Ez gara bikiak

2023ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Denbora gutxi barru Lehendakari berria hautatzeko inbestidura saioa Gasteizko Legebiltzarrean dela eta Euskal Telebistari begira igaroko ditut bizpahiru ordu. Agian zerbait, zerbait berria entzungo dugu, baina ez dugu zorterik izango. Beharbada hizlariak ni baino askoz adimentsuagoak direlako, edo nire garuna zahartzen doalako, ez ditut nahi bezain ongi ulertuko. Asko kostata baina, mezu ezberdinei kasu eginez, ez da aldaketa handirik izango, beraz, ondorioa betikoa; denak nahi dutela gauza bera, baina hori gezurra da.

Nire ustez, hamarkadetan agintea daramatenek, ez dute sobera argi agertzen non eta nola gauden, ondoren nora eta nola heltzeko. Betiko ur gurpilari lotuta jarraitzen dute, jira eta buelta, baina beti toki berean daude. Hortik eta horrela, inor ez doa urruti, agian bertan gelditzeko asmoak dituztelako. Hortik datoz, azken emaitzak.

Ez nuke nahi inor haserretzea, baina Legebiltzarrean egingo duten saioari sekulako garrantzia ematen diogu, baina egun gutxi barru, gertatutakoa aztertzerako garaian, zer esan dezakegu, zertarako balio izan digu? Beharbada ez da erantzun samurra.

Europara begira, euskaldunak gauden tokian gaudela, nora begira gaude, zer eta nondik lortu nahi dugu. Iparretik hegoaldea, Europako sistema ekonomiko eta politiko batetik bestera, nazio eta etnia gutxienen arazoek modu desberdinak hartzen dituzte. Hainbeste badakigu, baita nazio arazo bera ez dela berdina Italian, Frantzian edo Espainian. Baina horrek ez ditu gauzak eta arazoak samurtzen.

Telebistarekin jarraituz, egia esatekotan, —ez dut gordeko— lotsa pixka bat ere sumatu dut, norbaitzuk entzuterakoan. Lau urtez behin agertu behar eta betiko jarrera. Ile gutxiago, sabel lodiagoa eta betiko harrokeria. Ezer berririk ez.

Betiko alderdia eta betiko buruzagiak. EAJ —batez ere hauteskunde garaian— zenbat aldiz agertu zaigu esanez: «Gu gara Jaungoikoa eta Lege-Zaharraren Alderdia». Bai, hori da beraiek esaten dutena, baina gaur bertan entzun dugunarekin, eta bere ibilbide politikoa serio aztertzen bada,azterketak beste zerbait esaten du; Lege Zahar zale Alderdia dela, alegia, eta hori, ez da gauza bera.

Garai bateko klandestinitatea ia-ia ahaztu dugunean, ez dakit ba, egun, ez ote den EAJ Euskal Herriko alderdi klandestinoena. Ez harritu esandakoekin, ez baitago garbi jakiterik EAJ zer den, ezta zein ideologia duen. Alderdi zaharra dela, hori denek dakigu, ez dakiguna da, zertan berritu den, ezertan berritu bada, edo bakar bakarrik, zahartu egin den.

Aspaldidanik, zer ari den eta zer jokabide daraman, ez da gehiegi ikusten. EAJk, Lakuako gobernuari dagokiona besterik ez daki ezer egiten? EAJ —alderdi bezala— Gobernuan esertzen den horretatik kanpora, ez da deus?

Gobernuari dagokion arduratik at, inork ez du ikusten, ezta ezingo du esan EAJ zertan dabilen. Gobernutik at, zer da eta zer ari da EAJ alderdi bezala?

Lau hamarkadaz «demokrazia» politiko kontrolaezin luzetan, eginkizun politikoen agintea, kasta zahar baten pribilegioa izan da. Gizarteari sinetsarazi zaio kudeaketa publikoa ez dagoela edonoren esku. Esperientzia handia ezinbestekoa dela alegia, eta egia da, baina ez dira beraiek bakarrak.

Garai berriak sortu nahi ditugu eta sortzen ari gara, horretarako bide berriak erabili beharrean gaude. Horregatik helburu zehatzak argi jakinarazi eta hauek denei ezagutaraztea derrigorrezkoa da. Nazioen autodeterminazioaz, elkarte nazional arrotzetatik Estatu gisa askatzeko eskubidea ulertzen baita. Estatu nazional burujabeen sortzea ulertzen da. Eta jakinik Estatu espainolean «oso» argala den demokraziaren baitan bizi garela, egin beharreko urratsak ongi neurtu beharrean gaude, aurre eginez jarraitu nahi badugu.

Bide berriak jorratzekotan, orain arte ibilitakoari ongi, oso ongi begiratu behar diogu. Horretarako adibide polita, azken hauteskundeak. Emaitzak zintzo aztertzen baditugu, bai Nafarroan, bai Euskadin, eta kalkulagailuari kasu eginez gero, «matematikaren perbertsioak» dioena da, euskaldun askok eta askok, —ehundaka mila— bizkarra eman diegula batzuei eta besteei. Beraz, Herriari zuzentzen garenean, «denak» dira kontuan hartzekoak, abstentzioak gorde eta ahaztu gabe.

Ez nuke nahi amaitu EAJk asko estimatu zuen gizon bati, nire agurra eman gabe. Allon (Lizarraldea) jaioa, eta 1981. urtean zendutakoa, Manuel de Irujo jauna. Irujok, duela urte asko elkarrizketa batean, —etorkizunari buruz ari zirela— mezu sendoa oparitu zion EAJ bere alderdiari. Hau mezua:

a).-La reorganización integral del PNV, de abajo arriba, preparándolo para cumplir su cometido histórico de conducir a la libertad nacional al pueblo vasco.

b).-Estimular y producir la UNION vasca con la suma de cuantos acepten la democracia humana y la libertad nacional de Euskadi.

Egia, asmo politak, ederrak, baina gaur egun ezinezkoak. Eta lankidetzarako aukerak ez ditut neurtzen hauteskunde kanpainan entzundako astakeriekin.

Ez dut amets egiten EAJ eta EH Bildu, baita gainontzeko ezkerrak ere, bat egiteko aukerarik dagoenik. Baina batasun era askotakoak daude, eta beharbada, agian, izaten ahal da, baina oso zaila dirudi. Zergatia hemen: ez baitut, —gaurdaino— bi buru babestuko lituzkeen txapelik ikusten. Zuek bai?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.