Fusio honi ez

Mikel Zurbano. Ainhoa Beola.
2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Uztailaren 9ko Aurrezki Kutxen Legearen aginduetara menderatu da hiru kutxen bat-egitea. Estatuko aurrezki kutxen kudeaketa txarraren ondorioz bere finantza kontuen egoera kinka larritik ateratzeko asmoz egindako lege honek Italiako eredutik edaten du eta kutxen bankarizazioa du iparrorratz.

Horretarako, kapital pribatuaren sarrerari bidea ematen zaio eta erreskate fondoa —FROB— indartu egiten da kutxak banku bihurtzeko prozesua errazteko.

Prozesu honen ageriko helburuak ondokoak dira: kutxetako kapitalizazioa zabaltzea, bertako finantza aktiboen berregituraketa sustatzea eta gobernu organoen profesionalizazioa. Aitortu gabeko helburua, aldiz, Espainiako banku nagusiei bere finantza posizioak indartzen laguntzea da, kutxen berregituraketa tarteko beren merkatu balioa murriztu eta banka handiaren bazka eremua zabaltzeko.

Atal honetan ere euskal ekonomia Espainiartasunaren kostua nozitzen ari da, han ez bezala bertoko kutxen kaudimena eta errentagarritasun mailak garaiak baitira. Euskal ekonomiako tradizioarekin lotuagoa dagoen Alemaniako edo Frantziako finantza erakundeen eredua aintzat hartu ordez, Espainiako Gobernuak hartutako bidea kutxen pribatizatzea izan da, okerrekoa ezkerreko ikuspegitik.

Orain bi urte, BBK eta Kutxak bat egin nahi zutenean, Aralar alde zegoen: bi kutxa elkartuko ziren, kutxa sendoago bat sortzeko. Ez zen atera, PP, PSE eta Batasunak kontra egin zutelako. Oraingo honetan alde egin dute, hiru kutxak banku bat sor dezaten. Hau da: kutxa sendoagoa eragotzi zutenek bankua bai nahi dute.

Jarrera aldaketa ez da izango Hego Euskal Herriko kutxa guztiak batzen direlako, Nafarroakoa aspaldi dagoelako beste nonbait. Neurri horretan, nazio mailako finantza eredua aldarrikatzen jarraitzen dugu; gaurkoan aurkeztu den erkidego mailako eredu liberaletik urrunduko den nazio mailako eredu soziala, alegia.

Jarrera aldaketa ez da izango gizartearen parte-hartzea handiagoa izan delako oraingo prozesuan: azken orduan hitzarturikoa ez dago, bi egun geroago, herritar arruntarentzat eskuragarri. Eztabaida-prozesurik ez dute antolatu kutxek; joan zen astean, honela salatzen zen azken orduan akordiora gehitu direnen aldetik: «Las consecuencias negativas de este proceso las sufriremos el conjunto de ciudadanas y ciudadanos vascos, aunque no hayamos tenido ninguna posibilidad de participar, de opinar, de decidir en el mismo. No podemos olvidar que un proceso de tanta importancia como éste, lo van a llevar a cabo sin el más mínimo debate social».

Jarrera aldaketa ez da izango obra sozialaren definizioa hedatu egiten delako, bertoko herritarren finantzazio egokia barne hartzeraino, ezta orain arteko obra soziala betiko gordetzea lortu delako. Izan ere, obra soziala lortu beharreko mozkin ekonomikoen baitan baldintzatua geratzen baita.

Jarrera aldaketa ez da izango lorturiko akordio horretan partizipazio-ehunekoak ziurtatu direlako, Kutxen jabetza aplikatu beharreko normatiba, Organismo eta Administrazioen agindupean baldintzatua uzten baita.

Jarrera aldaketa ez da izango beste jaberik sar ez dadila eragozten delako, kutxen barne akordioaz egiten den aipamena ere aplikatu beharreko normatiba, Organismo eta Administrazioen agindupean baldintzatua uzten baita.

Jarrera aldaketa ez da izango erakunde berriaren jabetza besterenganatuko ez delako, aurreko puntuan bezala hau ere aplikatu beharreko normatiba, Organismo eta Administrazioen agindupean baldintzatua uzten baita.

Jarrera aldaketa ez da izango langileei onartzen zaizkienengatik, hauen ordezkaritza egitura berriaren administrazio kontseiluan negoziatzeko aukeren baitan lagatzen baita.

Duela bi urte kutxa sendoagoa eragoztea garaipentzat saldu zutenek lorpen handitzat saldu dute orain hiru kutxa banku bihurtzea, nahiz eta banku horrek alde batera utziko duen kreditu kooperatiba izateko aukera, edo banka etikoaren bidetik abiatzea, eta «adituen» gidaritzapean errentagarritasunaren logika bere egingo duen, etorkizunean gehiago hedatzera bultzatuz. Horrek Euskal Herriko ehun sozial eta produktiboarekiko uztartzea ahulduko badu ere. Zuzeneko kontrol publikorik gabe, Kutxa Bank-en gobernu organoaren berezko logika konpetitiboak beste arloak irensteko arriskua bistakoa da. Operazio honek etorkizunean jarduera finantzarioaren eta obra sozialaren arteko leizea —hala praktikan nola beren filosofian— zabaltzea ahalbidetzen du. Bildurekin lotutako konpromisoak defentsa mekanismoak hobetzen ditu, baina bertako kutxen kontrol galeraren arriskua bizi-bizia da, batik bat finantza merkatuen desregulazio eta liberalizazioak berme horiek eraitsi ditzakeelako edozein unetan, areago Espainiar estatuko banka erregulazioren irizpide eta helburu pribatizatzaileak aintzat hartuta.

Badira, beste elementu batzuk ere oso zalantzazkoak herri eta ezker ikuspegi batetik begiratuz. Besteak beste, enplegu eta soldaten politikaren nondik norakoak ez dira argitu gaurdaino. Zuzendaritzako kideentzako diru emariak mugatuak egon beharko lirateke, sektore honetan goi kargudunek dituzten bonus, sari eta bestelako diru sarrera bereziak oso zabalduta baitaude. Ez dago argibiderik ere langileen lan baldintzen inguruan, ezta azkenean esparru propioaren arloan egon daitekeen zehaztapenaz ere.

Laburbilduz, azken testuaren salbu eta guztiekin ez dago berme mekanismo nahikorik pribatizazioaren ondorioak saihesteko eta Kutxa Bank-en gaineko kontrol publikoa eta soziala ziurtatzeko. Eta salbu eta guztiek gogora dakarte, bai: «Se confirman los Fueros de las provincias Vascongadas y de Navarra sin perjuicio de la unidad constitucional de la monarquía».

Areago, obra sozialaren iraupena salbuetsita dago, euskal esparrua ez dago hezurmamituta eta langileen egoera zalantzakorra da. Aralarrek fusio eredu honi ezezkoa ematen dio hortik sortuko den finantza erakundearen sustrai soziala eta herritarra galbidean ipintzen delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.