Faxismoa nazioarteko mugimendua da. Gero eta argiago ikusten ari gara oligarkia atlantistak langileon aurkako agenda gerrazalea abiatu duela eta Europa osoan zehar erreforma autoritarioak bultzatu nahian dabilela. Agenda hori bizkortu eta gupidarik gabe ezarri nahi du faxismoak. Alderdi parlamentario faxistak hedatzen ari dira, Kolonbian azkena. Baina ez hori bakarrik, kale mailako talde eta eraso faxistak eguneroko ogi bihurtzen ari baitira: azken hilabetean etorkinen aurkako pogrom arrazistak gertatu dira Belfasten, neonazi batek labankadaz eraso dio gazte antifaxista bati Gottingenen (Alemanian), etorkinen aurkako manifestazioetan ehunka kide bildu dira Glasgowko kaleetan, mila neonazi baino gehiago atera dira Kieveko kaleetara LGTB taldeei eraso egitera, Europako Parlamentuan ultraeskuineko diputatuek «Send them back» oihukatu dute migratzaileen atxilotzea eta kanporatzea erraztu eta azkartzen duen lege bat onartu ondoren, eta azken astean ICEk bi pertsona erail ditu tiroz AEBetan.
Faxismoak langile klasea du jopuntuan nazioarte osoan, eta Euskal Herria ere ez dago salbu, euskara eta bertako langileriaren eskubideak ere jopuntuan baitaude. Beraz, nola egin aurre Euskal Herritik faxismoa bezalako nazioarteko mugimendu bati? Honako hau beharrezko eztabaida da eta berau elikatzeko asmotan pare bat ideia mahaigaineratuko ditut lerro hauetan.
Uste dut nahiko begi bistakoa dela estrategia nazionalista soil batekin ezingo dugula faxismoa mendean hartu. Dena den, badago posizio hori argudio konplexuagoekin defendatzen duenik; zeinaren arabera, euskal estatu baten eraikuntza litzateke faxismoari aurre egiteko dugun modu bakarra. Hau da, balizko prozesu independentista batek bai Euskal Herrian, eta baita nazioartean ere, indar harremana eraldatzen lagunduko luke, eta, horrenbestez, estatu propio baten aldeko borroka litzateke faxismoaren aurrean Euskal Herrian egin dezakegun borrokarik eraginkorrena.
Bestelako prozesu politiko baten beharra daukagu Euskal Herrian: batetik, Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntzarako ateak irekiko dituen prozesua, nazio zapalkuntzari amaiera emateko
Argudio horrek maila abstraktu batean egokia badirudi ere, argudioaren premisak ez dira existitzen eta gakoa ondorengoa da: gaur egun ez dago martxan euskal estatu bat lortzeko inolako prozesu independentistarik. Batetik, oligarkia atlantistak Europan duen proiektu politikoak (Europar Komisioaren eta OTANen menpeko inperialismoa) eta nazioartean dagoen indar harremanak independentziaren aukera hori blokeatzen dutelako. Baina, bestetik, Euskal Herriko alderdi politiko nagusiak ez direlako bide hori jorratzen ari.
Bere burua independentistatzat zeukan EH Bilduk ez dauka bide orri independentistarik, bide orri autonomista baizik; hots, PSOEren gobernuarekin egindako bulego-negoziazioen bitartez, Espainiako marko politikoaren barruan Euskal Herriak bere estatu politikoa modernizatzea bilatzen du, enpresa-sektoreen eta klase ertainen mesederako batez ere. Esan gabe doa EAJk ez duela nahi euskal estaturik, beraiek ordezkatzen duten burgesiaren sektoreak ez duelako inolako interesik egungo Espainiako eta Frantziako marko politikoarekin hausteko.
Beraz, bestelako prozesu politiko baten beharra daukagu Euskal Herrian: batetik, Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntzarako ateak irekiko dituen prozesua, nazio zapalkuntzari amaiera emateko. Lehia politikoa eman behar dugu auzi sozial eta nazional nagusien inguruan: hala nola langileen esplotazio ekonomikoaren aurka, euskararen alde edota zapalkuntza nazionalaren aurka, beste borroka askoren artean.
Halaber, beharrezkoa da nazioarteko indar harremana eraldatzera bideratutako estrategia, Euskal Herrian eta baita gainontzeko herrialdeetan ere erreforma autoritarioak eta joera neonaziak borrokatzeko gure aletxoa jarriz. Komunismoa nazioarteko indarra bilakatzea inoiz baino urgenteagoa da eta guk ere prozesu horren parte izan behar dugu. Baina faxismoaren ulerkera ere zorroztu beharra daukagu. Izan ere, arestian aipatu dudan estrategia nazionalista beste ideia batez elikatzen da: Euskal Herrian faxismoa espainolismoaren eta frantziar nazionalismoaren faktoreekin artikulatzen dela. Egia da joera erreakzionario eta faxista asko indar horietatik datozela. Komunikabide nagusietan, poliziaren barruan, epaitegietan eta abarretan ugariak dira euskararen, langileen eskubideen edota autodeterminazio eskubidearen aurkako joerak. Baina oraindik faxismoak ez du errelebantziazko gorputz politikorik hartu Euskal Herrian eta, egunen baten politikoki artikulatzen bada, nolabaiteko euskal chauvinismoaren izenean egingo luke ziur aski. Beraz, faxismoa espainolismoarekin eta frantziar nazionalismoarekin artikulatuta dagoen arren, ez da horietara mugatzen, eta faxismoaren aurpegi guztiei aurre egin behar diegu.