Karmelo Landa
Historialaria

Gabriel Arestiren estrategia

2025eko urriaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zirrikitu guztietatik ura sartzen zaion ontzia, nola gobernatuko da?

nola aguantatuko ditu enbata, mendebal eta ipar ekaitzak?

nola eraman… portu seguru batera karga preziatu hau?

Itsaso neketsuan nabilen hau…

Ez gogoratu Gabriel Aresti Segurola halako egun batean jaio zelako Bilbon, ez eta duela mende erdi Basurtun hil zelako ere. Gogoan hartu Gabriel Arestiren estrategia, oso indartsua eta indarrean dirauena, gaur egun beharrezkoa duguna, euskaldunon geroari eutsi nahi badiogu, behintzat.

Estratega baita Gabriel Aresti. Bizitza osoan zehar helburu zehatzak markatu zizkion bere buruari: euskal nortasun debekatuaren bila aritu, berreskuratu eta Euskal Herri osorako biziberritzea. Nortasuna eta justizia soziala lortzea. Hori da haren mandatua.

Goiz hasi zen Aresti aitaren etxe galdua, hizkuntza eragotzia, debekatua eta zigortua, Euskal Herri deserriratua bere egiten: «Euskalerriaren heriotzearen ezaugarri eta seinale argi eta garbi bat nintzen ni nire ume-denboran. Eta egun batean, hamabi urte nituelarik, nire buruaz lotsatu nintzen, euskaldun motz bat nintzela konturatu nintzen eta nire buruaz egin nintzen lotsatu. Eta handik liburu-denda batera joan nintzen, euskal ikasbide edo gramatika on bat erostera».

Bere kabuz ekin zion euskara ikasteari, atsedenik hartu gabe. 1957. urtean, 23 urte baino ez zituela, euskaltzain urgazle izendatu zuten Gabriel Aresti, eta ordutik areagotu egin zuen bere ekina. Bilbon bertan eta inguruan aurkitu zituen aliatuak, idazle eta irakasle gazteen artean: Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, garaian Bilbon ikasle zebilena; Xabier Kintana, Alfontso Irigoien, Federiko Krutwig, Imanol Berriatua, Koldo Zuazo, Angel Zelaieta, Xabier Gereño..... Euskara batua lortzea zen estrategia, eta horretarako bidean elkartu ziren. Euskaltzaindia bera hartara bultzatuz, Koldo Mitxelenaren gidaritzapean, lortu egin zuten.

22 zituela hasi zen Aresti lanean, Zorrotzako portuko fabrika batean. Egoera etsigarria zen. Migrazio urteak, populazioa goraka, etxolaz bete zen ingurua, klase borroka eta asimilazio linguistiko-kulturala gordintasunez nagusitzen ziren.

«Hau ez da euskal herria. Hau erdal herria da. Gaur egunean, Bilbao, Etxebarri, Barakaldo... erdal herriak dira... Deustu lokartua, Neguri aberetua. Hau ez da Euskadi, hau Gaztela da...».

Gabriel Aresti konprometitu egin zen. «Beti paratuko naiz gizonaren alde». Pertsonen alde. Anton edo Gilen, Asun, Meli edo Adela.

Orduan eta orain, euskara eta gaztelera derrigorrez elkartzen dira Bilbon eta Hego Euskal Herri osoan, baina zer gertatzen da elkartze obligatu horretan? Nola antola daiteke bi hizkuntza horien arteko elkarbizitza? Egin daiteke modu orekatuan? Literatura izan daiteke, agian, elkartze horretan elkar ulertzeko bidea? Konkordantzia gerta daiteke elebitasunean? Ala diskordantzia izango da nagusi?

Galdera horiei erantzuna praktikan bilatzen saiatu zen Gabriel Aresti La Concordia kafetegiko tertulia famatuan. Esperientzia garratza. Hizkuntza eta kultura espainiarra inposatu egiten dira elebitasunari eta elkarbizitzari aukerarik eman gabe. Bilbo erdaldunduan, inertzia, legea, gobernua, estatua dira hizkuntza eta kultura espainiar inposatzailearen agenteak.

Baina Gabriel Arestik ez ditu ikusi nahi euskara, euskal literatura eta euskal kultura beste ezeren makulu bezala. Euskara ardatz duen Euskal Herriaren alde agertzen da. Biderkatu egiten du bere ekinbidea, hortik aurrera kontadore eta poeta izango da, bai, baina euskaltzale eta euskaltzaina, narratzailea, antzerkigilea, itzultzailea, editorea, hizlaria, kazetaria ere bai. Zergatik, zertarako? Estrategia sendoaren beharra ikusi duelako. Ez da norberak banaka egin dezakeen zerbait. Euskarak, euskal kulturak, Euskal Herriak ezinbestekoa du ekosistema propioa, euskal kultura eta bizikidetza antolatzeko polisistema osoa, biziko bada.

Horretara abiatu da bere indar guztiez Aresti: 26 urteko poeta gaztea zela, 1960. urtean, Donostiako udaletxe zaharrean eskaini zuen Poesia eta euskal poesia hitzaldian azaldu zuen jada bere ondorengo ibilaldi poetiko, kultural eta soziala gidatuko zuen oinarrizko kontzeptua, mandatua. Poesiaren, kulturaren, nortasunaren, herriaren, gizartearen aurrean poetak hartu behar duen konpromisoaz ari da Gabriel Aresti bera, euskal idazle eta intelektual organiko izatera eraman duena.

(ID_17593980681595) Karmelo Landak Gabriel Arestiri buruz egindako artikuluko marraz
EXPRAI

Printzipiodun pertsona zen Gabriel Aresti, eta haren ekinbidearen arlo guztietan agertu zuen koherentzia hori. Euskara ikasi eta euskaltzain izan arte inplikatu; euskara batua proposatu eta haren lorpenean buru-belarri aritu; euskal kultura eta literatura sistema osoaren beharra ikusi, eta poeta, narratzaile, antzerkigile, saiogile, kazetari, hizlari, hiztegigile, editore lanetan aritu, Euskal idazle berriei edota zentsuratuei modu zuzenean lagundu; alderdi kontuetan sartu gabe baina herriaren politikan eskuin-ezker esku biak sartu. Kausa progresisten eta herritarren alde jokatu zuen beti: euskaldunberriekin bat eginda; langile zapalduekin edo etxegabeekin bat; emakumeen eskubideez, abortatzeko aukera libreaz, palestinarren defendatzaile bakana orduko euskaldunen artean, askok kibbutz juduak eredutzat hartzen zituzten garaian, nazioarteko gatazka guzti-guztien aipamena egin eta herri eta klase zapalduen alde jokatuz... Euskal Herri euskaldun eta klase sozialik gabea aldarri. Eta poeta handi-handia. Idazle bikaina. Pertsona nekaezina enbata, mendebal eta ekaitz guztien gainetik.

Kontaezina da arlo desberdinetan eta iritzi desberdineko zenbat lagun egin zituen: hasi euskararen batasunaren aldeko lanetik, Koldo Mitxelena bera edo Xabier Kintana, Txillardegi; segi idazleen artean Txomin Peillen, Bernardo Atxaga; edo orduko kantari gazteen arteko Natxo de Felipe, Xabier Lete, Lurdes Iriondo, Mikel Laboa, Maite Idirin... edo margolarien artean Agustin Ibarrola, Dionisio Blanco...

Euskal komunitatearen egoera agonikoaz ohartzen da, eta estrategia poetiko osoa garatzen du horren gainean, elementu metaforiko binarioak aurkeztuz, kontrajarriak batzuetan, fusionatuak besteetan:

  • Harria eta itogina.

  • Oinaz eta Ganboa.

  • Sua eta ura.

  • Anton eta Gilen.

  • Aiorabide eta Idiaquez.

  • Arantzazu eta Bilbo.

  • Burgesa eta langilea.

  • Nekazaria eta hiritarra.

  • Harria eta arbola.

  • Mailua eta biola.

Arestik euskal nortasunaren definizio inklusiboa dakar. Euskal etniaren definizio modernoa: nor da euskalduna? Euskal kultura partekatzen duen komunitatearen pertsona oro. Euskal nortasuna bi elementu sinbolikoetan zehazten du bere poesian: ogia mahaian eta ogia izpirituan. Lehenak justizia soziala eskatzen du. Bigarrenak, euskara. Gure kultur komunitatea definitzen duen elementua euskara da, gure nazioaren determinantea, Gabriel Arestiren ustez.

Haren estrategiak gaurko bidea argitzen digu, beraz. Urteak dira Gabriel Aresti Kultura Elkartea ari dela Arestiren ondarea eguneratzeko lanetan. Azkenaldian Ibilaldi Arestiarrak antolatzen ditu Bilbon, eta horietan elkartu ditu Maule, Gotaine edo Atharratzetik, baita Garazi eta Baigorritik edo Baionatik, Iruñetik, Hernani, Donostia, Tolosa, Agurain, Gasteiz, Gernika edo Barakaldotik partaide direnak ere. Xabier Monasterio eta biok aritzen gara lan horietan, eta oraingoan, urriaren 7tik aurrera Bizkaiko Aldundiaren Liburutegian, kristalezko eraikinean irekiko den Gabriel Aresti erakusketa zabalerako hogei panel prestatu ditugu elkartearen izenean, Arestiren ondare guztiaren berri zehatza eskainiz.

Udazkena ekitaldiz betea izango da, eta programaziora batu dira, aipatu dudan elkarteaz gain, Euskaltzaindia, baita EHUn oraintsu sortu den Gabriel Aresti katedra eta erakunde desberdinak. Bilboko Arte Ederren Museoaren berrirekierak, Ataria 1 ekitaldi berezian, ekarriko du lehen planora Gabriel Aresti eta haren gaineko informazio berritua, Oskorri Gaitz ekimen kolektibo ezezagun eta esanguratsuaz. Bilbon eta Euskal Herri osoan dabil gaur egun indarrean Gabriel Arestiren estrategia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.