Idazlea

Gerturatu eta hamalau

2026ko urtarrilaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Esaera zaharrak dioenaren kontra, Txillardegiren kasuan bederen, urrutitik lau intxaur solte baino ematen ez zutenak hurbiltzearekin batera dozena bat baino gehiago (izugarria, beraz) bihurtu ohi dira.

Jose Luis Alvarez Enparantza hil zenetik hamalau urtera gerturatu garen honetan ez dugu, bada, berak utzitako oinordetza galdu nahi; aitzitik, Txillardegi, euskal kulturaren eta pentsamendu politikoaren historian funtsezko figura izan denez, gaur egun gogoratu eta aldarrikatu behar dugu. Idazle, hizkuntzalari eta militante politiko gisa egindako ekarpenek sakon markatu dute euskararen berpizkundea, euskal identitatearen eraikuntza modernoa eta herri honen askatasunaren aldeko borroka, intelektuala barne. Euskararen kontrako oldarraldi sasoi hauetan ezin dugu ahantzi, beraz.

Lehenik eta behin, idazle gisa, Txillardegi euskal literatura modernoaren aitzindarietakoa izan arren, haren Leturiaren egunkaria oraindik ezkutua dagoela dirudi, haren literatura begi bistatik kenarazi nahi izan digutelako. Nahiz eta haren idazlanek euskal literaturan barne munduan haustura ekarri zuten ordura arteko joerekin apurtuz, eta baita existentzialismoa modu berritzailean txertatuz ere, euskaraz literatura modernoa egin zitekeela erakutsi arren, eta gure hizkuntza ez zela zaharkitua edota ez zegoela arlo folklorikora mugatua frogatu bazuen ere, Txillardegiren lanak ez du oraingoz behar duen aitortza instituzionalik erdietsi.

Haren lanek belaunaldi oso bati bidea ireki zioten, euskal literaturari sakontasuna, ausardia eta garaikidetasuna eman zizkioten, eta, ildo horretatik, pasa berri den 2025ean Euskadi Saria eskuratu duen Markos Zapiain saiakeragileak honela esan du: «Txillardegik meritu handia dauka, gaur egun puri-purian dauden gai asko Txillardegik duela 50 urte jorratu zituen, eta haren lorratza gaur egungo gizartean sumatzen da politikaz, hizkuntzaren filosofiaz, etorkinen auziaz edota metaforaz idatzita utzi zuenak gaurkotasun osoa duelako». 

Zapiainek ikertutako bidetik betiere, hizkuntzalari gisa, Txillardegiren ekarpena are erabakigarriagoa izan zen. Euskara batuaren sorreran eta garapenean paper giltzarria jokatu zuen, askotan polemika eta erresistentzia handien aurrean. Berak argi ikusi zuen euskarak bizirik iraungo bazuen, estandar sendo eta partekatu bat behar zuela, hezkuntzan, administrazioan eta komunikabideetan erabiltzeko modukoa. Ikuspegi horrek, gaur egun ia zalantzan jartzen ez denak, ausardia eta ikusmen politiko eta kultural handia eskatzen zuen bere garaian. Euskara batua ez zen soilik tresna linguistiko bat, nazio proiektu baten oinarria ere bazen, eta Txillardegik hori argi ulertu zuen. Hori zela eta, Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain bihurtzea eskaini zion, baina hark inolako ohorezko posturik ez zuela nahi ihardetsi zuen, euskaltzain arrunta izatea aski zela zioen, besteek bezalako ekarpenak egin ahal izateko. Tamalez bide hori ez zen inoiz gauzatu.

Hala eta guztiz ere, 2025. urteko Soziolinguistika Klusterrak eman ohi dituen Txillardegi-Hausnartu Sarietan ere Jose Luisen itzala nabarmendu da, jakina, eta EHUko Gipuzkoako Campuseko Txillardegi aretoan egindako hamaika ekitaldik segitu dute Txillardegirekiko miresmena zabaltzen arlo akademikoan.

Politikaren alorrean, berriz, Txillardegi ezinbesteko erreferentea izan da. Euskal abertzaletasunaren baitan, ikuspegi berritzaile eta erradikala ekarri zuen, hizkuntza eta nazioa ezinbestean lotuta ulertuz. Berarentzat, euskara ez zen elementu kultural huts bat, baizik eta herri baten existentziaren muina. Ideia horrek gaur egun ere indar handia du, eta euskal pentsamendu politikoaren ardatz nagusietako bat izaten jarraitzen du.

Bere ibilbide politikoa ez zen lineala izan, eta askotan bakardadean jardun zuen, baina beti koherentzia intelektualari eta konpromisoari eutsi zien. Hauxe izango da, agian, barkatzen ez diotena eta, horrexegatik, bere jaioterria den Donostian haren emaria gogoratzeko tokirik ez dago berau hil zenetik Donostiako idazle askok oraingoz izenik ez duen Udal Liburutegiak Txillardegi izena har dezan behin eta berriro eskatu dugun arren. Alkatea aldatu badute ere, Txillardegiren aurkako beto politikoak jarraitzen du era auhengarriz.

Dena den, Txillardegi aldarrikatzea ez da iraganeko figura bati omenaldi hutsa egitea. Bere pentsamenduak gaurkotasun osoa du oraindik, zera, hizkuntza gutxituen biziraupena, estandarizazioaren eta aniztasunaren arteko tentsioa, identitatearen eta askatasunaren arteko lotura… Gai horiek guztiak, berriki baieztatu denez, gaur egungo eztabaiden erdigunean daude. Txillardegik ez zituen erantzun errazak eman, baina galdera zuzenak planteatu zituen, eta horrek balio iraunkorra ematen dio bere lanari.

Azkenik, gogoratzea memoria ariketa politiko eta kulturala ere bada. Askotan, Txillardegiren ekarpenak isilaraziak edo bigunduak izan dira, deserosoak direlako edo diskurtso ofizialetan ondo sartzen ez direlako. Hori dela eta, Txillardegi gogoratzea justizia kontua ere bada, euskararen eta Euskal Herriaren aldeko borrokan egindako lana aitortzea, eta etorkizuneko belaunaldiei erreferente sendo eta kritiko bat eskaintzea.

Zoritxarrez, 2025ean, Jone Forkadak, haren bizitzan bidaide izan zenak, utzi gaitu Txillardegiren figura Donostian aitortuta ikusi gabe.

Txillardegi eta Jone gogoratzen jarraitzea, ordea, euskaraz eta Euskal Herriaz aritzea da, baita pentsamendu libre, zorrotz eta konprometitu baten beharra aldarrikatzea ere. Horregatik, ezinbestekoa da haien irudiak bizirik mantentzea, ez monumentu isil batean, baizik eta eztabaidan, irakurketan eta ekintzan.

Hori dela bide, aurtengo urtarrilaren hamaikan, ohi denez, Antiguako Txillardegi plazara gerturatuko gara bera hil zeneko hamalaugarren urteurrena gogoratzeko, bai eta Txillardegik non du liburutegia bertsoak abesteko ere. Hamaika ikusteko jaioak gara eta...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.