Gernika Memoriaren Lekuko plataformako kidea

Gernikak memoriaren lekuko izaten jarraituko du

Sabin Ibazeta Lersundi
2025eko azaroaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Walter Steinmeier, Alemaniako presidentea, Gernika-Lumora etorri da. Zertara, ordea? Horrenbeste urte eta gero, orain izan behar al zuen? Eusko Jaurlaritzak ekitaldira gonbidatu gintuen. Esan zigutenez, Alemaniak Gernika-Lumoren bonbardaketan izan zuen erantzukizunaren aitortza egitera zetorren. Hildakoei loreak eskaintzera eta lekukoei arreta ematera. Gernika Batzordearen lan ildo bat izan da Alemaniak Gernika-Lumorekin duen zor historikoaren kitapena. Horraino, aitzakiarik ez. Zergatik, bada, arbuiatzen dugu bere etorrera? Bada, testuinguru politikoak aginduta datorrela uste dugulako. Steinmeier Gernikako Arbolaren aurrera dator Israelgo Gobernu genozidarekin duen harremana zuritzera. Gauza jakinagorik ez dago.

Alemanek naziek juduekin egindakoaren erru bikarioa bizi dute. Hori osatzeko, Israel babestu, armatu eta legitimatu egin dute, Palestinaren genozidioari bidea erraztuz. Steinmeier presidentea lehenago Madrildik pasatuko ei da Picassoren Guernica bisitatzera, aurretiaz Zelenski-Sanchez tandemak egin bezala. Gerrazaleak koadroa bortxatzen, esanahia adulteratzen, haren garrasia eurentzat ere badela ukatuko balute bezala. Propaganda (belikoa paradoxikoki) ariketa hutsa. Eta hori guztia gutxi balitz bezala, nor eta Felipe VI.a gonbidatu dute; betelanak egitera ote? Franco hil eta hurrengo egunean Mugimendu Nazionalaren Printzipioak zin egin zuen emeritoaren semea. 1976an gorte frankistek errege izendatu zutenaren oinordekoa; 1977ko Amnistia Legea, Azken Puntuaren legea bezala mantentzen duen estatuaren burua, errepresaliatuei eta biktimei justizia ukatzen dien estatua; egiarako eskubidea, errekonozimendua eta erreparazioa baztertzen duena; arduradunen erantzukizunen aitortza, biktimarioen ardura penalak ezkutatu eta ukatzen dituena. Memoria Historikoaren ondorio guztiei benetan ekiteari ihes egiten diona. Gernikan aterako den irudia hipokrisia politikoaren gailurra eta pleitesiaren irudi borragarria zinez. Hipokrisia iruzurtia. Inposaketaren boterezko hipokrisia. Izan ere, egia esan, Zalloko hilerriko kanpai hotsen eta loreen artean, Steinmeier da Espainiako erregea laguntzen duena.

Alemaniako presidenteak egin nahi duen adiskidetze ekintzak Espainiako estatuburuaren presentzia ezkutatzen digu, eta hori eskandalua da euskal perspektibatik. Estatu horren aginteak gerra zibila ekarri zuen, eta horrek errepresio politiko basatia ahalbidetu zuen, holokausto hutsa, Franco jeneralaren diktaduraren urte guztiak iraun zituena, zeina bere laguntzaileen diktadura ere izan baitzen, beharrezkoak zirenak eta gainerakoak, bere babes sozial eta ekonomikoak zirenak, direnak... Ondoren, erregimen frankista erreformatu zen garaian, estatu sakon horrek eutsi zion botereari, eta ondorioz trantsizioa deiturikoaren oinarriak ezarri ziren, gaur egun arte jarraitu duten egiturazko errepresio eta indarkeria fase berri batekin. Biktimaz, erailez eta errepresaliatuz betetako prozesu historikoa; zigorgabetasunetik eta axolagabetasunetik, nagusikeria sozial eta politikotik eraikia. Prozesu horri zenbait erakunde eta botere talde espainiarretatik begiratzen zaio, nagusitasunezko eta zinismozko begiradaz.

Eta egiturazko prozesu horrek, herenegun Alemaniako Errepublika Federaleko presidentearekin batera joan zen pertsonaren figura sostengatzen du, Espainiako erregearena, zeinak irakurriko baitu, tonu monokorde batekin, zirkunstantzietara egokitutako diskurtso ondo landu bat. Baina, ezinbestean, alde batera utziko duena 1937ko apirilaren 26an Gernikan egindako bonbardaketa mugarri bat izan zela, zutabe bat, frankismoaren eta haren oinordekoa den 78ko erregimenaren eraikuntzan. Ondoren, 1937ko apirilaren 27tik aurrera Gernika-Lumoko berreraikuntza frankista, benetako bahiketa, lapurretaren eta gezurraren bidez egin zen. Hitzez hitz, frontetik eta frankistek okupatutako guneetatik ihesi zihoazen errefuxiatuen, zauritutako gudarien eta gernikarren gorpuen gainean eraiki zen. Urteetako erbestean oinarritu zen, kartzeletan. Memoria eta Historia horren aldarrikapena, hori guztia eta gehiago da 1937ko Gernikaren ondarea. Horren aurrean, estatu espainiarreko buruaren presentzia arbuiatu eta hatz salatzailea altxatu besterik ezin da egin, Picassok bere Guernica-n inprimatu zuen salaketaren hatz bera, eta benetako errebeldiaz oihukatu: hori zuek egin zenuten baina ez da zuena. Gernikako askatasunaren aldarria gurea da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.