagarriekin erantzun. Industriaren intentsifikazio maila horri erantzuteko energia berriztagarrien eskala handiko sorkuntzarako azpiegitura orok ingurunean duen eragina jasanezina izango da, ez bakarrik biodibertsitatearentzat, baita tokiko gizarteentzat ere. Trantsizio energetikoaren ereduan dago arazoa, ez helburuan. Jokoan dagoena lehendik ere oso lausoa den lurrarekiko harremana da, gure lurraldea kamiseta batean irudikatutako mapa bat baino zerbait gehiago izatea nahi badugu, bederen.

Nafarroako eta Gasteizko parlamentuetan auzi horrek ez du lehentasunik, bistan denez. Identitatearen eta kapitalaren artean aukeratu behar izatekotan, EAJk beti egin du bigarrenaren alde. PSE-EE eta PSN alderdiek ez dute joko zelaia ere onartzen.

Testuinguru honetan, enpresek dena alde dute irabazteko, lurraldearen kudeaketa enpresen interesetara makurtzen da, parke eoliko edo fotovoltaikoen proiektuetan behin eta berriro irakurri dugunez. Irakurritako azkena Ikatz Gane proiektua izan da, Hernaniko mendietan 200 metro luzeko bost aerosorgailu instalatzea proposatzen duena. Proiektu horren ingurumen eraginen txostenean hitzez hitz jasotzen denez, aldapa handiko eremuetan hamar metro zabaleko pista berriak ireki eta tontorrean futbol zelai erdien pareko azalera hormigoituetan itsatsitako azpiegiturek landaredian eragina izango balute ere, «horrek ez du esan nahi epe luzera eremu horretako ingurumen-balioen kontserbazioari eutsi ez dakiokeenik, berez oso degradatuta baitaude baso-landaketa zabalak daudelako». Parke eoliko horrek landaredian izango lukeen eragina gutxiesten da «afekzioaren zatia baso-aprobetxamenduak dituzten eremuetan izango delako», eta, «balio handiko eta garapen-aldi handiko landare-unitateei eragingo zaiela» onartzen bada ere, «hala nola baso-masei, hariztiei», eragina eremuaren «soilik %2,63n (espezie aloktonoak barne)» izango litzateke.

Hara! Basogintza-sektorea ez da nekatzen egurgintzara bideratutako zuhaitz landaketek klima aldaketari aurre egiteko duten garrantzia azpimarratzeaz. Foru aldundien basogintza politiketan ere zuhaizti guztiak baso kontsideratzen dira, egurgintzara bideratutako zuhaitz-landaketen kudeaketa intentsiboak, arraseko mozketak eta makineria astunak eragindako higadurak ez duelakoan lurra hondatzen. Atera kontuak! Enpresa energetikoek ere argi dute balio handiko zuhaiztiak berezkoak direla, basoak, ez landaketak. Enpresa energetikoek ere probetxua atera nahi diote, antza, aldundietatik gure mendietan bideratzen ari diren astakeriari.

Egurgintza sektoreari bezain gutxi axola dio energiarenari gure ingurunearen kalitate ekologikoak eta klima aldaketak. Europan ekonomia berdearen izenean araututako greenwashing lotsagarriari probetxua ateratzea da helburu bakarra: nola landareen fotosintesi bidezko CO2-xurgapenaren aitzakiarekin, hala erregai fosilen erreketatik askatzen den CO2a saihesteko promesarekin.

Beste behin, ordea, ekologismoak indarrik ez omen duen herrian asmatu dugu LPS horri aurre egiten. Hamaika protesta eta milaka helegiterekin, gelditu dugu oldarraldia. Baina, demokratak omen diren Lakuako agintarientzat ez da gustukoa izan herritarron jokabidea, eta etorri da erantzuna: EAJ eta PSE-EE alderdiek inbertsioak bizkortzeko premiazko neurriei buruzko lege proposamena aurkeztu berri dute, lurraldearen ustiapena errazteko izapidetze-prozedurak azkartzeko, tokiko erakundeen eskumenak mugatu eta herritarren parte-hartzea murriztea proposatuz. Euskara gara, lur batean, eta biak ala biak babestu behar dira, iraungo badute. Akordatuko al dira lege horren eztabaidan, gure herriari etorkizuna opa diotenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE