Gernika gehiagorik ez

2023ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Kapitalismoa sistema harraparia da. Bizitza bera kolokan jartzerainoko fase batera garamatza, natura eta jendartea jomugan jarriz. Testuinguru aztoratua bizi dugu, eta memoria dugunok, egungo errealitatea ezin dugu onartu. Besteak beste, bizi izan ditugun gertaera lazgarrien ondorioak —1937ko Gernikako bonbardaketa, edota, otsailaren 13an gogoratuko dugun bezala, ofizialki jasota dauden Euskal Herriko 5.000tik gorako torturatuak kasu— zeintzuk diren ederki asko ezagutzen ditugulako. Askatasuna, demokrazia, justizia, elkartasuna urratzen dituzteneliteen interes politikoak daude erdigunean, eta horien aurrean ahotsa altxatzea dagokigu Gernikatik. Nola ez egon bada Irango emakumeen Emakumea, bizitza, askatasuna aldarrien ondoan!

Mendeetan zehar pertsona migranteen sehaska eta inperio kolonialen sorburua izan den Europa honek bere mugak lotsagabe itxi dituenean, Mediterraneoa hilobi erraldoi bihurtzen jarraitzen du; are gehiago, giza laguntzan ari direnen lana oztopatzen daude; hor dugu Aita Mari salbamendurako euskal itsasontzia, isun erraldoi bat jasotzeko arriskuan.

Bitartean, Europako estatuek Leopard izeneko tankeak Ukrainara bidaliko dituztela iragarri dute, NATOren estrategiari erabat lerrokaturik, des-eskalada belikoa, diplomazia, elkarrizketa inoiz baino gehiago aldarrikatu eta garatu behar den unean. 37 urte beteko dira Hego Euskal Herriak NATOri ezezko borobila eman ziola. Ez da maiz gertatzen herriari funtsezko gai baten inguruan zuzenean galdetzea; eta, euskal herritarrok, ez genuen pasatzen utzi nahi gerra inperialistarako aliantza militarraren parte ez genuela izan nahi esateko aukera. Gaurko egunez, herri mandatu hura berresteko arrazoiak baino ez ditugu aurkitzen.

Baina ez gara inozoak; jakin badakigu pertsona ugariren sufrimendua eragiten duen gerraren logikak arma industria indartsu bat duela atzean, eta kontziente gara tartean Euskal Herriko enpresa ugari daudela. Bi adibide, bestela, lagin bezala: Leopard tankeen kateak eta gurdien tren-errodajeak Aperribai buru duen SAPA izeneko euskal enpresak fabrikatzen ditu, eta Satlantis Microsats satelite-enpresa bizkaitarra «Gerra Hotz Berrian» Mendebaldeari laguntzen diola aldarrikatzen ari da.Europako defentsa programaren esparruan lidergoa darama 4,8 miloi euroko diru-laguntza jaso duten bi proiekturen bidez. Gerra hemen hasten da, zalantzarik gabe.

2022. urtea izan da palestinarrek 2004tik bizi izan duten hilgarriena: 240 palestinar baino gehiago hil dituzte, tartean berrogei haur eta nerabe. Gaur egun, Israelgo espetxeetan 4.700 palestinar inguru daude, horietatik hamabost adingabeak, eta 800 baino gehiago kargurik eta epaiketarik gabe daude preso, palestinarren elkartasun elkarteen datuen arabera. Aurten jada berrogei palestinarretik gora erail ditu Israelgo ejerzitoak.

Orain gutxi Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministro ultra-eskuindarrak Palestinako ikurrina espazio publikoetan erakustea debekatu du, errepresioan, lurren okupazioan eta jazarpenean segituko dutela adieraziz. Hau guztia nazioarteko komunitateak ezer esan eta egin gabe jarraitzen duenean.

Mendebaldeko Sahara da kolonialismoaren beste adibide bat. Espainiar gobernuak Marokorekin goi-bilera bat egin berri du, eta azken honek Sahararekiko interesa izatea «ulergarri» egiten zaiola adierazi du. Gerrara kondenatzen ari dira Saharar herria: bai Marokoren zapalketek eta bai Espainiaren konplizitate isilek. Ordainean, Europa hornitzeko Afrikako mendebaldeko kostaldetik joango den petrolio eta gas hodi zirkuitu berria dago. Horretarako, noski, Maroko sozio printzipala da.

Gernika gehiagorik ez, ez hemen ez inon irmoki tatuaturik dugu. Horregatik, ozen diogu: gerren aurka, eta herrien eta jendarte askatzaileen alde gaudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.