Joseba Azkarraga Etxagibel.
EHUko soziologia irakaslea

Familia, maitasuna, emantzipazioa

2026ko maiatzaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badatoz familiaren kontrako kanoikadak. Familia da esplotazioaren habia, patriarkatuaren laborategia, kapitalismoaren sukalde isila. Subjektu funtzionalak sortzeko motorra, puztuz gainbalioa. Gustuz irakurri ohi dut Aner Peritz, eta familiaz ohartarazten gintuen maiatzaren 7ko artikuluan, ohi duen indarrarekin.

Egia handiak aipatzen ditu: zaintza-lanen desorekak emakumeen kaltetan; maitasunaren diskurtsoen atzean ezkutatu ohi dira dependentzia eta esplotazioa; estatu kapitalistak eraiki dira familiaren doako lan erreproduktiboa baliatuz. Ondo dio: familia ez da maitasun puruaren habia, ez eta amodio eternalerako espazioa ere. Desfamiliarizazioa proposatzen digu.

Irudi luke apurtzaile eta abangoardista, baina egiaz auzi zaharra da. XIX. mendetik dator familiaren kritika ekonomiko-politikoa. Engelsek familia nuklear modernoa azaldu zuen jabetza pribatuaren eta patriarkatuaren egitura historiko gisa. Gero etorri dira Federici, Fraser, Delphy eta beste hainbat.

Ez da soilik teoria emankorra. Badira eskuak lokatzetan sartu dituztenak. Adibidez, Israelgo kibbutzetan, XX. mendearen erdialdean: familia nuklearra gainditzen saiatu ziren. Desfamiliarizatzen. Haurrak kolektiboki hazten ziren umeen etxe deiturikoetan. Gauero ez ziren gurasoen besoetan lokartzen. Gurasoekin denbora mugatua, zaintza komunitarioa, umeak ez ziren gurasoen jabetza. Eraiki nahi zuten familia burgesaren alternatiba sozialista bat.

Kibbutz gehienek abandonatu zuten eredua. Arrazoia ez zen soilik logistikoa edo ekonomikoa. Gertatu zen inork nahi ez lukeena maite duen inorentzat. Denborarekin, hainbat ikerketak eta testigantzak ohartarazi zuten haur askoren segurtasun afektibo faltaz, distantzia emozionalaz, atxikimendu arazoez. Horrek ez du esan nahi alternatiba orok trauma duenik patu. Ez eta familia nuklearra bera ez denik sarriegi trauma-espazioa.

Dena deseraikitzeak kostu antropologiko, afektibo eta sozial handiak ditu. Eta merkatuaren logikari ateak zabal diezazkioke emantzipazioaren izenean. Agian familia-loturak duintzea da emantzipazioa, desegitea baino gehiago

Eutsi behar zaio zaintza birpentsatzeari, jakinik klase sozialak eta arrazializazioak ere baldintzatu ohi dutela nork zaintzen duen zein baldintzatan. Eta jakinik gaur badakiguna: lotura primarioek dimentsio antropologiko sakona dute. Gaur ezin ditugu pentsatu familia eta giza loturak —ezta alternatiba sozialista bat ere— existitu ez balira bezala Bowlby, Winnicott edo Ainsworth. Gizakiok ezin gara tenkatu txikle baten antzera, ez gara erabat moldagarriak egitura abstraktuen arabera. Ezin ditugu ahaztu zaurgarritasunaren, doakotasunaren eta atxikimenduaren egia existentzialak. Guk geuk lotura afektibo ez-normatiboan oinarritutako familia osatu dugu: gay eta adoptiboa. Horrek ez gaitu kontraesan orotik blindatzen, baina erakutsi digu atxikimenduak eta zaintzak duen sakontasuna.

Familiaren kritikan sarri egin ohi da mugimendu problematiko bera: kritika zentzuzkotik erredukzionismora. Gauza bat da familia produkzio-unitate gisa definitzea; familia batez ere edo funtsean esplotazio-egitura dela esatea, beste bat. Tonu totalizatzailea arazoa da hain auzi konplexuan. Familian sarri dago esplotazioa; baina besterik da esatea familia dela esplotazioa. Esan daiteke maitasunak manipulazio formak har ditzakeela, baina maitasunaren diskurtsoa ez da beti lubrikante ideologiko bat. Afektua ez da beti ideologiaren mozorro. Desira ez da beti boterearen efektu. Galdera handia dago atzealdean: uler liteke giza loturen konplexutasuna, dena dominazio-eskema batean kokatuta?

Interesgarriagoa egiten zait kritika genealogiko eta estruktural bat, baina onartuz giza loturen anbibalentzia. Hau da: familia izan daiteke esplotazio-gune bat, bai; baina baita babes, zaintza eta esanahi iturri ere. Horiek guztiak ekoizpen ideologiko hutsera murriztea pobre samarra da ikuspegi politiko, soziologiko, psikologiko eta antropologikotik. Susmoaren hermeneutikak —dena dominazioaren kodean irakurtzeak— eraman gaitzake besarkada bakoitzean kalkulua ikustera; zaintza keinuetan, kontrola; maitasunean, interes ezkutua. Ez gara hain erraz sartzen kategoria bakar batean, zorionez.

Desfamiliarizazioa gauzatuz gero, zein egitura alternatibotan sostengatu gaitezke? Estatuak? Lagun-sare intentsiboak? Komunitate afektibo berriak? Oraindik ez dugu asmatu familia ordezkatu eta, aldi berean, zaurgarritasun sakonari sendo erantzungo dion egitura sozialik. Are gutxiago, subjektu neoliberaleko garaiotan. Nago desfamiliarizazioak, zaintza despatriarkalizatu ordez, loturak —are gehiago— ahulduko lituzkeela zaintza benetan berrantolatu gabe.

Euskalgintzan ere korapiloa. Hizkuntza gutxituak komunitate-egitura sendoak behar ditu (familia, auzoa, transmisio-sareak, ohiturak…). Baina egiturok susmopean ikusten dituzte subjektibotasun garaikide askok. Identitatearen eta normatibotasunaren aparatu gisa. Nola sostengatu komunitate historiko bat lotura egonkorrik gabe? Zer geratzen da guztia murrizten bada hautazko afinitate likidoetara? Likidoak likidatu ohi du. Kontuan hartuta gure hizkuntza bizi-desafioan dagoela eta, beraz, bala bakarreko esperimentua litzatekeela, ez nintzateke kibbutzetan jolastuko.

Azkenik, kapitalismoa ez da soilik esplotazioa, harremanen merkantilizazioa ere bada. Merkatuaren logikara makurtu ditu lehen doakoak edo komunitarioak ziren harremanak. Bai, harreman ordaindu gabeak izan daitezke esplotazioaren estalki; baina antikapitalismoa ez da harreman guztiak soldatapeko bihurtzea. Kontrakoa, izatekotan: merkatuaren logikatik kanpoko espazioak eta loturak defendatzea. Zaindu familia ez-patriarkala eta ibiliko gara zaintzaren etikaz mailukatzen kapitalismoaren madarikazioa.

Harreman egonkorrak ez dira arazoa. Arazoa da harremanok patriarkalak eta desorekatuak izatea. Dena deseraikitzeak kostu antropologiko, afektibo eta sozial handiak ditu. Eta merkatuaren logikari ateak zabal diezazkioke emantzipazioaren izenean. Agian familia-loturak duintzea da emantzipazioa, desegitea baino gehiago.

Loturak susmopean jartzen direnean, askotan ez da askatasuna hazten dena. Hotza baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA