Erne

Frankismoaren apologia iraingarria

Joaquin Iraizoz Vizcar ‘Toki’ eta Jesus Nieto Garcia
2025eko ekainaren 19a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Maiatzaren 23ko prentsaurrekoaren ondotik, Iruñeko Udalak eta eraistearen aurkako hirukoak artilleria nagusia biktimei eta memoria kolektiboari zuzendu diete. Gure koherentziaz eta ekinaz, Los Caídos monumentu frankistaren eraisketa defendatu dugu; paradoxikoki, eraikin hori «gaitzesgarriena» zela esan zutenek orain legea moldatu dute hura mantentzeko, resignifikazioaren aitzakian.

2024ko urtarrilean, Joseba Asiron alkateak eta Ana Ollo gobernu kontseilariak Los Caídos eraikina mantentzeko erabakia jakinarazi ziguten herritarroi. Elkarteok birritan egindako eskaerari erantzunez, 2024ko maiatzean haiekin biltzea lortu genuen. Bileran ez zuten bestelako argibiderik eman, eta adierazi ziguten oraindik aukera guztiak posible zirela, baita eraistearena ere. Gainera, gai honek zentsura mozioarekin zerikusirik ez zuela azpimarratu zuten. Denborak, ordea, erakutsi du esandakoa gezurra zela: hirukoen arteko akordioa benetan existitzen zen, eta horrek «gaitzesgarriena» zen eraikina ez eraisteko eta haren esanahia berriz definitzeko konpromisoa jasotzen zuen.

EH Bilduko hiru arduradun politikok, abokatuak ere badirenak, Los Caídos-en inguruan edozein jarduera garatzea ezinezkoa zela defendatu zuten, 2025eko otsaileko prentsa-artikulu batean. Argudio gisa, lege eta ebazpenen oztopo-zerrenda luze bat aurkeztu zuten.

Oraingoan, Joxe Abaurreak, Iruñeko Udaleko Hirigintza zinegotziak, adierazi du eraikinaren babes-maila ia arbitrarioki alda daitekeela, eta hirugarren mailako sailkapena proposatu du. Horrek, bere esanetan, fatxadan aldaketak egitea soilik galaraziko luke. Bi mugarri aipatzen ditu: batetik, plazaren itxiera urbanistikoa; bestetik, mugarri historikoa, alegia, frankismoaren apologia iraingarria. Udalaren bozeramaileak ziurtatu zuen jarduera honekin eraikina frankismoaren esanahitik eta gorazarretik desjabetuko dela. Gure ustez, ordea, hau antzezpen hutsa baino ez da, benetako errealitatea estaltzeko: espazio publikoan faxismoaren gorazarreko eraikin hori betikotzen da.

Hasieratik jakitun ginen: eraisketaren aldeko kanpaina honetan eta erabaki-hartze gorenaren unean, eraikina eraitsi ala mantendu, interes instituzionalak eta zenbait aditu hitz-jolas horiez baliatuko zirela. Baina, hitz bat edo beste erabilita ere, azken finean, espazio publikoan faxismoaren gorazarreko eraikin bat betikotzen da.

Benetan faxismo mota guztien aurkako museo baten beharra ikusten badute, guk ezinbestekotzat jotzen dugu. Baina biktimen, memoria kolektiboaren eta bestelako eragileen babes zabala nahi bada, ez da egokiena Los Caídos-en resignifikazioaren tranpaz baliatzea; are gutxiago, eraikinaren zati nagusia mantenduta eta eztabaida politiko-alderdikoien menpe egiten bada.

Museo hori beste kokaleku egokiago batean sortu beharko litzateke. Aukerak badaude, eta ustezko adituen ekarpenaz gain, beste askoren iritziak kontuan hartzea ere bide zuzena da. Bilatu beste leku bat eta ez izan zalantzarik: memoria kolektiboak bere ekarpena egingo du. Baina ez saiatu jendea engainatzen amu honekin.

Nafarroako memoria kolektiboa beti nabarmendu da nekaezinezko lan kolektiboan, 1936ko estatu kolpearen ondoren masakratuak eta irainduak izan ziren biktimak oroimenera ekartzeko egindako belaunaldiz belaunaldiko auzolanean: herriz herri testigantzak bilduz, hobiak kokatuz, gorpuak berreskuratuz, hiltzaileak eta haien kolaboratzaileak identifikatuz, lapurrak eta haien konplizeak salatuz, eta oroimen guneak sortuz.

Navarra. De la esperanza al terror liburuak lan erraldoi horren zati bat islatzen du, gizartearen zerbitzura jarrita ez ezik, ikertzaile eta historialari profesional askorentzat datu zein interpretazioen iturri baliotsu bihurtu baita. Lan prozesu guztia benetako borroka antifaxista herrikoi baten emaitza da, lokatzetatik egina eta sarri instituzionaltasunetik kanpo garatua.

Hori guztia ikusita, biktimok eta memoria kolektiboak egoera larrian jartzen gaituzue, eta alternatiba bat aukeratzera behartzen: frankismoaren gorazarreko sinbolo hori onartu, edo eraistea eskatzen duen borrokarekin jarraitu.

Horrela izanik, jada badakizue zein den gure hautua.

Hiru indar politiko hauek etengabe harrotzen dira beren izaera aurrerakoiagatik eta diote zenbakiak nahikoa dituztela edozein erabaki hartzeko. Baina galdera da: hiruko honetan, PSNk, indar minoritarioak, gai honetan oztopoak jar ditzake, eta EH Bildu eta Geroa Bai bere jarrera onartzera behartzen ditu? Hori da egungo errealitatea.

Artikulu hau sinatzen dugunok, memoria kolektiboetako kideak eta ezker abertzaleko eremuko partaideak, gure desadostasuna azaltzen dugu EH Bilduren zuzendaritzak gai honen inguruan izandako kudeaketa okerrarengatik. Aurrekoetan ere adierazi dugun bezala, gaiari gardentasunez heldu behar diogu berriz, eta, bitartean, prozesua geldiarazi, moratoria ezarri eta aukera guztiak mahai gainean izango dituen eztabaida sakona zabaldu. Eta, mesedez, ez saiatu biktimak eta memoria kolektiboaren irmotasuna zuen akatsen erantzule bihurtzen. 

Artikulua honako hauek ere sinatzen dute: Koldo Amatria Zudaire, Javier Ayape Zaro, Manu Biurrun Urrestarazu, Manuel Garcia Niebla, Gotzon Garmendia Amutxastegi, Txema Leston Mavarez, Xabi Preciado Sainz, Angel Rincón Huerta eta Carlos Urra de Andres.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.