Xabier Makazaga.

Gerra zikinaren gidari eta mozorroak

2023ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Franco diktadorea oraindik bizi zela, 1975eko ekainaren 5ean, Josu Urrutikoetxea hiltzen saiatu ziren, Miarritzen, haren auto azpian bonba bat ezarriz. Lehertu egin zitzaien eta atentatuaren egiletako bat, Marcel Cardona, hil egin zen; eskuin muturreko talde bateko partaide izandakoa zen, Aljeriar independentziaren kontra atentatu andana egindako OAS taldekoa.

Talde berean ibilitako Jean Pierre Chérid ere Miarritzen hil zen, 1984an, GAL siglak erabiliz aldarrikatu asmo zuten atentatu bat prestatzen. Bonba-auto bat manipulatzen ari zela, lehertu egin zitzaion. Frankismoan hasi zen Chérid espainiar Inteligentzia zerbitzuentzat lanean eta hamaika atentatu burutu zituen euskal errefuxiatu politikoen kontra, azken horretan bizia galdu zuen arte.

Espainiar agintariek betidanik egin dituzte ahaleginak eta bi gerra zikineko atentatuak inkontrolatuei egozteko, erabat ukatuz haien erantzukizuna. Eta ukaezinezko frogek zalantzari inolako zirrikiturik utzi ez diotenean ere, estatu-terrorismoa ukatzen jarraitu dute.

GAL sigla erabiltzen hasi aurretik, beste asko erabili zituzten: Anti-Terrorismo ETA (ATE), Batallón Vasco Español (BVE), Triple A, Grupos Armados Españoles (GAE)... Den-denak, estatu terrorismoaren mozorroak. Sigla hutsak baitziren, atentatuak Estatuak antolatu eta finantzatzen zituela ezkutatzea beste helbururik ez zutenak.

Urrutikoetxearen aurkako erailketa saioak porrot egin ondoren, agerian geratu zen mertzenarioak gidatu zituena espainiar inteligentzia zerbitzuko kapitain bat zela, Candido Acedo. Gerora, Cassinello jeneralaren eskuin eskua izateaz gain, Galindo jeneralaren lagun handia ere izan zen. Hura bezala, gerra zikinean buru-belarri ibilitakoa izan arren, epaileek ez dute inoiz ezta deklaratzera deitu ere egin.

Urrutikoetxea erailtzea lortu izan balute, seguruenik Acedok jarraituko zukeen mertzenarioen gidaritzan. Kale egin zuten, begi bistan geratu zen gidariaren identitatea, eta berri bat aukeratzea beste erremediorik ez zitzaien geratu.

Orduan, bigarren atentatu kanpaina bat abiarazi zuten, aurrekoa baino askoz ere gogorragoa, hainbat frantziar poliziak, dirutzen truk, pasatzen zizkieten informazio zehatzei esker. Gerora oso famatua egin zen Amedo inspektoreak lortu zituen informazio-iturri haietako batzuk.

Bigarren kanpaina hura inteligentzia zerbitzuko beste arduradun batek gidatu zuen, Armadako Juan Manuel Rivera Urruti Pedro el Marino-k, eta atentatu garrantzitsuena Jose Migel Beñaran Argala ETAko buruzagiaren kontrakoa izan zen. Carrero Blanco almirantea aireratu zuen taldeko burua izan zen Argala.

Beste atentatu asko izan zen Iparraldean, eta horietako batek erabat argi utzi zuen espainiar estatua zela haiek antolatu eta finantzatzen zituena: 1980ko azaroaren 23an, hiru mertzenariok Hendayais tabernan zeuden bezeroak tirokatu zituzten, euskal errefuxiatuekin zerikusirik ez zuten bi pertsona erailez eta beste hamar zaurituz.

Atentatuaren ostean, hiltzaileek muga bortizki zeharkatu zuten auto batean, eta gerra zikinarekin harreman erabat estua zuen Ballesteros komisarioaren telefono zenbakia erakutsi zieten espainiar poliziei. Honek hiru hiltzaileak askatzeko eta haien identitatea ezkutatzeko agindu zuen.

Iparraldean gauzatu zuten gerra zikineko bigarren kanpaina hartako azken atentatua Eugenio Etxebesteren aurkakoa izan zen. Huts egindako atentatu hartan mertzenarioek utzi egin behar izan zituzten erabilitako armak, eta horrela jakin zen Espainiako Poliziak AEBetan erositakoak zirela. Espainiarrek emandako aitzakia itxuragabea izan zen. Auto baten barruan utzi omen zituzten arma haiek eta bertatik lapurtu egin omen zizkieten.

Jean-Pierre Chérid mertzenario ultrak, Argalaren kontrako atentatuan ez ezik, bigarren kanpaina hartako atentatu gehienetan ere parte hartu zuen, eta hainbat froga daude Juan Manuel Rivera Urruti Pedro el Marino-ren gidaritzapean egin zirela atentatu haiek guztiak.

Adibidez, Chérid hil zenean, Frantziako Poliziak haren agenda topatu zuen, non Riveraren telefonoa zeukan apuntatua. Gainera, Cambio 16 aldizkariak Alacanteko aireportuan ateratako argazki bat argitaratu zuen. Bertan, Pedro el Marino agertzen zen ultra taldea gidatzen, tartean Chérid.

Froga piloa zegoen arren, hainbat kazetariren konplizitateari esker, inteligentzia zerbitzuko kide garrantzitsu hura ezkutuan mantendu ahal izan zen urte luzez. Azkenik, hori bai, pare bat liburutan argi eta garbi azaldu zituzten haren identitatea eta armadan zuen gradua, oso altua. 1994an argitaraturiko Los secretos del Poder izan zen liburu horietako bat. Bestea, 1996an ateratako Canarias, secretos de Estado: episodios inéditos.

Urte batzuk geroago, 1998an, Chéridek eta bere taldeko mertzenarioek Pedro el Marino gidariarekin zuten harreman estuaren froga ukaezinak argitaratu zituzten El País egunkariak eta SER irratiak, PSOE gobernuan izan aurretik, 1979an, gertaturiko gauza zehatzak aipatuz.

PPkoei emandako abisua izan zen hura: «Ez gara gu gerra zikinean bustitako bakarrak. Beste batzuek hasitakoa jarraitu besterik ez genuen egin». Izan ere, Chérid eta beste ultraeskuindarrak PSOE gobernura heldu baino urte dezente lehenago hasi baitziren parte hartzen gerra zikinean.

Egunkariak eta irrati kateak argi esan zuten zein zen Pedro el Marino, inteligentzia zerbitzuko Rivera jauna, baina gehituz, lotsagabe, haren izena Pedro Martinez zela. Eta are okerrago dena, hainbat kazetarik gezur horri eutsi dioten bitartean, inongo epailek ez du inoiz Juan Manuel Rivera Urruti deklaratzera deitu. Ez espainiarrek, ez frantsesek, nahiz eta oso nabarmena izan berak gidatu zituela gerra zikineko hamaika atentatu.

Noiz arte jarraitu asmo dute kazetari eta epaile horiek estatu terrorismoaren morroi?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.