Izenak, berez, ez du izana gordetzen. Papera ez da nahikoa, nahiz eta paperak denari eusten dion. Busti arte. Halaxe gertatu da Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko Departamentuarekin. Izan ere, izenak gorde beharko lukeen izanari uko egin dio; besteak beste, 2023ko Gipuzkoako Herritarren Batzarrean, landa eremuarekiko eta klimarekiko landutako gomendioen artean, nekazaritza ekologikoa sustatzeko estrategia garatzeko eskatu baitzitzaion aldundiari.
Paper bustiak ezin izan dio eutsi erauntsiari, eta Gipuzkoan nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoan ari garenok eta horretarako asmoa dutenek mela-mela eginda bukatu dugu. Berdea bai, baina gure bueltako giroa.
Lurralde Oreka Berdeko Departamentuak, martxoaren 27an, Gipuzkoako Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zituen Lurralde Historiko horretan ingurumen konpromisoetarako, konpromiso klimatikoetarako eta beste kudeaketa konpromiso batzuetarako laguntzen oinarri arautzaileak eta 2025eko deialdia. Diputatuen Kontseiluak 2025eko martxoaren 18ko bileran konpromiso horiekin guztiekin hartutako erabakiaren berri ematen da bertan. Aldizkarian bertan irakur daiteke:
«Diru-laguntza horien xedea da Gipuzkoako nekazariei konpentsatzeko laguntzak ematea, helburu hauei begira:
Klima aldaketara egokitzen eta haren ondorioak arintzen laguntzea, eta, horretarako, berotegi efektuko gasen emisioak murriztea, karbono atzipena hobetzea eta energia jasangarria sustatzea.
Uraren, lurzoruaren, airearen eta, oro har, baliabide naturalen garapen jasangarria eta kudeaketa efizientea sustatzea, baita mendekotasun kimikoa murriztea ere.
Biodibertsitate galera geldiarazten eta lehengoratzen laguntzea, ekosistemekin lotutako zerbitzuak indartzea eta habitatak eta paisaiak kontserbatzea.
Europar Batasuneko nekazaritzak elikaduraren eta osasunaren arloko gizarte eskakizunei ematen dien erantzuna hobetzea, modu jasangarrian ekoitzitako kalitate oneko elikagai seguru eta nutritiboen eskaria barne, eta, horretaz gain, elikagai gutxiago alferrik galtzea, animalien ongizatea hobetzea eta mikrobioen aurkako gaiekiko erresistentziari aurre egitea».
Diruz lagun daitezkeen esparruak hauek dira: ekoizpen integratua (Eusko Label, adibidez), larreen sustapen eta kudeaketa jasangarria, biodibertsitaterako erlezaintza, nekazaritza ekologikoa eta baliabide genetikoen kontserbazioa (sagardotarako sagarrak eta bertako animalia arrazak).
Esparru guztietan zehazten dira helburuak, bete beharreko baldintzak eta abarrak. Baita lur azalera konprometituaren aldakortasuna ere. Horri dagokionez, lan arlo guztietan urtero handitu egin omen daiteke azalera, eta gehikuntza horiek dagoen aurrekontuaren arabera ordainduko direla dio testuak. Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio onuradunei diru-laguntza osoa ordaintzea. Zenbateko horretan sartuta daude LGRNF-FEADERetik ordaindu beharrekoa eta aldundiak berak finantzatu beharreko zatia.
Honaino dena ongi. Ezustekoa eta zaparrada, ordea, etorri zaizkigu nekazaritza ekologikoaren irizpideen arabera lanean gabiltzan baserritarrontzat eta ekologikoan hasi nahi dutenentzat. Landa Garapenaren bulegora lursailen deklarazioa egitera joandakoan izan dugu bigarren eranskinean jasota dagoenaren berri. Halaxe dio betekizunak eta onuradunak zehazten dituen atalak:
«Betekizunak eta onuradunak: Nekazaritza ustiategien titular diren pertsona fisiko eta juridikoek eskuratu ahal izango dituzte deialdi honetako laguntzak, baldin eta aurreko atalean aipatutako erabakiaren bidez onartutako bigarren oinarri arautzailean ezarritako baldintzak bete, eta aurreko urteetan konprometitu eta oraindik indarrean dauden konpromisoak badituzte (2023an eta 2024an hasitako konpromisoak). Kasu hauetan ez dira konprometituriko azalera ALU (animalia larrien unitatea) edo erlauntz kopuruen konpromisoak handitu ahal izango. Halaber, konpromiso berriak eskatzen dituzten eskaerak ez dira onartuko».
Puntu hori dela eta ukatu digute ekologikoan ari garen nekazarioi eta abeltzainoi konprometitutako azalera handitzeko diru-laguntza, baita lursail bati alta eman dion ekologikoan instalatu berri den baserritarrari.
Eta ekologikoan jarritako lurren konpromiso berriei zegozkien diruak nora joango dira? Zertan inbertituko ditu Lurralde Oreka Berdeko Departamentuak, traktore, pabiloi eta jezteko robot gehiago diruz laguntzeko?
Harrigarria baino harrigarriagoa da Gipuzkoako Foru Aldundiak ingurumen konpromiso berriekin lotutako diru-laguntzarik gabe uztea. Baita berak Herritarren Batzarkideekin hartutako konpromisoei muzin egitea ere —zertarako aritu ziren, bestela, herritar haiek lanean?—. Zaila baino zailagoa da ulertzea nekazaritza ekologikoan ari diren abeltzainak eta nekazariak diru-laguntza horiek gabe uztea, jakinda, gainera, idatzi honen hasieran aipatutako helburuak guztiz betetzen ditugula.
Are gehiago, nolatan jotzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak Europatik datozen zuzentarauen kontra? Non geratzen da Itun Berdearen muina den Baserritik Mahaira estrategia? Nola uler daiteke aldundiak diru-laguntzarik gabe uztea ekologikoan ziurtatzen diren lursail berriak, jakinda 2030erako, Europak agindu bezala, Euskadiko azaleraren %25ek ekologikoan egon behar duela eta egun %5 soilik dagoela ziurtatuta? Nola oztopatu daitezke modu horretan ekologikoan instalatzeko diren baserritarren proiektuak?
Zoritxarrez, ez da Gipuzkoako Foru Aldundiak eredu ekologikoa desoreka berde honetan blaitzen duen lehen aldia, eta are gehiago agroekologikoa. Izan ere, baserritarrok eta herritarrok, agroekologiaren lanketan eta sustapenean ari diren zenbait kontsumo eta nekazari elkarte eta kooperatibak Elikadura Jasangarria lerro nagusitzat duen aldundiaren Etorkizuna Eraikiz-Misioak programaren 2023ko eta 2024ko diru-laguntzetara aurkeztutako proiektuak baztertuak izan ziren. Onuradunak nortzuk izan ziren ikusita, argi geratu zitzaigun paperera mugatu behar dela elikaduraren jasangarritasuna, lurreratu gabe.
Gipuzkoako jendartearekin hartutako konpromisoak betetzen ari gara nekazari eta abeltzain ekologikoak, zintzo; oraingo Gipuzkoako jendearekin eta etorkizunekoarekin hartutakoak.
Horixe bera eskatuko diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari, maiatzaren 15ean, Baserritarron Egunean, 12:00etan, diputazioaren egoitzaren aurrean: herritarrekin eta Europarekin dituen konpromisoak betetzeaz gain, horretan eskuduntza duen departamendua izenaren jabe egin dadin, eta jasangarritasun berde orekatua lurreratu dezan.