Piztu Donostiaren izenean

Ez dakigu ahoa ixten

Maria Luisa Sanchez, Andoni Rodriguez, Urko Seis Dedos eta Joseba Alvarez
2025eko uztailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Azken sei urteotan Piztu Donostia eragile sozialaren talde motorra osatu dugunoi txanda pasatzeko unea iritsi zaigu, mila gai eta beste mila fronte zabalik geratzen diren arren.

Duela sei urte Eneko Goiak PSOEren laguntzarekin osaturiko Donostiako Udalak bideratzen zuen politikak eragile sozialon zein ekintzaileon eskubide sozial, zibil eta politikoak gero eta gehiago murrizten zituela ikusirik, Eleak-Libre taldeak, aurreko urteetan landutako bideari eutsiz, Piztu Donostia taldea sortzeko erabakia hartu genuen, eskubide sozial, zibil eta politikoen defentsa Donostian bideratzeko, gertatzen ari zena ikusita ez genuelako isilik geratzeko asmorik eta bestelako Donostia nahi genuelako.

2019ko azaroan, Piztu Donostia taldea martxan jartzea proposatu genuen Donostiako Ezker Nodoaren bileran, Egian. Txoko Internazionalistan egin zen bilera hartan, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Bake Ekintza Antimilitarista, Ernai, Errauskailuaren aurkako mugimendua, Etxerat, G7 Ez Plataforma, Kijera gaztetxea, Hotel 1+ Ez, Antiespezistak, Stop Deshaucios eta Herritarron Donostiako ekimenetako kideek ontzat eta beharrezkotzat jo zuten Piztu Donostia taldearen sorrera eta eskubide sozial, zibil eta politikoen defentsa. Gure Esku Dago, Askapena, Satorralaia, Komite Internazionalistak eta Antikapi taldeetako kideek ere, bileran egon ez ziren arren, beren adostasuna adierazi zuten. Kontsentsu zabalarekin sortu ginen, beraz.

Bost izan ziren orduan finkatu genituen lan ildoak. Lehena, Erasoen Kontrako Protokoloa, isunen jarraipenerako fitxa eta guzti. Bigarrena, Isunen Datu Basea eta euskarri digitala. Hirugarrena, Eskubideen Behatokia, Errepresioaren Liburu Zuria eta aktibista sozialentzako babes juridikorako sarea. Laugarrena, Erresistentzia Kutxa, isunen ordainketa laguntzeko sarea. Eta, bosgarrena, Donostiako borroka sozialen Irudi Bilduma, gure hiriburuan azken hamarkadetan gai ezberdinen inguruan izan diren borroka sozialen argazki eta bideo artxiboa, eta Donostia Gorria izeneko gida ibilbide-liburua. Tamalez, ezin izan ditugu guztiak landu. Hor daude bideratzeko zain...

Izan ere, garai hartako eragile sozialen aurkako eraso benetan bortitza zen Donostian. 2018an eta 2019an, lan politiko edo soziala egiteagatik, mozal legearen zein mozal ordenantzaren bidez 285 isun jarri zirela salatu genuen Piztu Donostiatik. Zehazki, 2018an, 130 isun izan ziren, eta, 2019an, 155: ia %20ko hazkundea izan zuen Eskubide Sozial, Zibil eta Politikoen aurkako eraso errepresiboak Donostian. Hau da, Eneko Goiak eta bere Udal Gobernuak Donostia mozal hiria bihurtu zuten.

Udaltzaingoak beste isun asko jarri zituen Zibismoaren Udal Ordenantzaren bidetik. Pankarta edota kartel politikoak jartzeagatik gogor zigortu dituzte eragile zein aktibista sozialak. Donostia publizitate komertzial erraldoiez bete diguten arduradun politikoek 400 euroko isuna ere jarri izan dute pankarta, kartel edo pegatina politikoak jartzeagatik. Publizitate komertzialari ateak zabaldu eta propaganda politikoari ateak itxi.

Errepresio politiko hau bideratzeko lege marko bikoitzaz jabetu zen Eneko Goia. Batetik, Espainiako Estatu mailako mozal legea, eta, bestetik, Donostiako Udaleko Zibismoaren Ordenantza, mozal ordenantza. Eta bi lege marko horiek aplikatzeko bi polizia erabili ditu hasieratik: Ertzaintza eta Udaltzaingoa. Horrelakoa izan da hasieratik haien Donostiaren eredua.

Eta, orain, Donostiaren bideokontrol adimenduna jarri dute martxan. Donostiako Udalaren gai informatikoak lantzen dituen DonostiaTIK erakundeak esan du bideokontrol adimenduna indartzeko eta bideratzeko lehen urratsak egin direla, besteak beste, bideokontrolerako kamera adimendunak hirian zabalduz. Kamera horiek adimen artifizialarekin funtziona dezaten beharrezko azpiegitura teknologikoa ere instalatu dutela esan dute. Berrikuntza horiek guztiak Europako Next Generation funts famatuen laguntzaz eraman dira aurrera. Gerrarako eta kontrol sozialerako ez dago aurrekontu mugarik. Horren aurkako kanpaina ere martxan jarri dugu.

Hori izan da, laburbilduz, Piztu Donostia plataformak bere sei urteotako jardueran izan duen emana, eta horiek izan dira zabaldu dituen lan ildoak. Ikusten den moduan, badago zer landu. Baina iritsi da gaur arte Piztu Donostia eragilearen Talde Motorra osatu dugun lagun multzoa berritzeko unea. Hala egiten ez bada, Piztu Donostia eragilearen ibilbidea amaitutzat eman beharko da. Gu prest gaude gure lanaren emaitza, bitartekoak, harremanak, materiala, sarea eta ardurak Piztu Donostia eragilea dinamizatzen jarraitu nahi duen taldeari pasatzeko. Horretarako egin dugu lan-balantze hau, eta horretarako deia zabaldu dugu argitaratu dugun liburuxkaren bidez.

Milesker sei urteotan gurekin elkarlanean aritu zareten guztioi. Merezi izan du, baina txanda pasatzeko unea iritsi da. Jende berria eta gaztea behar du eskubideen aldeko borrokak. Zuena da txanda eta hitza. Eutsi borrokari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.