Akabo: propagandak irabazi digu. Gaurgero eztabaida ez omen da adimen artifizial sortzailea erabili nahi dugun ala ez, baizik eta nola erabili nahi dugun. Edo, behinik behin, horixe sinetsarazi nahi digute. Adimen artifiziala geratzeko etorri ei da; denok baliatuko dugu, antza.
Horrekin, baina, ziria sartu digutelakoan nago. Izan ere, lortu dute adimen artifiziala beharrezkotzat jotzea: «Saihetsezina da. Erabili ezean, atzean geratuko zara». Hortaz, jada ez dugu zalantzan jartzen tresna bera; ez digute tarterik utzi erabakitzeko ea bizi nahi dugun erreminta magiko hori gabe, zeinak magia baino baliabide ugari kontsumitzen baitu. Existitzen denez, erabili beharko dugu, eta dagoeneko ahantzi ditugu behar dituen azpiegitura eta bitartekoak, ekar diezazkigukeen ondorioak, eta, bide batez, sortzen dituen arazo etiko zein moralak.
Halabeharrez onartu behar ditugu albo-kalteak, azken finean, ezin dugu-eta adimen artifiziala ekidin: agian gure datuak masiboki bilduko dituzte, baina jadanik gutxi axola digute horiek; beharbada datu-zentroek elektrizitate eta ur kantitate handiegia kontsumitzen dute, baina horrelakoa da teknologia-aurrerapena; akaso gerrarako edo zelatatze masiborako baliatzen ari dira, baina, tira, ez hemen —momentuz—; tresna horien jabeak, apika, faxismoa finantzatzen ari dira, baina halakoxea da bizitza; heldu bada, kognizio-arazoak sortzen ari zaizkigu dagoeneko, bai eta buru-nahasmenduak eta mendekotasuna ere, baina zer egingo diogu?; bai, jendea esplotatzen dute adimen artifiziala entrenatzeko, baina ez dago kontsumo etikorik kapitalismoan...
Esango nuke eztabaidaren fokua zeharo desbideratuta dagoela. Erabilera etikoak bilatzen ditugu, halakorik balego bezala, ezin omen dugulako ez erabili. Alabaina, azkarregi baztertu dugu adimen artifiziala boikotatzea
Atzean geratzeko beldur bide gara, nahiz eta ez jakin noren edo zeren gibelean geldituko garen. Milioika dolar inbertitzen dituzte, diru galerak izanda ere, gure bizitzen parte izan dadin, eta guk amua irentsi dugu, zeren eta lepoa egingo bainuke gehienetan erabiltzeko premia handiagoa dela asebeteko duen beharra baino. Alegia, «arazo hau dut, eta adimen artifizialak lagundu nazake» baino gehiago, maiz honako hau dela: «Pentsa dezagun zertarako nahi dugun adimen artifiziala, erabili egin behar dugulako».
Are gehiago, eta nahiago badut atzean geratu? Ez dakit zuek, baina nik bederen ez dut desiratzen etorkizun bat non adimen artifizialari esker-edo lan gehiago egin dezakedan denbora berean, gaur egun nahikoa azkar biziko ez bagina bezala. Aitzitik, inongo lotsarik gabe onartzen dut gustatuko litzaidakeela lan gutxiago egitea. Nire utopia propioak teknologiaren eta datuen burujabetza ditu oinarri, eta ez da, inolaz ere, tekno-oligarkia bat. Nire ametsetan gizakiok egindako lanak balioesten ditugu, eta inori ez zaio bururatzen adimen artifiziala erabiltzea sorkuntza-lanetarako, nahiago dugulako prozesuaz gozatu. —Ironikoki, gaitasunak delegatzeak atzean utzi dezake norbait, ez baita gehiago trebatuko horietan—.
Esango nuke eztabaidaren fokua zeharo desbideratuta dagoela. Erabilera etikoak bilatzen ditugu, halakorik balego bezala, ezin omen dugulako ez erabili. Alabaina, azkarregi baztertu dugu adimen artifiziala boikotatzea, esate baterako. Bitartean, poliki-poliki, mundu hau are biziezinago bilakatzen ari zaigu, besteak beste, burbuila honen atzean dagoen guztiarengatik.
Argi izan dezagun teknologia ez dela neutroa eta tresna bat existitzeagatik ez dugula zertan erabili. Eta bai, badakit, norbanakoen erabakiek ez dakarte aldaketa handirik; beharbada munduaren akaberaren aurrean neure burua lasaitu nahi dut honen guztiaren konplize ez izanez. Soluziorik badago, kolektiboa eta egiturazkoa izango da, aurreko astean Itziar Eizaguirrek eta Igor Calzadak nik baino sakonago deskribatu zuten bezala Ekoteknopolitika: adimen artifiziala armagabetzen artikuluan. Halere, utz iezadazue azken apunte bat egiten: esan ohi da ezin garela guztiz koherenteak izan, eta ados nago, noski, baina esaera horrek balio beza geure burua ez zigortzeko eguneroko kontraesanengatik, eta ez amore emateko gure gain dauden erabakien aurrean. Izan ere, ez, adimen artifiziala ez da saihetsezina.