Mugimendu feminista: «Gure konpromisoa argia da: erasoak jasaten dituztenei laguntzea, entzutea eta babestea»

Ehun lagun baino gehiago bildu dira gaur arratsaldean Errenterian, azken asteetan ezker-eskuin zabaldu diren indarkeria matxistako bi kasuren inguruan azalpenak ematera.

Ehun lagun baino gehiago bildu dira gaur Errenterian, bi indarkeria matxista kasu salatzeko. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ehun lagun baino gehiago bildu dira gaur Errenterian, bi indarkeria matxista kasu salatzeko. ANDONI CANELLADA / FOKU
Isabel Jaurena.
Errenteria
2026ko ekainaren 12a
19:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Emakumeok askatasunean biziko garen komunitate bat eraiki nahi dugu. Bertsoak kantatu nahi ditugu, arin-arina eta fandangoa beldurrik gabe dantzatu nahi dugu, gure isiltasunen eta oihuen jabe, gure aukeren jabe izan nahi dugu». Euskal Herri luze eta zabaleko ehun feminista baino gehiago bildu dira gaur Errenterian (Gipuzkoa), azken asteetan ezker-eskuin zabaldu diren bi kasuren inguruan azalpenak ematera: Xenpelar bertso eskolako irakasle baten erasoak batetik, eta Jon Maia Sein dantzariaren sexu erasoen auzia bertzetik. «Bi kasu ezberdin, baina biak erro berekoak: gure jendartean errotutako indarkeria matxista», erran dute. Eta eskerrak eman dizkiete modu batera edo bertzera salaketa egin duten emazteki eta neska gazteei: «Zuek egindako urratsak erasotzaileen inpunitatea amaitu eta indarkeria matxistari aurre egiteko indarra dira guztiontzat». Txalo eta txistu artean hartu dituzte hitzok. 

Kasu horien inguruan solastatu aitzinetik, EAJ egiten ari den «instrumentalizazioa» salatu dute, olatu erreakzionarioarekin bat egiten ari dela erranez: «EAJri eta patriarkatu zaharkituaren ordezkari guztiei —juristei, kazetariei eta gainerakoei— argi eta garbi esaten diegu: gezurra esaten ari zarete, eta badakizue gezurra esaten ari zaretela. Marra gorri guztiak gainditzen ari zarete. Inoiz ez da halako moduan erabili indarkeria matxistak eragiten duen mina norberaren interes politikoen mesedetan». Erran dutenez, Errenterian PPk, PSE-EEk eta EAJk feministen hitzak «lapurtu» eta «edukiz hustu» dituzte. «Ez dugu onartuko zuen joko politikoan sartzea, ezta gu eta indarkeria matxista pairatu duten emakumeak zuen interes politikoen mesedetan erabiltzea ere. Aurrez aurre izango gaituzue», nabarmendu dute.

Bertso eskolako kasua orain bi aste zabaldu zuten Oreretako Asanblada Feministak, Oiartzungo Feministen Asanbladak eta Bertsozale Elkarteak, eta aste horretan bertan elkarretaratze jendetsua egin zuten herrian. Kukai dantza taldeko zuzendariaren kasua, ordea, mugimendu feminista «konfidentzialtasun zorrotzez» lantzen ari zen prozesu bat izan da, harik eta duela bi hilabete Xabier Oleaga taldeko gida batzordeko kideak idatzi bat zabaldu zuen arte; eta, gerora, bertso eskolako kasua zabaldu zenean, Errenteriako PSE-EEk bi kasu horiei buruz mintzatzeko eskatu zion udalari.

Erasoa jasan dutenen nahiak eta beharrak errespetatzea helburu, feministek ez dute Kukaiko kasuari buruzko adierazpenik egin, gaur arte. Lau emakumek hartu dute hitza Orererako Asanblada Feministaren izenean, gaurko irakurketa babestu duten 80 talde feministaren atxikimenduarekin; banan-banan aipatu dituzte beren babesa eskaini dieten talde horietako bakoitzaren izenak, bertaraturakoek txalo eta txistu artean laguntzen zituzten bitartean. «Gezur eta zurrumurru ankerrak barra-barra zabaldu dira herrian zehar. Mugimendu feministakoak erasotzailearen konplize izan garela esan dute, interes politiko jakinak izan ditugula, eta pankartarekin salaketa publikoa egitea exijitu digute», erran dute.

«Mugimendu feministakoak erasotzailearen konplize izan garela esan dute, interes politiko jakinak izan ditugula, eta pankartarekin salaketa publikoa egitea exijitu digute»

ORERETAKO ASANBLADA FEMINISTA

Esplikatu dutenez, 2024 hondarrean Errenteriako dantzari ezagunak emazteki bati egindako erasoaren testigantza iritsi zitzaien herriko feministei, eta, gerora, «antzeko kontakizunak» zituzten hainbat emakumeren berri izan zuten. Horiek guztiek justizia tradizionalean ez salatzeko hautua egin zuten, «patriarkatuaren erremintak baliatzen dituen justizia horren aurrean» ez salatzeko hautua: «Erabateko konfidentzialtasunez, egindakoa onartuz eta eragindako mina aitortuz, prozesu erreparatzaile eta eraldatzaile baterako bidea egitea eskatu zitzaion [erasotzaileari]». 

Erreparaziorik ez

Bi urteko prozesu «konfidentzial» hura, baina, ezaguna egin zen herri inguruetan Oleagak idatzi bat zabaldu zuelako, «albo gatazka» gisa aurkeztuz mugimendu feministak abiatutako prozesua. Akusatua, berriz, «pertsona publiko ospedun» gisa aurkezten du. «Gure izena eta erasoak jasandako emakumeen nahiak baliatuta, herri osoari laguntza eskatzen zion erasotzailearen izena garbi uzteko, dantzariak onartua zuela esanaz eta gure komunitatearen zutabeetako bat delako aitzakiapean», adierazi dute. Feministek herri inguruetan zabaldutako erantzunak, baina, modua eman zuen kasua hedabide nazionaletara ez iristeko. Ordea, agerraldian nabarmendu dute geroztik hedabideetan egindako adierazpenen eta sortutako «aliantza patriarkalen» bidez behin eta berriz saiatu direla marko hori ezartzen.  

Areago: salatu dute «eskatutako prozesu indibidualaren pribatutasuna baliatuta» erasoak egin zituenak «marketin kanpaina» bat egin nahi izan duela, aurpegia «zuritzen» saiatzeko. «Beraz, guk argi dugu: erasotzaileari eskatutako prozesu erreparatzailea ez da ez garbia, ez erreparatzailea, ez zintzoa izan», erran dute.

Xenpelar bertso eskolako kasuaz ere mintzatu dira, orain bi aste egindako agerraldian solastatu ziren bide beretik. 2018an pertsona horri salaketa bat jarri zioten Bertsozale Elkartean, eta neurri batzuk adostu ziren; «bertsolaritzaren esparru formal eta informaletatik desagertzea zen helburua». 

Ordea, pertsona horrek adostutako neurriak hautsi zituela jakin zuten 2024an, eta Bertsozale Elkarteak indarkeria matxistako kasuak kudeatzeko barne protokoloa aktibatu zuen. Gizonak erasoak egin izana aitortu zuen, eta, zenbait helburu ezarri ondoren, haiek betetzeko konpromiso agiria sinatu zuen. Gainera, Xenpelar bertso eskolako arduradunek hitzeman zuten bermatzaile gisa arituko zirela, eta erasotzaileak konpromiso horiek betetzen zituen aztertu eta horren jarraipena egingo zutela. Baina gizonak ez ditu sinaturiko konpromisoak bete, feministek azaldu dutenez; areago, «neska gazteei jazarri zaie eta haiek manipulatu ditu behin eta berriz».

Bi kasuak «boterean eta zigorgabe sentitzean» oinarritutako bortizkeria direla nabarmendu dute, eta galderak egin: «Geure buruari galdetu beharko genioke; [erasoak jasan dituzten emakumeak] isildu baziren, zergatik isildu ziren? Beste batzuk gorputza jartzen ari dira publikoki, zer ondoriorekin? Emakume guztiok prest al gaude telebistan edo egunkarietan agertzeko eta gure minak jende guztiaren aurrean salatzeko? Zergatik eskatzen zaie haiei erasotzaileei baino gehiago? Erasoak jasan dituzte, eta zergatik jartzen dituzte jopuntuan?». 

