EAJko GBBko burukideak

Feminismoa, erantzukizuna eta biktimak erdigunean

Mari Jose Etxegoien Arzuaga eta Itxaso Agirre Loiarte
2026ko ekainaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken asteotan Errenterian eta Euskal Herrian indarkeria matxistaren inguruko hainbat eztabaida piztu dira. Eztabaida horietan, ordea, batzuek EAJri hainbat akusazio zuzendu dizkiete: «instrumentalizazioa», «olatu erreakzionarioarekin bat egitea», «gezurra esatea» edo «feministen hitzak lapurtzea», besteak beste.

Akusazio horiek, larriak izanik ere, ez dira egitate zehatzetan oinarritu. Ez da azaldu zer gezur esan den, nork esan duen edo zer jokabidek justifikatzen duen instrumentalizazioaren salaketa. Horren ordez, desadostasun politikoa eta balorazio ideologikoa aurkeztu dira egia eztabaidaezin gisa.

Hor dago kezka eragiten duen joera bat. Desadostasun politikoa eztabaidatu beharrean, deslegitimatu egiten da. Norbaitek ikuspegi desberdina azaltzen badu, berehala kokatzen da «olatu erreakzionarioaren» barruan, «patriarkatuaren ordezkari» gisa edo konpromiso feministarik gabeko eragile moduan.

Baina feminismoa ez da pentsamendu bakarra. Feminismoaren barruan sentsibilitate eta korronte desberdinak daude.

Mugimendu feministaren historian bertan ikus daiteke feministek askotan irakurketa eta estrategia desberdinak izan dituztela. Desadostasuna demokraziaren eta mugimendu bizi baten adierazgarri da. Desadostasuna ez da berdintasunaren aurkako sinonimo.

Feminismoak urte luzez aldarrikatu du emakumeen aurkako indarkeria ez dela arazo pribatua. Arazo sozial eta politikoa dela erakutsi digu. Baina ideia horrek ondorio argi bat du: arazo publikoa bada, erakundeek ezin dute albo batera begiratu, edo, okerrago, gertatutakoa ezkutatu; alderantziz, behar diren neurriak hartu eta erantzukizunez jardun behar dute, feminismoak berak urte luzez erakundeei inplikazioa, gardentasuna eta erantzukizuna eskatu dizkien bezala.

Xenpelar Bertso Eskolaren kasuan, gertakariak ezagutu ondoren, EAJk —Bertsozale Elkarteak eta Mugimendu Feministak erabilitako terminoetan— Fiskaltzaren eta Arartekoaren esku utzi zuen auzia, gertatutakoa argitu eta erakundeen jarduna aztertu ahal izateko. Hori ez da instrumentalizazioa; hori oposizio demokratikoaren egitekoa da.

Gizarte gisa onar dezakegu sistema paralelo bat eratzea, non batzuek erabakiko duten zer dagoen ondo eta zer gaizki, zer den larria eta zer ez, zein diren babes-neurri egokiak eta zein ez, edo noiz eman behar diren azalpenak eta noiz ez?

Are gehiago, feminismoak berak erakutsi digu isiltasunaren kultura dela askotan arazoaren parte. Isiltasunak, gehiegitan, ez ditu emakumeak eta biktimak babesten; erasotzaileak eta haien inguruko babes-sareak babesten ditu. Horregatik, ezinbestekoa da biktimen ahotsa entzutea, haien bizipenak serio hartzea eta gertatutakoaren aurrean isiltasuna ez normalizatzea. 

Baina horrek galdera deserosoak egitea ere eskatzen du: ea urte hauetan guztietan emakumeak eta adingabeak behar bezala babestu diren, ea erakundeek beren erantzukizuna bete duten, eta zer egin behar dugun etorkizunean antzeko egoerak saihesteko eta babes-sistemak indartzeko. Horregatik, galderak egitea eta azalpenak eskatzea ez da erasoa; emakumeak, biktimak eta haien eskubideak erdigunean jartzeko modua da.

Baina badira eztabaida honetan saihestu ezin diren beste galdera batzuk ere.

Gizarte gisa onar dezakegu sistema paralelo bat eratzea, non batzuek erabakiko duten zer dagoen ondo eta zer gaizki, zer den larria eta zer ez, zein diren babes-neurri egokiak eta zein ez, edo noiz eman behar diren azalpenak eta noiz ez? Gure iritzian, gizarte demokratiko batean ezin dugu onartu pertsonen edo erakundeen erantzukizuna haien hurbiltasun ideologikoaren arabera neurtzea. Emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean irizpide berak aplikatu behar dira beti, erasotzailea nor den edo zein ingurutan kokatzen den kontuan hartu gabe.

Bertsozale Elkarteak berak publikoki onartu du urte luzez luzatu diren egoerak izan direla, sistematikoki gutxienez 2018tik 2024ra, eta erasotzailea babestu edo haren jokabidea estali zuten pertsona edo pertsonak egon direla. Hori horrela bada, Fiskaltzak eta epaitegiek hartutako erabakiak errespetatuz, horiek amaiera eman ahal diote bide penal bati, baina ez lukete eragotzi behar gertatutakoaren inguruko hausnarketa egitea, erakundeen jarduna aztertzea eta etorkizunean antzeko egoerak saihesteko neurriak identifikatzea.

Beraz, testuinguru honetan, zer mezu ari gara emakumeei helarazten? Benetan hori al da gizarte gisa zabaldu nahi dugun mezua? Arriskua baita, azkenean, denoi sinetsaraztea ez dela ezer gertatu. Eta hori ez litzateke bidezkoa izango biktimekin, ezta etorkizunean babes handiagoa merezi duten neska eta gazte guztiekin ere. 

Horixe baita, azken finean, feminismoaren irakaspenik baliotsuenetako bat: boterea duenak ere kontuak eman behar dituela, eta pertsonak, bereziki zaurgarrienak direnak, beti egon behar direla erdigunean. Eta kasu honetan, erantzukizun hori Bertsozale Elkarteari eta EH Bilduk gidatzen duen udal gobernuari dagokie. 

Horregatik, hain zuzen ere, uste dugu ez dela lagungarria feminismoaren izenean batzuk besteak epaitzen hastea, edo nor den feministagoa eta nor ez erabakitzea.

Berdintasunaren aldeko konpromisoa ez da inoren ondarea, ez da sigla jakin batzuen monopolioa, ezta gainerakoen konpromisoa epaitzeko eskubidea ere.

EAJn argi daukagu gure konpromisoa: emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean tolerantzia zero, biktimen babesa, berdintasunaren sustapena eta gertatutakoaren aurrean erakundeen zein erasotzaileen erantzukizuna. Guk bide horretan lanean jarraituko dugu, irmotasunez eta errespetuz, indarkeriarik gabeko eta berdintasunean oinarritutako gizarte baten alde. Era berean, espero dugu gainerako eragileek ere konpromiso horrekin bat egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE