Ibai Zabala Gandarias

Eutsiko dion herria

2023ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Aurrekoan, harri eta belarri eginik gelditu zen lagun bat munduan 6.000 hizkuntza baino gehiagohitz egiten direla esan nionean: «Ezinezkoa da, zenbat herrialde daude, bada?». Hori galdegin zuenean ohartu nintzen berak zerabilen logikaz, Frantziako Iraultzatik eratorritako pentsamenduaz: Une nation, une langue. Baina soilik gurean, estaturik gabeko herri azpiratu batean, hiru hizkuntza ofizial eta herritarren ahoetan dabiltzan beste ehun baino gehiago hitz egiten dira-eta! Zer-nolako kaltea eragin dion munduko hizkuntzen dibertsitateari ilustrazio frantsesak bultzatu zuen ideia hark; ondare behar lukeena traba lez irudikatu zuenak, mundua galbidera daraman kapitalismoari beste euskarri bat eskaini zionak.

Era berean, XX. mendearen bigarren erdian hasi zen eta bere bidean aurrera jarraitzen duen ondorio larri bat ekarri du: munduko hizkuntzagutxituen desagerpena. Alegia, estatu batek eskaintzen dion estalpe juridikorik zein sozialik ez duten hizkuntzen galera. Desagerpen fenomeno horren harira, honakoa zioen David Crystal hizkuntzalari galestarrak 2017an: «Munduan dauden 6.000 hizkuntza baino gehiagotatik litekeena da XXI. mendea bukatu baino lehen, hizkuntzen erdiak gutxi gorabehera desagertzea» (hamabost egunetik behin hizkuntza bat hilko litzateke). Hau da, klima larrialdia bizitzen ari garen bezala, hizkuntza larrialdia ere bizi dugula; hizkuntzen genozidio baten aurrean gaudela. Eta gurea, tamalez, ez dago urruti.

Jakina denez, hizkuntza baten desagerpena ez da goizetik gauera eta ausaz gertatzen, menderakuntza prozesu luze eta diseinatu baten ondorioz baino; ez da berezko heriotza, hilketa baizik. Prozesu horretan nahitaezkoak diren bi faktore azaltzen ditu Wolfgang Dressler austriar linguistak: «Hizkuntza baten desagerpenak bi elementu eskatzen ditu: elebitasuna (edo eleaniztasuna), eta hizkuntza ordezkapena, hau da, hizkuntza errezesiboak lekua uztea hizkuntza menperatzaileari». Gurean erraietaraino sartuta ditugun osagaiak, biak ala biak.

Batetik, elebitasuna; azkenaldian, eleaniztasun hitzera itxuraldatu nahian dabilena. Euskalduna gutxienez elebiduna izatera behartuta dagoen gizarte batean bizi gara, non euskal elebakarrak desagertu diren, baina erdal elebakarrek hor dirauten, erreproduzituz. Errealitate horren aurrean, euskaraz bizi nahi dugun euskal elebidunok intolerantetzat joak izaten gara askotan, aldarrikapenik txikiena ere egin orduko nazi bezalako irainak entzuteraino. Halakoetan Xabier Mendigurenek Euskaldunon Egunkaria-n idatzi zituen hitzok datozkit gogora: «Batzuk ez dira oraindik ohartu eta behin eta berriz esan beharko da, herri honetan benetan plural eta tolerante euskaldunak garela, gure hizkuntzaz gain gaztelaniaz edo frantsesez ere hitz egiten dugulako. Erdaldun hutsak singularrak dira alde horretatik, tolerantziaren hondatzaileak eta beren hizkuntzaren inposatzaileak». Argi gera bedi.

Eta, bestetik, elebitasunaren eskutik doan hizkuntza ordezkapenaren fenomenoa dago. Duela hilabete gutxi Iñaki Iurrebaso soziologo legazpiarrak argitara eman duen tesi zoragarrian, ordezkapen hori, ordezkapen-aro gisa definitu duena, hegoaldean noiz gertatu zen zehazten du: 1906tik 1971ra. Aipatu behar da eskura dauden lehen datu demolinguistikoetatik abiatuta finkatu duela 1906. urte hori ordezkapenaren hasiera gisa Iurrebasok. Baina, dakigunez, eta berak ere aitortzen duenez, gure herrian askoz lehenagotik zetorren fenomenoa da, zenbakitan isla edo froga ezin litekeen arren.

Eta horrela iritsi gara egun dugun Euskal Herrira; askok erdarak biltzaile eta euskara banatzaile irudikatzen dituen herri batera, kanpokoak etxekotu eta bertakoa arrozten ari denera. Eta hori ez da gertatzen ari soilik elebitasunaren edo hizkuntza ordezkapenaren eraginez, baita horien ondotik garatu eta larriagoa den beste faktore bategatik ere: euskaldunon artean gertatzen ari den nortasun ordezkapenaren ondorioz.

Mitxelenak berak aipatzen zuen misteriorik handiena ez zela euskararen jatorria, baizik eta nola iraun duen hainbeste mendetan zehar eta hain baldintza zailetan. Bada, nola ez dakit, baina zergatik galdetuko bagenu, erantzuna argi izango nuke: euskal nortasunari esker. Euskal herritarrek tinko eutsi baitiote beti beren nortasunari, euskararen bidetik sortu eta errotu izan denari. Hori izan da herri kohesioaren eta erresistentziaren osagai nagusia.

Eta hizkuntza ordezkatu den bezala, nortasuna ere, tamalez, bide beretik doa. Indibidualismoaren pipiak nortasunaren babesleku izan den komunitatearen txapela jan du, eta babesleku horren faltan, ondoan ditugun frantses eta espainol hizkuntzez zein kultur erreferentziez bustitzen gaituzte, gure nortasunean eraginez. Baina ez gara horretaz ohartzen, ez zaigu iruditzen gertatzen ari denik ere. Nortasun ordezkapena zirimiri efektuaren parekoa baita: bustitzen ez duela dirudi, eta konturatu orduko, blai eginda bukatzen duzu. Eta hala gaude.

Kontu horien guztien inguruan hausnartzen nenbilela, Leire Bilbaoren luma fin bezain goxotik sortutako esaldi batek jo zidan gogoa: «Eskutik hartu eta ez da jausiko zubixe, geu ga eusten daben herrixe». Horra hor, bizirik irauteko, iraganean izan ditugun eta etorkizunean ere ezinbestekoak izango diren hiru elementuak: herria, eskutik hartuta; hizkuntza, zubia; eta nortasuna, aurreko biei eutsiko diena. Etorkizunari eutsiko dion herria euskaldun guztiok eskutik hartuta eta gure hizkuntzatik egin beharrekoa izango baita; bide horretan aurkituko ditugun trabez kontziente izanda eta, horien aurrean, nortasunez jokatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.