«Geure buruari galdetu beharko genioke; [erasoak jasan zituzten emakumeak] isildu baziren, zergatik isildu ziren? Zergatik eskatzen zaie haiei erasotzaileei baino gehiago? Erasoak jasan dituzte, eta zergatik jartzen dituzte jopuntuan?»

ORERETAKO ASANBLADA FEMINISTA

Hala, erasotzaileak baztertu eta erasoak jasandakoak babestuko dituen komunitate bat sortu nahi duela adierazi dute: «Komunitate bat non garrantzi handiagoa izango duten erasoak jasan dituzten emakumeek, erasotzaileek gure inguruan sortu duten deserosotasunak baino». 

Euskal Herri osoko feministak lagun, beren konpromisoa zein den berretsi dute Oreretako Asanblada Feministako kideek: erasoak jasan dituzten horiek lagundu, entzun eta babestea. «Berdin jokatuko dugu ohiko justiziara jotzea erabakitzen dutenekin, justizia molde horrekiko mesfidati direnekin, kalean salatzea erabakitzen dutenekin edo bestelako bideak aukeratzen dituztenekin. Betiere infantilizatu gabe, ahotsa lapurtu gabe, Euskal Herriko mugimendu feministak beti egin izan duen bezala», borobildu dute.

Gaurko agerraldiari atxikimendua eman dioten taldeak

Abadiñoko Talde Feminista, Aiaraldeako Gazte Feministak, Aiaraldeko Mugimendu Feminista, Aizan Izalgo talde feminista, Algortako Mugimendu Feminista, Altsasuko Feministak, Amurrioko Emakumeon* Sarea, Aretxabaletako Erdu talde feminista, Arrasateko Gazte Feministak, Arrasateko Mugimendu Feminista, aSUnak, Aulestiko Mugimendu Feminista, Azpeitiko Feministan Sarie, Amantalak Elgetako talde feminista, Andoaingo Mugimendu Feminista, Andramanuelak Antzuolako talde
feminista, Bargastak, Baztango Plazara Dantzara taldea, Bergarako Martxanterak, BerHeziz, Berrizko Azeri Gorriak, Berrizko Mugimendu Feminista, Bizkaiako Emakumeen Asanblada, Bilbo Feminista Saretzen, Bilboko Koordinakunde Feminista, Durangoko Autodefentsa Feminista Asanblada, Dominika Zaldibarko talde feminista, Donostiako Asanblada Feminista, Donostiko Sardiñerak, Eiki, Emakume Askeak, Enbata Busturialdeko Gazte Feministak, Erraustu Ibaetako Ikasle Feministak, Errotik, Errotxapeako Gazte Feministak, Eskoitzako Mugimendu Feminista, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Euskal Herriko Gazte Feministak, Feministalde, Garaipen, Gasteizko Mugimendu Feminista, Gazteluko Berdintasun Batzordea, Goldatz Berako Talde Feminista, Harramazka, Harrotzen, Haziak Algortako Gazte Feministak, Hernaniko Koordinakunde Feminista, Intziri, Iruntzen Lezoko emakume taldea, Irunberriko Talde Feminista, Iruñerriko Asanblada Feminista, Iturramako Ikasle Feministak, Izarbeibarko Asanblada Feminista, Kalamiak Bilboko Alde Zaharreko talde feminista, Kiskali Basauriko gazte talde feminista, Lautadako Mugimendu Feminista, Lizarraldeko Mugimendu Feminista, Marasmia Eibarko talde feminista, Marienea elkartea, Matraka, Morelarre Markina-Xemeingo talde feminista, Morroxkak, Munduko Emakumeak, Mutrikuko Mugimendu Feminista, NUPeko Ikasle Feministak, Oiartzungo Feministen Asanblada, Oñatiko Sare Feminista, Orioko Mugimendu Feminista, Ozpindduek Durangoko gazte feministen taldea, Pikarraituz, Portugaleteko Mugimendu Feminista, Sakanako Mugimendu Feminista, Sorginen Alabak Plentziako gazte feministen taldea, Sugarri Sopelako gazte feministen taldea, Sutan Baionako kolektibo transfeminista, Tolosaldeko Gazte Feministak, Traka Andoaingo gazte feministen taldea, Ukatu Uribe Kostako sexu-genero disidenteen asanblada, Usurbilgo Gazte Feministak, Zaintza Ehuntzen LTF, Zumaiako Mugimendu Feminista eta Zutitzen Errekaldeko emakumeen elkartea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE