Iratzar fundazioko zuzendaria

Gezurrez jositako martxoaren 11 hura gogoan

Floren Aoiz
2024ko martxoaren 10a
05:00
Entzun

Ama lagundu nuen sendagilearekin zuen hitzordura goiz hartan, martxoak 11. Telefonoa sutan, berriak pilatzen ziren, hildako kopurua goraka, gelditu gaberik. Bisita bukatu orduko, hura aurrekaririk gabeko gertaera zen. Norbait errudun izendatzeko premia gero eta nabarmenagoa zen. ETAk zeuzkan puntu guziak, aurretik ezarritako markoen arabera. Jarduera antiterroristak terroristaren profila eraiki zuen, eta eraso horiek baieztatzen zuten, deskalifikazio zerrenda bukaezinetarako ate guziak irekiz. Gauzak horrela, oldarkortasun lehiaketa piztu zen eta inork ez zuen atzean gelditu nahi. Berdin zen ETAren arduraz baieztapenik ez izatea: ETAk izan behar zuen horren erantzulea, eta kitto; nor izanen zen, bestela?

Leporatze hori zalantzan jarri ez eta ezkerreko abertzale guziengan erori zen, segidan, zama. Zer esan behar genuen ETAren eraso kriminal horien aitzin? Izan ere, denok ginen atentatu horien egileak, «dena ETA da» logikaren baitan. Egiletza kolokan jartzen joan zen, alta, eta gauzak aldatu ziren. Arnaldo Otegik argiki esan zuen ETA ez zegoela erasoen atzean. Askok ez zuten halakorik entzun nahi, eta entzungor egin zuten, baina gezurra hausten ari zen, doi-doi bazen ere. Datu berriak ageri ziren, eta orduan, batzuek atzera egiten zuten bitartean, harriduraz ikusi genuen beste hainbatek aurrera segitzen zutela ETA seinalatuz.

ETA izatea komeni zitzaien, eta horri eutsi zioten, egia alde batera utzirik. PPkoek arrazoi handiak zituzten hautu hori egiteko. Batetik, aukerak eskaintzen zizkien estatuaren nazio-aniztasuna ukatu, ezker abertzalearen kontra urrats berriak egin eta birzentralizazio estrategia hauspotzeko, beste alderdiak bide horretatik urruntzeko aukerarik gabe utziz. Bestetik, AEB eta Britainia Handiarekiko aliantzaren ondorioen arduratik ihes egiteko balio zien. ETA bazen, ez zegoen Irakeko gerlaz lotzerik eta, beraz, PPk ez zuen ardurarik. Islamistak izanez gero, alta, panorama errotik aldatzen zen, eta ez zuten halakorik nahi. Ez bederen hauteskundeetatik hain gertu.

Izan ere, martxoaren 14an egitekoak ziren espainiar Kongresu eta Senaturako hauteskundeak eta PPk irabaztea espero zuen. Aznar eta Rajoyren arteko errelebo lasai gisa irudikatu zutena, gainbeheraren itxura hartzen ari zen ezustean, eta hori ez gertatzeko edozer egiteko prest zeuden. Gezurrak elikatzen segitu zuten, beraz, agerikoak izanik ere, azken unera arte.

Ezker abertzalea jomugan jarri zuten, eta batzuek joko horretan parte hartu zuten, ardura hori aitortu eta azalpenak eman ez dituztelarik, urteak pasatu badira ere. Giro hartan hil zuten polizia batek eta bere semeak Angel Berrueta Iruñeko Donibane auzoan. Halaber, Kontxi Santxiz hil zen Hernanin, ertzainen oldarraldi baten ondotik, bihotzekoak jota. Haraino iritsi zen piztu zuten gorrotoaren sua. Arduradun eta zuritzaileen aitorpenaren zain segitzen dugu, hogei urte beranduago.

Ez zen ETA izan. Eta gezurretan gotortu izanak espainiar gobernuaren galera ekarri zion PPri. Ustekabean, Rodriguez Zapatero bilakatu zen espainiar gobernuaren lehendakaria. PPren aurpegian gogotik jo zuen bumeran bihurtu zen ETAri ardura egokitzeko obsesioa.

Gertaera horien ondorioak ez ziren gobernu aldaketara mugatu. Orduan hasi zen egosten urte batzuetara M-15 izendatutako fenomenoan gorpuztu zena. 1978ko erregimenak zirkuitulabur gogorra izan zuen 2004ko martxoan, sinesgarritasun galera handia, PP eta PSOEren arteko konplizitateak astindu eta urratu zituena. 2008ko krisiak bizkortu zuen higadura hura, eta Euskal Herritik bultzatutako ziklo aldaketak ate berriak irekitzen lagundu zuen. M-15a ez ezik, Kataluniako prozesu subiranista ere kokatu behar dugu giro hartan, erregimenaren hutsune eta errestaurazio saioen artean.

Hogei urte iraganik, Madrilen hildakoak, Berrueta eta Santxiz gure gogoan beti, ezin ahantzi ordu eta egun gogor haiek. Gauzak asko aldatu dira ordudanik, baina bada segitzen duenik ere. Estatu sakona eta elite eskuindarrak edozer egiteko prest daude beren interesak inposatzeko, edozein gezur mota baliatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.