Foruaren hobekuntza: itxurakeria gehiago?

2022ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Foruaren Hobekuntzak 40 udaberri ditu aurten. Horren karira, aurreko egunetan, Nafarroako Parlamentuak jardunaldi batzuk antolatu ditu hura onetsi zeneko testuingurua aztertzeko, bai eta litezkeen erreformak planteatzeko ere. Txostengile gehienak unibertsitateko irakasleak izan dira, historia eta zuzenbide eremuei lotuak.

Dudarik gabe, ekimen hori laudagarria da, testu horri buruz, haren sorreraren inguruko inguruabarrei buruz eta litekeen erreformaz hausnartzea positiboki hartu behar baita. Hori erranik ere, azpimarratu behar da aurrekoa ez zela zedarritu behar unibertsitate eremura edo gaian adituak direnengana ere. Aitzitik, eztabaida gure jendarteko esparru sozial, sindikal, kultural eta ekonomikoetara zabaltzea ezinbertzekoa da. Ongi etorriak izan daitezen, bada, pertsona horien ekarpenak, baina zabal-zabal ireki daitezen ateak, Hobekuntza horrek mugarritu zuen esparru politiko eta sozialetik etorritako errealitatea zuzenean eta egunez egun bizi dutenendako.

Ez da lehendabiziko aldia Parlamentuan horrelako ekimenak sustatzen direla. Urrutiago joan gabe, 2014ko irailean, ezohiko bilkura bat antolatu zen bertan Nafarroako autogobernuaz eztabaidatzeko. Berrikiago, 2015eko azaroan, erabakitzeko eskubideari buruzko osoko bilkura monografikoa gauzatu zen. Dena den, erabaki gutxi atera ziren ekimen horietatik, eta erabaki zirenek ez zuten isla praktikorik izan. Itxurakeriak, ez bertzerik.

Bestelakoa izan zen Uxue Barkosen gobernu programa, zeinek ondoko konpromisoa bildu baitzuen: prozesu parte-hartzaile eta parlamentarioa irekitzea Hobekuntza erreformatzeko, Nafarroako estatus politikoa definitu, eskumen gehiago sartu eta eskubide sozialen aitortzan aurrera egite aldera, ahalik eta legezko maila handiena emanez, haien betetzea eraginkor bihurtuz eta erreforma herritarren berrespenaren mende paratuz. Asmo laudagarria, baina gehitu behar da ez zela gauzatu; hau da, ez zen prozesu parte-hartzailerik izan, ez Hobekuntzaren erreformarik, ez eskumen eta eskubide sozialen handitzerik, ezta herritarren berrespenik ere. Bertze itxurakeria bat.

Orobat, oroitarazi behar dugu, ezkutuan izateko interesa dutenak izan baitira, Nafarroa dela bere Estatutua (Hobekuntza nahiz eta zuriz pintatu Estatutua beti estatutu) erreferendum bidez onetsi ez zuen komunitate historiko bakarra (Katalunian, Galizian, EAEn eta Andaluzian ez bezala). Halaber, bakarra izan zen haren lanketatik eta gobernu zentralarekiko negoziaziotik orduko ordezkaritza parlamentarioaren ia heren bat bazter uztean: Agoitz, Lizarra, Tafallako merindadeetako herri kandidaturak, Herri Batasuna, Nacionalistas Vascos (EAJ eta EE), UniĆ³n Navarra de Izquierdas eta Alderdi Karlista kanpoan utzi zituzten. Laburbildurik, UCD, UPN eta PSEk euren artean dena gisatu eta jan zuten. Egun hauetan, Nafarroa eta Estatuaren arteko Hitzarmen Ekonomiko garrantzizkoaren erreforma izapidetu eta onesteko orduan, PSN eta Navarra Sumaren artean gertatzen ari den ezkontzaren antzekoa.

Aipatutako hasierako gabezia demokratikoarekin batera, azpimarratu behar da Hobekuntzaren edukiaren eta gaurko errealitate politiko sozialaren artean dagoen urruntzea. Gaurko Nafarroa urte hartakoen ezberdina da oso. Onetsi ondoren, Estatu espainiarra Europako Batasunean eta NATOn (Nafarroak ezetz erran zuen) sartu zen, euroaren Europan, eta Europako herstura politikak biziki baldintzatzen du foru eta udal aurrekontu-politika. Bestalde, kapital eta multinazional europar eta yankiak su eta gar sartu dira gure ekonomian, sektore garrantzizkoenak bere eginda, Nafarroa osoan orduan pentsaezina zen lan prekaritatea bere gogara zabaltzen ari den bitartean.

Jendartea bera ere, oso bestelakoa da. Aldaketa demografikoak nabarmenak dira (gazte populazioaren jaitsiera, hirugarren adinaren igoera...), horrek ekarri dituen ondorioekin. Aldi berean, migrazio handia izan dugu (populazioaren %10), eta, horrekin batera, soinez soin, eraiki behar dugu etorkizuneko Nafarroa. Eta zer erran emakumearen egoeraz. Hobekuntzak ez dio ezta lerro bat ematen, baina, egun, milaka emakume ateratzen dira karrikara eskubideak eta aldaketa sakonak aldarrikatzeko. Funtsean, Nafarroa anitzagoan, feministagoan, maila ekologikoan sentsibilizatuagoan, euskaltzaleagoan, euskaldunagoan bizi gara, eta horrek eskatzen du esparru instituzionalaren eguneratze orokorra.

Orobat, aldi honetan eskumenen murrizketak nabarmenak izan dira. PPren azken gobernuarekin bakarrik, Foru Parlamentuak onetsitako hamazazpi lege errekurritu zituen gobernu zentralak, ondoren ezeztaturik gelditu ziren, eta, azkenik, Auzitegi Konstituzionalak gehienak baliogabetu zituen. Foru Parlamentuak, egun, legeak egiten ditu Gobernuaren Ordezkaritzari zeharretik begiratuz, bere burua zentsuratuz, gobernuaren DNA zentralizatzailea aktiba dezaketen ebazpenak eman edo legeak izapidetzeko orduan.

Biblia edo Korana ez bezala, legeak ez dira testu sakratuak, berraztertu ezin direnak. Jesu Kristok berak ere, Zuzenbide ikasketarik egin ote zuen inoiz frogaturik ez egonda ere, egokiro erran zuen legea gizonarendako egina dela (begi-bistakoa da genero hizkera ez zela berea) eta ez gizona legearendako. Hau da, idiek orgaren aitzinean joan behar dutela, hari tiraka, bidea erakutsiz, eta ez alderantziz.

Nafarroako Parlamentuak erabaki du ezen, jardunaldi horien ondoren, Ponentzia bat eratuko dela Hobekuntzaren balizko eguneratzea aztertzeko. Espero dugu hau guztia jardunaldien edukiekin liburu bat argitaratzeaz harago joanen dela eta testuak dituen gabezia demokratiko garrantzizkoak zuzentzeari ateak zabaltzea ahalbidetuko duela, demokrazian eta justizia sozialean irmoki oinarritutako esparru bat irekitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.