Euskaldunon artean, nork ez ote du Gernika maisulana ezagutzen? Taula zuri-beltz erraldoia Pablo Picassok egin zuen, 1937ko maiatzaren eta ekainaren artean Parisko erakusketa unibertsalarentzat. Oraindik arrakastatsua den margolan horrek Gernikan 1937ko apirilaren 26an izan ziren bonbardaketak salatzen ditu eta, noski, euskaldunontzat, memoria kolektiboko oinarrizko lekukotasuna da.
Gaurko testuinguru politikoa ikusiz, Gernika-ren oihartzuna gertua zaigu: tindu horrek oroitarazten digu eskuin muturra eta faxismoa zibilei zer egiteko gai diren. Gertatu dena ez da beste mundu eta garai batekoa. Duela 90 urte baino gutxiago, Francok naziei lehergailuak entseatzeko aukera eman zien Euskal Herrian, besteak beste Gernikan, merkatu egun batez. Artea politikaren zerbitzuan emana izan da eta obrak masakre hori begi bistan jartzen digu historia errepikatzen den ziklo bat izaten ahalko litzatekeela.
Nork ez ote du bere saloiko sofaren gibelean Picassoren erreprodukzioa zintzilikaturik? Zein herritako plazetan ez ote da marraztua? Bai, Gernika-k gure historiari omenaldi bat egiten dio. Gainera, beharbada zuek ere entzuna duzue Parisko erakusketa unibertsalean nazi batek tindatzaileari, margoa erakutsiz, galdetu ziola hark egin zuenetz, eta maisuak «ez, zuk egin duzu» erantzun ziola? Zein pertsona ausarta eta engaiatua! Behintzat, hori izan zen arte ikasketetan irakatsia izan zitzaidana. Baina, maleruski, historia ofizialak beste errealitate bat ezkutatzen digu.
1937an, jauna jadanik famatua zen eta Dora Maar argazkilari eta intelektual surrealistarekin harremanean zen. Azken honek jakin zuelarik marrazleak artelan bat egin behar zuela, erran zion Gernikako bonbardaketa salatu behar zuela. Emazte hori engaiatua zen eta beretzat ezinbestekoa zen erreakzionarioen igoeraren kontra artistek beren indarrak erabiltzea sarraskiak salatzeko eta populakuntzari informazioak zabaltzeko. Gizona ez zen gai horri interesatzen baina Maarrek konbentzitu zuen argudiatuz horrelako ekarpenekin bere ospea zartatuko zela eta artista engaiatu etiketa ukanen zuela.
Bingo! Azken argudio horrek marrazlea motibatu zuen.
Tindulariak Dora Maar eskertu ote zuen bere ideiarentzat? Ez noski. Alta, emazte honek prozesu sortzailean izan zuen parte hartzea ez zen oinarrizko ideian mugatu: sorkuntza ibilbide guztia dokumentatu zuen eta arte historialariek diote Maarrek protokoloan zehar aholkularitza sendoa eskaini zuela.
Zergatik, nire ustez, gertakari hori ezagutuz, Gernika problematikoa ote da? Picassok ez badu inoiz Maarren ekarpena aipatu, ez da kasualitatea. Beste artista baten ideia bereganatu du, bere jakitateak eta laguntza irentsi ditu, merezimendu guztiak beretzat atxikiz. Gainera, populazio baten sufrimendua erabili du bere irudi positiboa eta fama sendotzeko. Zinez jarrera zikina. Sorkuntza horrek ez du bakarrik euskaldunon drama aipatzen: pertsona horren lan ibilbide dramatikoaren ispilua ere bada.
Badakigu, hura hil ondotik, bere bizi guztian apaldua izan zen semea alkoholismoz hiltzeaz gain, Picassoren eraginpean bizi izan ziren bi emaztek eta bilobak beren buruaz beste egin zutela. Bigarren emazteari, Olga Khokhlova dantzari errusiarrari, bere karrerarekin eta ingurumenarekin moztea inposatu zion, ondotik abandonatzeko, dibortzioa onartu gabe eta dantzaria miserian utzirik. 45 urte zituelarik, 17 urteko Marie Thérèse Walterrekin bikotean eman zen eta bere potretak egin aitzin sistematikoki bortxatzen zuen. Dora Maarri ere, bere karrera bazterrarazi zion eta tindatua izan aitzin, joa, bortxatua eta bahitua zen. Negar egiten duen emaztea bezalako obra miresgarriak testuinguru horretan sortu ziren. Picasso manipulatzaile, lapur eta perbertsoa noiz arte maisua bezala kontsideratuko ote dugu? Betiko galdera, gizona artistaz separatu behar ote dugu? Nola egin Gernika maitatzeko taula izenpetu duen humanoa torturatzailea delarik?
Picassok ez du taula hori egin euskaldunei omenaldi bat egiteko edo eskuin muturraren aurka oldartzeko. Bere desmartxa zinismoz betea izan da. Gaur artista batzuek beren lanetan Palestina erabiltzen duten bezala kontzientzia ona ukaiteko, hark Gernikako gertakariak erabili ditu bere jenioaren zerbitzuan, bere emazteak, haurrak eta lagunak erabili dituen bezala.
Alta, oinarrian, funtsean, jatorrian, norbaitek Gernikan pasatutakoa salatu nahi izan zuen. Norbaitek bazekien estremoa ezagutarazi behar zela eta hori zela artisten rola: jendeen kontzientzia zorroztea artelan eraginkorrekin. Pertsona hori Dora Maar zen. Hura baitzen Gernika-ren burumuina, zinezko maisua, Picassori artisau rola utziz. Azkenean, obra honen gibelean drama bikoitza ikusten da: lehenik, irudiek kontatzen dutena, nazien eta Francoren bortizkeria. Ondotik, emazteen etengabeko isilarazte historikoa. Gaur, Gernikaren memoria arte munduan aipatzen baldin bada, faxismoaren lekukotasun artistiko bat baldin badugu, Dora Maarrek egin digun omenaldiari esker dugu.