«Ostia, ostia, ostia!», garrasi egin zuen aitita Jose Marik Gernikako Bonbardaketatik 50 urtera baino gehiagora. Autoan gindoazela, Gernikara iritsi baino lehentxeago, leihotik zerbait ikusi zuen eta iraganeko tragediaren zauria ireki zitzaion. «Zer daukazu, Jose Mari?», galdetu zion amama Terek ikaratuta. Miliziano zaharrak aitortu zuen: mendien artean bonbardaketa gogorarazi ziola zerbaitek, eta antsietatea sorrarazi.
Aititaren orbain ikusezinak 1786an Southeyek idatzitako After Blenheim (Blenheimen Ondoren) poema ekarri dit gogora. Olerkian kontatzen denez, ume batzuek zelaian garezur bat topatu ostean euren aititarengana jo zuten zer zen argitzeko. Blenheimeko Batailan hildako gudari baten burezurra zela azaldu zien aititak. Alabaina, adinekoak ahaztuta zeukan ingeles eta frantsesen arteko borrokaren zergatia, baita ingelesek garaipenetik ze on atera zuten ere.
Gure artean ere, karlistadak iraganeko lanbroen artean desitxuratu ziren. Beste mundu bat zen, beste kultura politiko batzuekin. Karlistekin edo liberalekin identifikatuko ginatekeen ezbaikoa izateaz gain, gutxi batzuek dakite guda zeinek irabazi zuten. Gerra zibilarekin antzeko zerbait gertatzen ari da. Antza denez, ez baitago argi denok galdu genuen, edo baten batzuek bakarrik.
Zalantza kasuan, badaezpada, gudak galdu ditugula pentsatzea zentzuzkoena liteke. Hori baita gure izenean borrokatu diren gudekin jazo dena. Are gehiago, mende bakoitzean gudaroste bat errenditzen dugunez, horretarako nolabaiteko erraztasuna dugula baiezta genezake. Gure arazoa da, ordea, errenditzeko unea aukeratzen ez dakigula. 1937an, Santoñan, gudaroste bat behar baino lehenago errenditu zen. Mende honetan, aldiz, errendizioa behar zen baino hamarkada batzuk beranduago burutu da.
Clausewitzek Vom Kriege (Gerrari Buruz) lanean idatzita utzi zuen: «Helburu politikoa lortu ezin denean, gerra bertan behera utzi behar da». 1831. urtea zen. Mende bat geroago, 1967. urtean, ETAko V. Asanblada dela eta, talde sozialistaren idatzien artean ondokoa irakurriko da: «Gerrilla eta indar bidezko iraultza, bistakoa denez, amets eskizofreniko bat da, hortaz astotik jaitsi eta bide politikoa hartu behar dugu, nazkagarria iruditzen bazaigu ere».
Gauzak horrela, norena da guda hasi eta bukatzeko erabakia? Nork ebazten du borrokaren zilegitasuna eta estrategia? Zergatik lehen bai eta orain ez? Nork hartzen du sarraskiaren erantzukizuna?
Gauzak horrela, norena da guda hasi eta bukatzeko erabakia? Nork ebazten du borrokaren zilegitasuna eta estrategia? Zergatik lehen bai eta orain ez? Nork hartzen du sarraskiaren erantzukizuna?
Gerrak heldu ezinak dira gizakiontzat. Euren arrazoi eta ondorioak giza ulermenetik haratago doaz. Baina esparru pertsonalean askoz nabariagoa da auzia: gerrek biktimak sortzen dituzte. Eta biktima horien artean milaka borrokalari gazte daude, eurak indarkeriara jo arren, herritar errugabeak zirenak: mundua eraldatzeko zuten grinagatik biktima eta borrero bihurtu ziren. Edo bihurtu zituzten.
Borrokak hainbat forma har ditzake, eta forma desberdinek ondorio pertsonal zeharo ezberdinak dituzte. Gainera, gatazketan batzuek hitzak baino ez dituzte jartzen; beste batzuek, berriz, orbainak eta garezurrak. Zoritxarrez, gure artean borroka biolentziarekin nahasten da maiz, eta bortizkeria zuritzeko justifikazio bihurriak —berritsukeria hutsa— entzun eta irakurri daitezke oraindik ere.
Inork ez du hartuko alferrik galdutako bizien erantzukizuna. Ezta euren iritzikoen artean sortutako dramak ere: kartzela, erbestea, osasuna zein bizia galtzea. Sekula idatziko ez den gure herriko historiaren atalik ilunenetarikoa da: klima politiko interesatuak piztu zituztenena, buruak berotzen aritu zirenena. Sinestezina da batzuek prestigio pertsonal eta intelektualari eustea.
Aititak bere erabakia hartu zuen 1937ko abuztuan. Santoñan errenditzeko agindua desobeditu eta beste kideekin batera bapore bat bahitu zuen setiotik ihes egiteko. Borrokan jarraitu zuen Asturiaseko mendietan atxilotua izan arte. Bere fitxa polizialean irakur daiteke: «Jose Maria Feliz: Iruñean (Nafarroa) sortua. 1917/8/12. Inocente eta Gertrudisen semea. Armada gorriko Tenientea. CNTko kidea».
Biktima ezezaguna eta ahaztutako zioa.
Â