Xabier Makazaga.

Ezkutaturiko biktimak

2014ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Ederki ezagutzen ditugu biktimak hiru kategoriatan banatzen dituzten «demokrata» horiek. Lehen maila soil-soilik ETAren biktimei eskaintzen diete; bigarrena, gerra zikina pairatu dutenei; eta azken-azkena, «polizien gehiegikeriak» jasan dituztenei. Gainera, hamarnaka mila biktima ezkutatu dituzte; bereziki, torturarenak. Hain beharrezkoa duten egia ukatu diete eta, horrenbestez, baita justizia eta erreparazioa ere, berriro errepikatuko ez den bermearekin.

«Demokrata» horiek zera aurpegiratu izan diote euskal gizarteari, ETAren biktimekiko nahikoa enpatiarik agertu ez izana erakunde horrek biktima gehien eragin zuen garaian, 70eko hamarkadaren bukaeran eta 80koaren hasieran. Nahita ezkutatzen dute, ordea, zer-nolako jarrera izan zuten beraiek urte haietan.

Hemerotekan begiratzea aski da ikusteko «berunezko urteetan» ez zutela izan, ezta gutxiagorik ere, gerora izandako interesa biktimez hainbeste hitz egiteko, kasu berezietan salbu. Orduan, interesatzen zitzaiena zen atentatuen eragina gutxiestea, eta komunikabide handiek ezer gutxi zioten gehienei buruz. Horrek zerikusi nabarmena izan zuen garai hartan ETAren biktima askok sentitu zuten bakardadean eta laguntza faltan.

Horra, adibidez, 1979an Iruñean atentatu batean hildako Francisco Berlanga polizia armatuaren alargunak zioena. Poliziaren goi karguek esan zioten lehen gauza izan omen zen «mesedez, ez hitz egiteko», eta oso minduta azaldu zuen «lehertu egin behar genuen, gure negarra eta oinazea ezkutatu».

Andrés Cassinello Jeneralaren arabera, «Estatuak ETAren aurrean ahuldade gehien erakutsi zuen urtea 1980a izan zen, itxaropen ezaren eta desilusioaren urtea». Ez da batere harritzekoa, 1980ean ETAk ia ehun hildako eragin baitzituen, eta aurreko bi urtetan ere berdintsu. Ondoren, nabarmen jaitsi zen ETAk hildakoen urteroko kopurua, eta orduan ekin zioten zeharo desberdin jokatzeari atentatuekiko, eta, bereziki, biktimekiko.

Orduan hasi ziren «berunezko urteetan» jarraituriko irizpideen oso bestelako batzuk jarraitzen. Lehen aldiz ZEN Plan famatuan marraztu ondoren, urtez urte hobetu zituzten irizpide zorrotz batzuk jarraitzeari ekin zioten handik aurrera:

1. Ahalik eta gehien hitz egin atentatuez; bereziki, biktima zibilak eragiten bazituzten.

2. Biktima horiek zeharo errugabeak zirela azpimarratu, zibilak izan edo ez.

3. Ahaleginak eta bi egin jendeak oso hurbileko senti zitzan. Horretarako, haien familia, lagun eta abarrez datu zehatzak eman.

Nabarmena da irizpide horiek oso egokiak izan direla urtez urte ETAren biktimekiko enpatia handitzen joan dadin. Horregatik, beste horrenbeste lortu nahi izan balute torturaren biktimei dagokionez, berdin jokatuko zuketen haien kasuan ere. Ez dute halakorik egin, ordea. Begi-bistakoa da guztiz kontrakoa egin dutela:

1. Tortura salaketak ezkutatu, eta, hori ezinezko den kasu oso larrietan, gezurrak zabaldu. Bereziki, «torturak salatzeko ETAren eskuliburu» famatu bezain faltsuena.

2. Tortura salatzaileak errudunak direla azpimarratu, oso delitu larriak egin dituztenak.

3. Ez eman haien testigantzarik eta, are gutxiago, hitz egin haien familia, lagun eta abarrez.

Sobre la tortura: perspectiva ética y propuesta pedagógica bere lanean, Deustu Unibertsitateko Etika Katedraduna den Xabier Etxeberriak oso ondo azaldu zuen zer-nolako garrantzia duten faktore horiek torturaren biktimei dagokienez. Eta beste horrenbeste gertatzen da biktima ororen kasuan. Faktore horien arabera sentitzen dugu enpatia handiagoa edo txikiagoa biktimekiko. Torturatzaileen konplizeek beti izan dute hori oso kontuan eta horregatik jokatu izan dute hain desberdin ETAren biktimekiko, batetik, eta torturatuekiko, bestetik.

Torturaren kasuan, lehen aipatu bezala jokatu izan dute, espainiar gizarteak torturari erantzun ez diezaion, ezta haren biktimekiko batere enpatiarik erakutsi ere. Eta erruz lortu dute hori, Javier Ortiz kazetariak salatu bezala. Hark zioen espainiar gizarteak ez zuela torturaz ezer jakin nahi «oso ondo datorkiolako torturaz ezer ez jakitea». Egia galanta.

Ortizek garbi asko zekusan horren atzean oso gizatiarra den jarrera bat zegoela. Gizakiok nahiago izaten dugu gaitzei ezikusiarena egitea ez bagaude haiei aurre egiteko moduan, eta halako kasuetan erraz asko onartzen ditugu aitzakia egokiak geure burua konbentzitzeko deserosoak zaizkigun gaitz horiek ez direla egiaz existitzen.

Torturaren ukatzaileek zeharo jakitun dira horretaz, eta gogotik elikatu izan dute jarrera hori. Lehen aipatu bezala, jokatuz elikatu ere; bereziki, betidanik oso eraginkorra izan den gezur bat zabalduz. Herritarrek haien kontzientziak erraz lasai ditzaten ezin egokiagoa den gezurra: «tortura salaketak terroristen eta haien lagunen asmakeriak besterik ez dira».

Horretaz baliatu izan dira milaka biktima ezkutatzeko orduan. «Demokrata» horientzat azken mailakoak izatera ere iristen ez diren torturaren biktimak. Eta hala izanik, ziur naiz haserre handia harrapatuko zutela lehen aipatu Xabier Etxeberriak, torturaren biktimak gogoan, gaitz larri horri buruz esan zuenagatik. Etika Katedradun hori «demokraten» erreferente intelektual nagusietakoa da ETAko biktimen gaiari dagokionez, eta bere artikulu batean esan zuen tortura dela «Estatu terrorismoaren adibide okerrena». Zehazki, Sobre las víctimas del terrorismo artikuluan.

Noiz arte jarraitu behar dute kosta ahala kosta ezkutatzen Estatu terrorismoaren milaka biktima horiek?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.