Idazlea

Euskararen gainbeheraz

2026ko abuztuaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dakit irakurleak ezagutuko duen igelaren ipuina. Behin batean igel batek lapikora salto egin zuen. Bai laster ihes egin ere, ura irakiten baitzegoen bertan. Beste egun batean, aipatu lapikoa ur hotzez betea zegoen. Igelak salto egin zuen. Hura poza piszina inprobisatu hartan igerian egiteak sortzen ziona! Berehala ura epeltzen hasi zen. Ura epelago eta bera gusturago. Azkenean, ura hainbeste berotu zen ezen ezin izan baitzuen bertatik bizirik ihes egin. Ez zuen behar hainbat eskarmentu.

Ez dakit euskal irakurleak ondo ezagutzen dituen bere politikariak. Nik ere ez. Azken hilabete hauetan gure politikoek erlikia sakratu bat darabilte esku artean eta, inon bada erlikia sakraturik, hauxe da gure politikarientzat! Erlikia preziatua, miretsia, idolatratua. Aldi berean halaber da batzuek arbuiatua, gaitzetsia, nahiz ez eurek halakotzat aitortua. Euskal etniari errekonozimendu bat eginez, demagun aipatu erlikia lingua navarrorum dela. Milaka urtetan zehar herriak haragitu, mamitu eta arnastu duen hizkuntza. Hain zuzen ere horrexegatik da kultur ondare unibertsaleko altxor inoiz ez behar hainbat baloratua.

Politikariek 1979an euskara autonomia espainolaren mantupean gorde zutenetik, euskararen ezagutza akademiko-edukatiboa etengabe indartu da, baina bere erabilera soziala ere etengabe menostu eta higatu da, gaztelaniaren garroetan ia itoan aurkitzen delarik. Egia da, gutxi hitz egiten du euskaraz gazte jendeak, oso gutxi, besteok ere asko ez, eta okerrena, orokorrean ez zaigula asko inporta. Gazteen kasuan, garbi utzi nahi nuke errua ez dela eurena, ezta gurasoena ere hein handi batean, errua politikariena da, Eusko Jaurlaritzarena hein handi batean.

Irakaskuntza arautuan, gobernu autonomoaren ardurapeko irakaskuntzan, euskararen irakaskuntza, akademia partikular batean ingelesa ikastearen parekoa dela iruditzen zaie ikasleei. Herri bezala euskararen garrantziaren kontzientzia jaso eta bereganatu gabe ateratzen dira ikastolatik. Patioan jada erdarara jotzen dute, ikastolatik at, kale gorrian erdara da nagusi eta etxeko telebistan gazteei benetan interesatzen zaizkien programak erdara batuan daude ia denak grabatuta. Gure etxera bi iloba etortzen dira astero egun batzuetan bazkaltzera eta iritsi orduko Youtube plataformako Plex, Ibai Llanos eta abarren bideoak jartzen dituzte itsu-itsuan. Ez dut eskatzen harrijasotzaile edo pilotarien bideoak ikusi behar lituzketela, baizik eta irrikatzen dituzten bideo horiek berak, ingelesez eta gaztelaniaz ikusteko aukera badute, zergatik ezin dituzte euskaraz ikusi? Zergatik ez daude aipatu bideoak eta gehiago ere euskaratuta? Diru arazoa da? Ez dut uste.

Gobernu autonomoaren ardurapeko irakaskuntzan, euskararen irakaskuntza, akademia partikular batean ingelesa ikastearen parekoa dela iruditzen zaie ikasleei. Herri bezala euskararen garrantziaren kontzientzia jaso eta bereganatu gabe ateratzen dira ikastolatik

Euskarak autonomia espainolaren mantupean gordeta jarraitzen duelarik, hona hemen beste arazo luze bezain konpontzeko zitala. A zer nolako kalapita sortu den administrazioaren lan eskaintza publikoetan (LEP) eskatu behar den euskara mailari buruzko negoziazioak direla eta! EAJ eta EH Bildu, bi lehiakide zein baino zein sutsuagoak, baina arbitroa nagusi. Ez dakit azkenean gure igela ur irakinetan hilko den. Baina arazoa benetan da garrantzitsua. Euskal gizarteko lurralde nazionalaren atal ia nagusia, funtzionario publikoena, nola euskaldundu behin betiko, era dramatikoan, eraso judizialen inolako eragozpenik gabe eta euskararen egoera kritikoa kontuan hartuta? Biak legebiltzarrean 27na aulkirekin daude. EAJ prest dago euskara jakin gabe ere funtzionarioak hartzeko, baina gero ikasiko dutela aurrez hitza eskatuta. EH Bildu bi hizkuntzen parekotasuna exijitzearen aldekoa da.

Nik nire uste apalena azalduz, euskararen gainbeheraren egoera kritiko honen aurrean proposatuko nizueke gaia Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailari dagokionez, legozkiokeen zuzenketak eginda gero, Eusko Legebiltzarrak hurrengo akordio parlamentarioa har dezan saiatzea:

1. Hemendik bi urtera, Administraziorako lan eskaintza publiko bat aditzera ematea. 2. Lan eskaintza honetara nornahik aurkeztu ahal izango du, baina besteak beste, bi hizkuntza ofizial deklaratuak, euskara eta gaztelania, biak ongi menderatu beharko ditu. 3. Lan eskaintza publikoan zehaztuko dira hizkuntzen xehetasunak, lan kategorien arabera. 4. Bi urteko epea ontzat ematea bietako edozein hizkuntza lan eskaintza aurretik ikasteko. 5. Hiritarren batek uste izanez gero laguntza beharko lukeela hautatu duen hizkuntza epe horren barruan ikasteko, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko du edonork eskatutako laguntza hori doan eta efikaziaz jasotzeko.

Akordio hau, nolabait esateko, urrats minimo eta positiboa da, guztiz demokratikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA